BERRIA egunkariak, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearekin elkarlanean, Komunikazioko gradu amaierako lanen III. BERRIA saria banatu zuen joan den astean. Martxel Larraza Indaburuk (Etxalar, Nafarroa, 2000) jaso zuen saria, Xerka fotokazetaritza lanari esker; LGTBI komunitateak bizi duen erbesteratze prozesu isilari buruzko lana da. Euskal Herriko landa eremuko bost pertsonaren testigantzak eta argazkiak bildu ditu lanean, eta paisaia eta protagonistak nahasten dira orrietan. Garazi Karrera Lopetegiren Aldageletan izeneko podcastak, berriz, BERRIAren aipamen berezia jaso du.
Arrotza da landa eremua LGTBI kolektiboko pertsonentzat?
Askorentzat baietz uste dut. Askok ezin dute komunitatea sortu, eroso bizi ahal badira ere. Beraz, alde horretatik, arrotza izan daiteke pertsona askorentzat.
Sexilioa. Zergatik erabaki zenuen gai hori jorratzea?
Banituen gai posible batzuk, eta argi neukan gizartean presente dagoen baina asko ikertu ez den gai bat jorratu nahi nuela. Sexilioaren gaia [heteroarauaren presiotik ihes egiteko sorterritik alde egitea] ez da asko landu izan, eta nik ere podcast batean entzun nuen lehenbizi hitz hori. Ikertzen hasi, eta inguruko jendearekin solasean konturatu nintzen gertu neukan errealitate bat zela. Jakin-min horretatik sortu zen guztia.
Iker Etxarte, Itziar Aizpurua, Markel Galdeano… laneko protagonista bakoitzak bere istorioa kontatzen du; argi-ilunak dituzten esperientziak dira. Nolako hartu-emana izan duzu laneko protagonistekin?
Denbora mugatua neukanez, bost testigantza bakarrik aukeratu nituen. Aldi berean, plurala eta askotarikoa izatea nahi nuen, komunitateko siglak ordezkatzen zituzten pertsonak izatea. Pertsona transexual bat lortzea izan zen zailena, baina argi neukan haren testigantza beharrezkoa zela. Adin tarte zabala da, 19-58 urte artekoa, eta hori ere bazen garrantzitsua niretzat.
Lurraldetasunean ere igar daiteke aniztasuna.
Zalantzarik gabe, horrekin ere pozik nago. Zaila da komunitatearen isla den zerbait sortzea, baina hori, behintzat, lortu dut.
Zeinen soslaiak hunkitu zaitu gehien?
Itziarrenak, ziurrenik, helduena delako. Ezkondu egin zen, ama izan zen, eta gero konturatu zen lesbiana zela. Istorio gogorra da, baina hunkigarria. Dena den, istorio guztiak gustatu zaizkit pila bat. Bakoitzak bere ikuspegia eman dit.
Beraz, lanean aipatzen duzun bezala, argi dago ez dagoela Euskal Herri bakar bat?
Lan honek balio izan dit ikusteko LGTBI kolektibokoak ez daudela hirietan bakarrik. Bai, asko hirietara joan dira, beharra izan dutelako, baina beste asko herrian daude eroso. Sexilioabizitzeko modu ezberdinak daude, eta herrietan ere ahal da: mezu positibo bat transmititu nahi nuen. Aukera guztiak dira onargarriak, baina herrietan LGTBI kolektiboko kideak bizi ezin direlako mitoa amaitu nahi nuen.
Estetika ere zaindu duzu lanean, argazkien eta diseinuaren kalitatearekin.
Banekien ikus-entzunezko lan bat egin nahi nuela, eta, azkenean, lortu dut argazkigintza eta landu nahi nuen gaia uztartzea. Paisaia eta erretratua lotu ditut: testigantza eta lurraldearen arteko harremana indartu nahi nuen. Protagonistak herrian pairatzen duen egoera gogorra bada, hala islatu dut argazkietan; lasai eta zoriontsu bazegoen, ezberdin irudikatu dut paisaia. Testuarekin, argiarekin, fokuratzearekin... horrelako gauzekin jolas egin dut lanean.
BERRIAk estimatu du zure lana. Espero al zenuen saria?
Egia da hain bisuala izanda ez nuela saria espero, baina oso pozik nago.
Lanak ematen du erakusketa edo liburu gisa aurkezteko aukera. Horri buruz pentsatu duzu zerbait?
Jende askok zoriondu nau azken egunotan, eta piztu dit lana publikatzeko gogoa. Ez dakit formatua zein izan daitekeen, baina, agian, egingo dut. Beti aldarrikatu dut lan publikoa izan behar dela, ez dela armairu batean gordetzekoa. Planteatzen ari naiz.
LOTSABAKO
Zein lanetan inspiratu zara?
Dom Campistronen Bekatorosak ilustrazio liburuan.Falta izan zaizun testigantzaren bat?
Gehiago izatea gustatuko litzaidake, baina ez daukat inor buruan.