Barry Manley

«Sentitzen dut, baina ez duzue euskal umorerik»

Aspaldian euskarazko bakarrizketak egiten dihardu Barry Manley irlandarrak Euskal Herri osoan zehar; baina, hori bai, euskaraz bikain mintzatu arren, oraindik bere-berea du irlandar azentua.

2012ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Haginlariarenetik zuzenean iritsi da Barry Manley (Cork, Irlanda, 1961) elkarrizketara, eta, hortz bat kendu dioten arren, irribarretsu ageri da. Azken finean, garrantzitsua al da hortz bat gehiago edo gutxiago? Irlandarrarentzat ez, dirudienez; izan ere, bizitza umorez hartzen saiatzen da, eta barre egiten du horrelako egoeretan. Azkenaldi honetan euskaraz egiten dituen bakarrizketen inguruan mintzatu da umoretsu.

Nolatan egiten ditu irlandar batek bakarrizketak euskaraz?

Luzea da kontua! Baina, labur esanda, duela urte batzuk liburu bat idazteko ideia bururatu zitzaidan, eta bakarrizketari baten heriotzaren inguruko zerbait zen. Jakin nahi izan nuen zer sentitzen zuen bakarrizketari batek.

Eta zer sentitzen du?

Oso sentsazio ona! Nik probatu nuenean, berez, hamar minutuz hitz egin behar nuen, eta ordubete iraun zuen nire lehen bakarrizketak! Ikusleekin izaten den zuzeneko harreman hori izugarria izaten da, hasten zaren momentutik haien jarrera nabaritzen da, nola begiratzen dizuten, zer espero duten...

Nola begiratzen dizute, bada?

Begiak irekita! Kar-kar-kar! Ez, normalean badakizu jendeari gustatzen ari zaion edo ez, baina ez beti... Gogoratzen naiz, behin, Azpeitian bakarrizketa bat egiten ari nintzen bitartean jendea isil-isilik zegoela, geldi-geldirik eta barrerik egin gabe. Eta, ni, nire baitan: ai... Baina, gero, saioa bukatutakoan, txalo zaparrada jaso nuen.

Eta norbaiti egiten duzuna gustatzen ez bazaio?

Hor konpon! Kar-kar-kar! Zentzu onean diot; izan ere, hori edozeini gerta dakioke...

Zer da umorea zuretzat?

Umorea? Ez dakit, nik dakidana da niri barre egitea izugarri gustatzen zaidala, eta umorea izatea behar-beharrezkoa dela.

Euskaldunak umoretsuak al gara?

Bai, baina askotan galdetzen didate ea zer moduzkoa den euskal umorea. Eta, sentitzen dut, baina ez duzue euskal umorerik. Umorea unibertsala da, ona edo txarra izan daiteke, baina ez da inongoa, ez da leku batekoa edo bestekoa. Orduan, nire galdera da: zu joango zinateke ikustera umorista bat euskalduna delako? Edo ona delako? Bada, horixe. Euskal umorea, umore berezi gisa, ez da existitzen.

Hori esanda, norbait tristetu egingo da...

Bai, kontua da zer gustatzen zaigun. Zuek, baserritarrei, Patxiri edo nik zer dakit zeri buruzko txisteak dituzue, baina hori zuen kontua da, ni ez naiz hemengoa. Azken finean, nik hurbilago dauzkat umorista irlandarrak... Zuri zerk egiten dizu grazia?

Zure euskal azentu bereziak, adibidez...

Hori da nire bereizgarria...

Tira, lehen galdetu dizut, baina ez didazu erantzun. Nolatan erabaki zenuen bakarrizketak euskaraz egitea?

Gauza naturala izan zen... Hasiera batean, gaztelania ikasi nuen, eta gerora hasi nintzen euskararekin; baina aspalditik neukan gogoa euskara ikasteko, sakontzeko... Eta pixka bat hortik hasi zen, integrazioaren bidetik, gero emanaldiena sortu zen...

Bakarrizketak bakarrizketa, txiste pila bat jakingo duzu. Kontatu bat.

Txisteek aspertu egiten naute. Jendeak pentsatzen du txisteetan oinarritzen direla bakarrizketak, baina ez da hori bakarrik. Nik duela hiru bat aste Ander Lipus ikusi nuen, eta,haren ikuskizunean txiste bakar bat egon ez arren, barrez lehertzen aritu nintzen!

Tematuko banintzaizu...

Ez. Gainera, hemen gauza bat gertatzen da: txisteak erdaraz kontatzen ditugu! Interesgarria litzateke hori zergatik gertatzen den aztertzea... Hain zuzen, gai hori landuaz Beñat Gaztelumendirekin testu txiki bat landu nuen. Badirudi euskaldunok arazoren bat dugula euskal txisteekin. Batzuetan zera pentsatzen dut: zergatik gara gu euskaldun? Txisteak erdaraz kontatzen ditugulako!

Gaiz alda dezagun eta goazen gaur-gaurko zure gaira. Hortza kendu, eta zartako galanta eman dizute. Zure hurrengo bakarrizketaren gaia haginlarien prezioaren ingurukoa izango da?

4.000 euro hortz batengatik! Zer iruditzen? Tristetzeko modukoa da, baietz? Harrigarria... Dena dela, agian bakarrizketa osoa ez, baina aipamenen bat egingo dut! Diru hori ordainduta kontsultatik sekulako titiekin aterako nintzela uste nuen, baina begira! Kar-kar-kar!

Egin propaganda pixka bat: non eta noiz duzu hurrengo saioa?

Euskalduna naiz eta arraro nago izena du gure saioak. Hurrengo emankizuna asteazkenean izango da, ekainaren 6an, Iruñeko Arrotxapea auzoan. Ea jendea animatzen den!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.