Donostiako Easo plaza sormen leku bihurtu zen atzo. Lainopean baina ateri, tenperatura goxoaren laguntzaz, ipinitako aulkirik gehienak bete zituzten bertso saioa entzutera joan ziren 200 lagundik gorako bertsozaleek. Unai Agirre, Maialen Lujanbio, Unai Gaztelumendi eta Alaia Martin izan dira kioskora kantura igo direnak. Gai jartzaile lanetan, berriz, Imanol Artola Felix aritu da.
Bertsolariek ikusleari keinu eginez kantatu zuten hasierako agurra. Agirrek, esaterako, oholtzatik ikusi zuen publiko pluralari kantatu zion: «Egun on danoi, zahar eta gazte/ berdin dio noiz jayuak».
Gazte horietako bat zen Iker Azpeitia (Urretxu, 1995). Uda Donostian pasatu ohi du, eta ez zuen zalantzarik izan saioa entzutera agertzeko: «Txikitatik datorkit bertsozaletasuna. Bertso eskolan aritu nintzen, eta, ordutik, nire bizitzaren parte da. Kantuan egongo zen laukotea ikusita, ez nuen zalantzarik egin».
Artolak lanean jarri zituen ondoren bertsolariak. Aurkezleak saio «originala» izango zela esan bazuen ere, prestatu zituen gaien artean denerako tartea egon zen. Laurak hasi ziren kantuan, eta, bi itzulitan, beraiei festak dakarkienlanari buruz kantatu zuten aurrena; eta libratzen dutenean, oporrak nola bizi dituzten ondoren. Bigarren itzulian, Lujanbiok publikoari barre eginarazi zion bere opor garaiari buruz zer espero duen kontatzean. Udan dituen saio mordoen ostean, bere opor garaia iristean guztiz deskonektatu nahiko luke Lujanbiok: «Ea hizketan asmatzen dedan/ neurtu ta errimatu gabe».
Hausnartzeko gaiak ere egon ziren. Martinek eta Gaztelumendik, esaterako, piratek ordaindu dituzten tasen inguruan kantatu zuten. Bi piraten rolean jarri zituen Artolak. Martinek Zarauzko Azken Portuko jaietan gertatutakoarekin lotu zuen: «Donostin ere gerta liteke/ Zarautzen gertatu zena». Gaztelumendik hurrengo bertsoan erantzun zion Martini: «Baina zuk beitu Flamenka aldera/ a ze giro mundiala/ guk benetako sua daukagu/ haiek artifiziala».
Gaur egun pil-pilean dauden gaiak ere agertu ziren, turistifikazioa, esaterako. Hala ere, gai serioak umorez tratatzen ere jakin zuten bertsolariek, eta behin baino gehiagotan Donostiarekiko dauden topikoetara jo zuten jendea barrez jartzeko.
Bukaerako agurrean, ordea, Lujanbiok donostiarrei benetako izaera manten dezaten eskatu zien, ez zedila turistei erakusteko azaleko nortasunean geratu: «Honek [Donostiak] hizkuntza badu/ ta izan dezala».
Saioaren ostean, pozik zegoen Azpeitia entzundakoarekin: «Unai sendo ikusi dut, Maialen eta Gaztelumendi bixi, eta Alaiak ideia originalak utzi ditu».
Bertsozalearen hurrengo zita bihar izango da, Easo plazan bertan, 12:30ean. Kantuan Jon Maia, Agin Laburu, Oihana Iguaran eta Asier Azpiroz Azpi arituko dira.
Donostiako Aste Nagusia
Serio eta umorez, euskararekin jolasten
Donostiako Easo plazan bertsotan aritu dira Unai Agirre, Maialen Lujanbio, Unai Gaztelumendi eta Alaia Martin. Besteak beste, jai ereduez edo Donostiako topikoez aritu dira, ordu eta erdiko saioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu