Sexua, natural-natural

Sexumuxu, bideo joko batean oinarrituriko egitasmoa martxan jarri du EHUk; nerabeen artean sexualitatea natural egitea du xedeEuskal Herriko ikastetxeetako 15 eta 16 urte bitarteko ikasleentzat egin dute proiektua

Bikote harreman batean sexualitateari buruz hitz egitea ezinbestekoa dela dio Sexumuxu proiektuak. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2013ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Herriko ikastetxe guztiek lan egiteko beste webgune bat izango dute aurrerantzean: www.uhinbare.com. Hain zuzen ere, EHU unibertsitateak sexu heziketarako programaren garapenerako eraiki baitu webgune hori, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin elkarlanean. Sexumuxu izena du egitasmoak, eta teknologia berrietan oinarritutako bideo joko bat du abiapuntu. Halaxe aitortu du proiektuaren zuzendari Javier Gomezek: «Bideo jokoari esker, modu askotariko ariketak egin daitezke, beti ere sexu harremanei lotutakoak. Nerabeei laguntzea eta informazioa ematea da gure nahia, beti ere, modu ezberdinean». Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako ikasleentzat pentsaturik dago jokoa, eta hiru eremu nagusi ditu: ikasleentzat, irakasleentzat eta gurasoentzat.

Gomezen esanetan, Espainiako Gobernuaren Abortuaren Legearen zati batek zera dio: botere publikoak lan egitera derrigortuta daudela sexu heziketaren alde. «Jende askok ez du ezagutzen legearen zati hori, oso garrantzitsua bada ere. Errealitateari erreparatuz gero, inor gutxik erantzuten dio arau horri. Guk, zorionez, bai». Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak lehiaketa publikoa antolatu zuen, eta EHUren proiektua hautatu zuten. «Egiari zor, ez ziren proiektu asko aurkeztu. Onena gurea iruditu zitzaien, eta orain ikastetxeetan zabaltzea da erronka nagusia».

Zehazki, 15 eta 16 urte arteko ikasleei zuzenduko diete bideo jokoa. «Adin tarte estrategikoa dela uste dugu. Gutxi gorabehera, 18 urtez azpikoen erdiek edukitzen baitituzte harreman sexualak. Hori bai, batez bestekoa 16 urtean dago». Datuen arabera, orain bost urte 17 urtean zegoen batez bestekoa. Bideo jokoa erabiltzen duen orok bere ibilbidea egin beharko du Sexumuxun zehar, eta hamabi ariketatan parte hartuko du. «Ariketa interaktiboak dira, denetarikoak. Gauza asko ikasteko aukera eskainiko dugu». Gainera, irakasle bakoitzak nahi duen ariketa landu ahal izango du gelan, ariketa horiek ez baitaude elkarri lotuta.

Programa berritzailea izango da, Gomezen esanetan. «Sexu heziketa modu ezberdinean planteatzen dugu». Orain arte arriskuei buruz gehiegi hitz egin dela uste du, eta egoera hori aldatzen hasteko garaia dela: «Haurdunaldia, hiesa... Orain arte gai horiek jorratu izan dira gehienbat, baina gu arlo psikologikoan zentratuko gara». Alegia, sexu harreman bat edukitzeko garaia heltzen zaienean bezala sentituko dira nerabeak bideo jokoaren aurrean. «Horrela, benetako momentua iristean zer egin eta zer ez egin ikas dezaten nahi dugu. Egoera hori kudeatzeko gai izan daitezen. Ziur nago neskek presio dezente jasan behar izaten dutela askotan. Bizitasun handiko minutuak izan ohi dira, eta noraino irits daitezkeen jakitea ezinbestekoa da. Ezetz noiz esan behar duten aurrez ikasi behar dute».

Orain arte egindako bideari jarraipen bat emateko asmoa du Sexumuxuk, baina «modu aberasgarriagoan». Gomezen iritziz, hiesaren gaiak pisu ikaragarria izan du Euskal Herrian, eta preserbatiboaren erabileran ere erreparo handia jarri izan da. «Azken 30 urteetan oso gutxi egin dugu aurrera. Beti gauza berari bueltaka ari gara: haurdunaldiari, hiesari... Guk natural bihurtu nahi dugu gaia. Sexualitatea normal jorratu nahi dugu bizitzan, eta horretan asko lagunduko du bideo jokoak». Sexuari buruzko txisteak edota bromak egitea terapia aparta dela dio Gomezek: «Gaia gero eta naturalago egin, hobe. Sexuari buruz hitz egitea ere oso garrantzitsua dela pentsatzen dut».

Hitz egite horrek soilik, gainera, alde onak besterik ez dituela nabarmendu du Gomezek. «Sexualitateari natural-natural begiratzen dioten horiek izaten dira normalean arrisku gutxien hartzen dutenak». Haren arabera, pertsona ziurrak ez direnak okerrago moldatzen dira sexu harremanak edukitzeko garaian. «Pertsona horiek askoz gaitasun gutxiago daukate alboan dutena zaintzeko, eta euren burua zaintzeko ere bai. Askoz irrikatsuagoak izan ohi dira erlazio horiek, eta beraz, arriskutsuagoak». Orain arte eman diren aholkuak alde batera utzi gabe, bide berriak irekitzeko garaia dela dio Gomezek. «Preserbatiboaren erabilera eta abar garrantzitsua dela gogorarazi behar diegu nerabeei, baina sekretua gaia natural-natural hartzea da». Gurasoen zeregina garrantzi handikoa dela uste du.

Mundu osoko saria

Aurrerantzean, Sexumuxu proiektua ikastetxe denetan garatu ahal izango da. «Bideo jokoak pisu handia hartzen du Interneten; horregatik, arazoak sor daitezke gela bat baino gehiagotan». Arazo horri aurrea hartzeko, DVD formatuan ere proiektua argitaratuko dutela aurreratu du Gomezek. Euskaraz zein gazteleraz erabili ahal izango da. «Nafarroako zein Ipar Euskal Herriko ikastetxeek ere ez dute arazorik izango gaia tratatzeko, proiektua ez baitu Eusko Jaurlaritzak sortu».

Bideo jokoa argitara irten baino lehen, baina, sari bat jasoko du larunbatean bertan. Izan ere, Sexu Osasunerako Mundu Elkartearen saria jasoko du Gomezek Brasilen. «Ohore hutsa izango da». Proiektuaren originaltasuna baloratu dute gehienbat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.