Osasuna. Sexologia

'Sex surrogate'

2012ko The Sessions pelikulako irudi bat. BERRIA.
2014ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
San Frantziskon (Kalifornia, AEB) 1992an sexologia munduan murgilduta nengoen, ikasten, lanean eta batez ere bizitzen. Han nengoela, sex surrogate berba entzun nuen lehen aldiz. Ez nekien zer zen; ez nuen ulertzen… Pentsatu nuen hizkuntzarengatik zela, baina ez zen hori soilik. Kontzeptua bera ez nuen ezagutzen, zelan ulertu orduan. Han nengoela, sexologia ikastarobatzuk jorratzen, ondo baino hobeto ikasi nuen zer zen.

1998an, Sexologia Profesionalen Espainiako Elkarteko (AEPS) kideok sexologia kongresu bat antolatu genuen Bilbon. Han, sexualitatearen bizipenei buruzko hitzaldi batean, Suitzan zegoen esperientzia bat ekarri zuen hizlariak. Azaldu zuen zein zen sexual assistant baten papera dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizitzan.

2000tik aurrera, ArgentinakoSilvina Peiranok landu zuen buru-belarri sexualitatea eta dibertsitate funtzionala, sex assistant eredua landu arte. Bartzelonan talde bat sortu du. 2012an, The Sessions pelikulak aspaldiko kontu bat gure etxera ekarri zuen. 22 urte pasatu dira lehen aldiz entzun nuenetik berba hori.

1970ean, Masters eta Jonhson sexologo bikoteak euren Human Sexual Inadequacy liburuan (Desegokitasun sexuala) azaldu zuten sex surrogate-aren papera. Beraz, ez zen harritzekoa izan IPSA (International Professional Surrogates Association) 1973an sortzea.

Baina zer da sex surrogate bat?Andrea edo gizona izan daiteke. Surrogate-a sexuen terapiaren taldeko kide bat da. Taldean daude bezeroa(k), terapia prozesua gainbegiratzen duen sexologoa eta surrogate-a. Surrogate-ak terapeuten agindupean bezeroarekin (edo bezeroekin) lan egiten du; azkenean, bezeroak daukan helburua lortzen laguntzea da haren eginkizuna. Saio horietan, bezeroak eta surrogate-ak bezeroaren sexualitatea eta erotika ditu eremu. Euren harremana oso modu intimoan jorratzen dute. Intimoan, beste modurik ez dagoelako; alde batetik, sexualitatearen bizipenei heltzeko ezinbesteko intimitatea lortu behar delako, eta, bestetik, erotika hori gorpuztu egiten delako, eta gorputza delako lan egiteko tresna eta helburua.

Eta sex assistant bat? Gauza bera da. Europan, baina, hitz horrek indar gehiago hartu izan du,batez ere, sex assistant-en funtzioa dibertsitate funtzionalarekin bizi diren andre eta gizonei begira hartu delako. The Sessions pelikula ere ildo horretatik doa. Beharbada, gure mendebaldeko mundu honetan errazagoa da onartzea horrelako lanak «bestelako irtenbiderik ez dutenentzat» direla.

Egun, Europan, bakarrik Suitzan da legezkoa. Alemanian, Danimarkan, Herbehereetan eta Austrian legezkoa ez bada ere, diru publikoaren laguntzak badaude horri lotutako hainbat egitasmo aurrera ateratzeko.

Euskal Herrian legalki zatituta gaudenez, egoera bi daude: Iparraldean ez da legezkoa, baina oraindik eztabaida sutsua da; Hego Euskal Herrian ez da legezkoa. Katalunian, aspalditik elkarte bi daude dibertsitate funtzionalari begira (Sex Assistant eta Anssyd); oso lan ausarta eta egonkorra egiten dute.

Legezkoa ez denak zirrikitu asko topatzen ditu bidea beste modu batean egiteko.

Orain arte andreen zein gizonen sexualitate eta erotikaren bizipenetan laguntzen ibili izan garenok (elkarteak, profesionalak, familiak edo norbanakoak) ikusi dugu jendeak lagunen artean, Interneten eta prostituzio munduan topatu izan duela bidea sexualitatearen bizipenari aurre egiteko: zelan jarri harremanetan emakume edota gizonekin (sedukzio prozesuan) lotsa eta beldurra kudeatzeko, eszitazio eta orgasmo arazoak bideratzeko, azalaren sentsazioak berriz ikasteko, gorputzaren gorabeherak azaleratzeko…

Askotan gertatzen den moduan, edozer legezkoa eta profesionala izan arte denbora nahikotxo igarotzen da, baina norbere arazoei aurre egiteko denbora hori beti da luzeegi; beraz, bestelako modu batean aurkitu behar. Baina, beharbada, bada garaia gure tabuei aurre egiteko eta bestelako begirada zabalago bat izateko.

Bitartean, euskarazko izen egokia bilatzen gabiltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.