Osasuna. Sexologia

Sexualitatearekiko jarrerak

2013ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Sexuari dagokion ia edozerk eztabaida, algara edota urduritasuna ekartzen du, gai horrekiko denok baititugu gure jarrera. Gure politically correct mundu honetan, ez baita izaten erraza esana eta izana bereiztea; argi dago esaten dugunak (eta ez dugunak) gure jarrera duela abiapuntu… nahi eta nahi ez. Esaten duguna nondik esaten dugun ez da kontu makala.

Jarrera kontzeptuari buruzko definizio asko daude, baina Allport-ena da gehien onartuetakoa: Esperientzia baten bitartez antolatzen den gogo mentalaren (eta neuralaren) egoera da. Egoera horrek, jarrera horrek, eragin zuzena edo zeharkakoa izango du pertsonarengan, haren erantzunetan.

Jarreraren osagaiak hiru dira:

Kognitiboa, gauza bati buruz daukagun ezagutza: informazioa, sinesmenak, eta pertzeptzioa.

Afektiboa eta balioztatzailea, horren gaineko balorazio positiboa edo negatiboa: gustukoa dugun, ona ala txarra den, eta errefusatzen dugun ala ez.

Jokabidezkoa eta konatiboa, zelango intentzioa daukagun zer edo zeren aurrean. Eta zelango jokabidea bideratuko dugun horren aurrean.

Definizio hori kontuan izanda, Amezua eta Foucarte sexologoek sexualitatearekiko jarrerak ulertzeko eredu bat ezarri zuten, hiru errefentetan oinarrituta. Eredu horrek hiru kategoria ditu, eta kategoria bakoitzak continuum batean dauden mutur biak azaltzen ditu:

1. Normatibitatea, arautzekoa: debekua eta baimena

Kategoria honetan sexualitatea arautzen duen edozer dago. Horren arabera, batzuen jarrerak debekuetan murgilduko dira; beste batzuenak, beste muturrean, permisibitatean.

Debeku-jarrerak hainbat arrazoitan oinarrituta daude:

Moralak edo erlijiosoak: sinesmen batzuetan oinarrituz, jokabide batzuk arautzea. Adibidez, kondoia erabiltzea.

Politikoak: adibidez, irizpide demografikoengatik, jokabide batzuk zigortzea; umeak izatea, esaterako.

Sanitarioak: normala eta normala ez dena arautuz, sexualitatearen aniztasuna ukatzea. Adibidez transexualitatea.

Jarrera permisiboak ere bere arrazoiak ditu:

Erreibindikazioa, araututa dagoenaren kontra egitea. Adibidez, emakumearen desioa adieraztea lehen ukatua egotea eta orain askea bezain esplizitua izatea.

Snobismoa eta progresia, momentuan zer edo zer esatea edo egitea cool-agoa delako. Homosexualitatea goraipatzea.

2. Konbatibitatea, borrokarakoa: erasoa eta defentsa

Kasu honetan arauak izan arren, osagai emozionala inportantea da, eta egoera eraldatzea da jomuga. Esku hartzeak intentzioa dauka. Erreferente honen bi muturrak, erasoa eta defentsa, bi arrazoi nagusietan eraikitzen dira:

Norberaren esperientzia pertsonala —eta gaiari lotutako guztia— orokorra bihurtzea. Adibidez, feminismoan murgiltzen diren emakumeen kontra egitea, emazteak aurre egin diolako.

Ideologia batekin bat egiteak kontra edo alde egotea dakar. Adibidez, abstinentzia praktikatzen dutenen kontra jotzea.

3. Konprensibitatea, ulertzekoa: enpatia eta lantze prozesua

Besteekin konparatuz, erreferente hau kualitatiboki desberdina da, eta eredu honen egileek multipolarra dela diote. Baloratu denarekiko jarrera enpatikoa, hurbiltze-jarrera,ulertze-jarrera, jabetze-jarrera… izango da.

Erreferentziak pertsonaren barnekoak dira, eta kanpoko aldagaiek testuinguru gisa balioko dute, dena delakoa hobeto ulertzeko. Abiapuntua, erreferentea, norberaren biografia da.

Sexualitatea moralizatua, debekatua, patologizatua, juzgatua izan da, eta oraindik erehala da. Aldiz, oso gutxitan ikertu eta ulertu izan da.

Sexualitatea ez da debekatu beharreko zerbait, ezta baimendu beharrekoa ere, lantzekoa baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.