Telesailak

Serbiako Estatuaren zirrikituetan

2003an Zoran Dindic Serbiako lehen ministroa hil zuten. Hilketa horren testuingurua eta ondorioak aztertzen dituen telesail laburra da ‘Sablja’. Hilketa argitzeko egindako polizia operazio polemikoak ditu ardatz thriller politiko horrek.

'Sablja' telesailaren fotograma bat. FILMIN
'Sablja' telesailaren fotograma bat. FILMIN
gaizka izagirre
2025eko urtarrilaren 11
05:00
Entzun

Zoran Dindic Serbiako lehen ministroa izan zen 2001etik 2003an erail zuten arte. Behin-behineko gobernuak larrialdi egoera ezarri ostean, Sabre operazioa deiturikoak gertakariak argitu nahi izan zituen, eta herrialdeko krimen antolatuaren jardueretan murgildu zen. Baina zenbait talde politikok eta Human Rights Watch-ek, Amnesty International-ek eta halako erakunde askok giza eskubideen aurkako gehiegikeria basatiak salatu zituzten: operazio horren aitzakiarekin, 11.600 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten.

Testuinguru asaldagarri horretan idatzi dute Sablja lanaren gidoia, eta atentatuaren aurreko eta ondorengo bi denbora lerrotan garatu dute magnizidioaren kontaketa nagusia: lehen zatiak hilketaren arrazoiak jakiteko aukera ematen dio ikusleari; bigarrenak, berriz, horren ondorioak jakitekoa.

Vladimir Tagic eta Goran Stankovic dira telesailaren sortzaile eta zuzendariak, eta zortzi kapitulutan eta hiru azpiataletan landu dute istorioa; haietako batek Danicaren (Milica Gojkovic) istorioa azalduko du, kasua ikertzen ari den kazetari gazte eta anbiziotsurearena. Egia bilatzeak estatuaren aparatu ustelaren alderik sakonenera eramango du. Ikerketaren buru Boris polizia inspektorearen (Ljubomir Bandovic) laguntza izango du.

Beste aldean, Uros (Lazar Tasic) aurkeztuko dute: garrantzi txikiko kriminal bat, Dindicen hiltzailea eraman zuen ibilgailua gidatzeaz arduratuko dena. Tartean dabil Serbiako mafia politikariekin eta eragin handiko beste pertsona batzuekin lotzen duen konspirazio batean. Lehen ministroaren rola Dragan Micanovic aktore serbiar ezagunak jokatuko du, Hollywoodeko hainbat filmetan azaldu den aktoreak.

Istorioa pantailaratzeko orduan, zuzendaritza soil eta minimalista baten aldeko hautua egin dute bisualki. Soiltasun horretan, 70eko hamarkadako Europako zinema politikoko klasikoen oihartzunak ageri dira: Costa-Gavrasen Z eta Francesco Rosiren Il caso Mattei, besteak beste. Narratiban gordintasun eta benetakotasun sentsazioa indartzen duten tonu hotzek eta argiztapen naturalistak markatzen dute argazkilaritza lana. Ez dago gehiegikeria estilistikorik, ezta apaindura bisualik ere. Forma aldetik arrunta, soila eta klasikoa da. Egiazkotasunaren alde, albo batera utzi dituzte handikeria artistikoak.

Gertaera historikoen kontakizun soil bat izateaz gainera, botereari, justiziari eta egiaren bilaketari buruzko gogoeta bat da Sablja. Lehen ministroaren hilketaren inguruko istorioa du oinarri, baina aldaezina den sistema bati buruzko erradiografia ere bada, edozer aldatzen saiatzen den edonor bihurtzen baita mehatxu sistema horretan.

Canneseries jaialdian saritua

Cannesko Serieen Nazioarteko Jaialdia, Canneseries izen laburtua duena, lehiaketa ezaguna da, urtero Cannesen egina (Frantzia), eta mundu osoko telesailak erakustea eta sustatzea du helburu. Sei egunez, nazioarteko izarrak, gidoilariak eta telesailen munduko profesionalak biltzen dira bertan. Jaialdiak hainbat atal ditu: formatu laburreko lehiaketa, dokumental serieen lehiaketa eta lehiaketa ofiziala, besteak beste. Azken horretan, Sabljatelesaileko aktore guztiei eman zieteninterpretazioaren sari berezia.

fitxa

  • Sortzaileak. Goran Stankovic eta Vladimir Tagic. 
  • Herrialdea. Serbia.
  • Aktoreak. Dragan Micanovic, Milica Gojkovic, Ljubomir Bandovic, Lazar Tasic eta Jasmin Geljo.
  • Urtea. 2024.
  • Non ikusi. Filmin.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
  • Generoa. Thriller politikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.