Serendipia ustekabean edo kasualitatez gertatzen den aurkikuntza baliotsuari deritzo. Serendipiaren adibide tipikoa penizilinaren aurkikuntza da. Istorioak dio Fleming bakteriologoak Staphylococcus aureus bakterio patogenoen kultibo bat laborategian utzi eta 1928ko udan oporretan joan zela. Oporretatik bueltan, bere kultiboa onddo batez kutsatuta zegoela ikusi zuen. Hori arretaz aztertzean konturatu zen onddoaren inguruan ez zirela bakterioak hazi. Flemingek onddoari Penicillium notatum izena eman zion, eta hark jariatutako substantziari penizilina. Jende gutxik dakiena da Flemingek penizilinaren ikerketa alde batera utzi zuela, oso substantzia ezegonkorra izanik, klinikan inolako aplikaziorik edukiko ez zuela pentsatu zuelako.
Handik hamar urtera, Howard Florey patologo australiarrak eta Ernst Chain biokimikari judu-alemaniarrak osatutako Oxfordeko Unibertsitateko talde batek penizilinaren ikerketari berriro ekin zioten, oso diru gutxirekin gainera (onddo eta bakterioen arteko lehia interes handirik gabeko oinarrizko ikerketa omen zen). Esperimentu garrantzitsuena 1940an egin zuten: berrogeita hamar sagu estreptokoko bakterioekin infektatu zituzten eta hogeita bosti penizilina eman zieten. Egun gutxiren buruan, antibiotikoz tratatutako saguak osasuntsu zeuden bitartean, tratatu ez zituztenak hil ziren. Penizilina gizakian frogatzeko unea heldu zen.
Urte horretan bertan, Oxfordeko polizia batek, Albert Alexander deitutakoak, bere lorategian lanean ari zela, arrosa zuhaixka batekin aurpegia urratu zuen, eta infekzio larri bat garatu zuen. Florey eta Chain polizia penizilinarekin tratatzen hasi ziren. Bost egunen buruan Alexander hobetzen hasi zen, baina penizilina bukatu zitzaien eta, tamalez, pazientea hil zen.
Izan ere, penizilina purifikatzea ez zen lan makala. Prozesuan Normal Heatley biokimikari ingelesak lagundu zuen, onddoetan aditua. Antibiotikoa hazteko metalezko galleta kaxak, gasolio latak eta ospitaletako gaixoek erabiltzen dituzten metal esmaltatuzko oheko gauontziak baliatu zituzten. Baina ekoizpena oraindik ez zen nahikoa, eta industria farmazeutiko britaniarrak gerraren erdian zeukan interes eskasaren aurrean, Florey eta Heatley AEBetara abiatu ziren kolaboratzaile bila.
AEBetako Gobernuak penizilinaren inguruko ikerketa programa bat jarri zuen martxan, hartzidura tekniketan esperientzia zuen Illinoiseko whiski lantegi zahar batean. Flemingen Penicillium notatum onddoaren errendimendua oso baxua zen, eta Mary Hunt laborategi laguntzaileak meloi usteldu batean hazitako Penicillium chrysogenum onddoa askoz ere eraginkorragoa suertatu zen. Hala ere, espezie hori X izpiekin hobetu beharra zegoen, eta lan horretan oso gutxitan izendatzen den Dorothy Crowfoot Hodgkin biokimikariaren lana gakoa izan zen. Hark deskribatutako penizilinaren egiturak eskala handiko ekoizpena ahalbidetu zuten, besteak beste, Pfizer enpresa farmazeutikoaren eskutik.
Antibiotikoak Bigarren Mundu Gerraren amaieran infekzioen aurkako soldadu aliatuen arma indartsu bilakatu ziren, eta 1940ko hamarkadaren erdialdera farmazietan saltzen hasi ziren. Gaur egun arte milioika bizitza salbatu dituzten konposatuak dira. Flemingen aurkikuntza edo «serendipia», beraz, antibiotikoen istorioaren hasiera besterik ez zen izan, eta euren arrakasta Florey, Chain, Heatley, Hunt, eta Crowfoot bezalako beste ikertzaile askori ere zor diegu.
ARGI ALDIAN
Serendipia eta penizilina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu