MAITE DITUT MAITE. Iñigo Etxezarreta. Musikaria

«Sentsazio arraroa izan nuen turistak ikusi nituenean Aiztogilen»

Gasteizko Aiztogile kalea herritar ugari batzen den tokia da. Hala ere, Etxezarretak uste du hiria geroz eta ezagunagoa dela, eta toki batzuek «xarma eta giro lokala» gal dezaketela turistak etorrita.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarra
Gasteiz
2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Iñigo Etxezarreta (Gasteiz, 1988) En Tol Sarmiento taldeko musikariak gaztetatik orduak pasatu ditu Gasteizko Aiztogile kalean. Haren arabera, bertan dagoen mugimenduak euskal musikagintzan eragin dezake. Aitortu du ez duela sekula kontzerturik eman bertan, baina giroa ongi ezagutzen duela.

Zergatik duzu gogoko Aiztogile kalea?

Gasteizko kalerik esanguratsuenetariko bat da. Gazte nintzenetik gaur arte hainbat aldiz egon naiz leku horretan, eta uste dut gasteiztar asko batzen gaituen kalea ere badela. Berrogei taberna inguru ditu, eta, batzuetan, hainbeste kostatzen zaigun sozializaziorako ere onuragarria da.

Zer du berezi gainontzeko tokiek ez dutena?

Eguneko eta gaueko planak ongi batzen dituen kale bat da. Plurala ere bada, eta geroz eta Multikulturalagoa. Hala ere, aitortu behar dut Aiztogile kalean turistak ikusi nituenean sentsazio arraroa izan nuela. Gasteiz geroz eta hiri ezagunagoa eta irekiagoa da, eta gustuko dut, baina gune batzuen xarma eta giro lokala galdu egin daiteke. Sentsazio gazi-gozoa daukat alde horretatik.

Lotuko al zenuke kalea zure jardunarekin, musikarekin?

Lehen, asko gustatzen zitzaidan rock musika jartzen zuten bertako tabernetan, eta kaleak hori ere eskaini dit. Egun denetariko tabernak daude. Are, esango nuke ETS En Tol Sarmientoren abestiak ere Aiztogileko tabernetan entzun zirela beste taberna batzuetan baino lehenago. Nire ustez, Gasteizko Alde Zaharrean dagoen mugimendua eta bertako tabernariek duten giroa musika euskaldunarentzat oso onuragarria da. Eskertuta nago horrelako gauzengatik.

Non entzuten ziren zuen lehen abestiak?

Musikaren doinua abestiarekin batera, 2012an egin zen ezagunagoa taldea. Aiztogileko taberna batzuetan hasi ziren abestiak jartzen: hala nola Hala Bedi, Zazpi eta Txapelarri ostatuetan.

Zein izaten zen zure erreakzioa zuen kanta bat entzutean?

Han ez banengoen, sentsazioa ona izaten zen, baina egia da han egonez gero pixka bat lotsatzen nintzela. Gainera, normalean lagunekin batera nengoenean jartzen zituzten abestiak, tabernetan sartuta, eta begira, oihuka eta txoroarena egiten hasten ziren. Horri gehitu behar zaio parrandan ibiltzen ginela.

Urteekin egoera aldatu da?

Orain, naturaltasun handiagoz hartzen dut, normaltasunez, baina ez da erraza izaten erabat eroso egotea. Hala ere, alboan dagoenaren jarrerak ere eragina du; ez da gauza bera adarra jotzea eta tontoarena egitea, edo lasaiago egotea.

Eman al duzu kontzerturik sekula Aiztogile kalean?

Ez nago ziur, baina uste dut Aiztogilen ez dugula inoiz kontzerturik eman. Gasteizko beste taberna batzuetan egon gara, baina kale honetan ez. Gogoratzen dut behin ia-ia Erdizka tabernan jotzekotan egon ginela, eta Parralen ere bagenuen zerbait egiteko asmoa, baina ezerezean gelditu ziren. Dena dela, bertan eskaintzen den kultura kontsumitzen dut. Esate baterako, Parral tabernak asteartero kontzertuak eskaintzen ditu, eta askotan egon izan naiz. Berdin Hala Bedi tabernak antolatu dituen ekitaldietan ere. Aitortu behar dut lekua pixka bat ezagutzen dudala.

Kalearen goialdean, berriz, gaztetxea dago. Garrantzitsua izan da zuretzako.

ETS taldearekin hasi nintzen aldi berean, Gasteizko beste talde batekin ere aritu nintzen. Gedar zuen taldeak izena. Gaztetxean entseatzen genuen; lehen bertan zegoen liburutegi zaharra utzi ziguten horretarako, eta, gainera, instrumentuak ere bazeuden. Gedar taldearekin, beraz, nire lehen entseatzeko lokala gaztetxea izan zen. Kontzertuei dagokienez, bi taldeekin eskaini ditut emanaldiak bertan, eta ongi gogoratzen ditut, oroitzapen politekin. Gaztetxeak beti izan du elkartasun puntua, eta pertsonalki asko lagundu nau; musikaz gozatzeko ez ezik, musika egiteko aukera ere eskaini didan espazioa izan da.

Halako espazioak lagungarriak al dira talde berrientzako?

Hauspoak izan daitezke, noski. Gaztetxeek eta antzerako mugimenduek lagundu dezakete bide horretan, eta uste dut funtzio hori bete dezaketela, erakusleiho bat izateaz harago. Bultzatu egin behar dira.

Egun nola ikusten duzu talde hasiberrien egoera?

Zailtasunak zailtasun, kulturan gauden guztiok aurrera egiten jarraitzen dugu, baina uste dut abanikoa zabaldu egin dela, eta orain estilo desberdinetako musikari asko ari direla sortzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.