Maddi Zubeldiak (Donostia, 1961) badu ikusezinezko harreman gordea: Zokoko gotorlekuarekin (Ziburu, Lapurdi), aspaldikoa, kasik terapeutikoa. Han trukatzen dutena zeharo korporala da, herexarik uzten ez duten minen sendatzaile. Zokoak eraiki dio txokoa, etxean arrotz egin zutenari.
Zokoa Donostiari so dago, baina Landak ere sumatzen dira han.
Oso gaizki pasatu nuen Landetan (Frantzia), Donostiatik alde egin eta ondoko hiru urteetan. Baina hona etortzean ikusi nuen baietz, habia hemen egin nezakeela, hemen bizi nintekeela, nire txokoa egin nezakeela, itsasoa eta nire erroak ikusten baititut. Bikote zaharra gara, fidela natzaio. Antagonikoa da leku hau: libertatea da, espazio zabala, eta aldi berean, nire barne paisaiaren ispilu.
Zure baitakoa preso dea?
Nire zati batek beharko lukeen ausardia hori kosta zait atzematea, zeina barnekoa ezagutzera emateko eta sortzeko beharrezkoa baita.
Deserria haurtzaro eleberrian kontatu duzu. Ezagutu duzun paisaia ez da beti izan hain zabala, ez dela?
Etorkin izan naiz nire herrian, sentimendu horrek dizkit sarrarazi hainbat gauza zeinak niretzat eginak ez baitziren eta nongotasun horrekin lotura baitzuten. Indar bila, energia bila, inspirazioa bila nator hona, eta oso konexio ederra da.
Zure erroekin konektatzen zara?
Itsasoak hori du: mugatzen duen bezala, lotura ere egiten du. Nire sorkuntzak ere hala-hala: muga hori ezabatzea du helburu, berriz ere lotzeko, erabat inkontzienteki. Azken finean, ttipitik zaila baita jakitea nongoa naizen, nahiz eta oso argi dudan Euskal Herrikoa naizela: ez naiz ziburutarra, hamaika urte ditudanetik hemen bizi banaiz ere; ez naiz donostiarra ere, ez bainaiz aski luzaz han bizi izan. Ororen buru, Kantauriko naiz. Urte osoan bainatzen naiz bertan, horrek ere sekulako energia ematen du; neguko bainu horiek oso bereziak dira.
Zure txokoa da Zokoa.
Nire perla ere bada. Eta, arrantzale jendea ere gustatzen zait, zeinak nortasun maitagarria baitu: frontala, iragazkirik gabekoa, maskararik gabe dabilena, itxuragabekeriatik oso urrun; bortitz puntu bat ukan dezakeena, latza, baina aldi berean ikaragarriko bihotza duena.
Gotorlekua babeslekua dea ?
Berez, gotorlekua erasoetatik babesteko eraikia izan zen XVII. mendean, Erdi Aroan hasi baziren ere. Dena den, ez diot antz militarrik hartzen. Itsasoa oso bortitza izan daiteke; duela bi urte, adibidez, uretako bloke horietako bat dikearen gainera igo zuen! Eta, pentsa zer egiten dien etorkinei... Errespetua zor zaio. Alta, gotorlekuak iraun du, aurre egin dio. Espazioa mugatzen badu ere, irudimena ez.
Barne erasoetatik ere babesten duzu zeure burua?
Batzuetan neure buruari min ematen badakit, ikasten da zaintzen.
Hona jitea zeure burua zaintzea da?
Bai, oso argi. Leku txiki honek ze aniztasuna duen maite dut, egunero desberdina baita: haizearen arabera, itsasgora edo itsasbehera bada itsas belarrak egonen dira, zeintzuek usaina baldintzatuko baitute; olatuen indarrak soinua aldatuko du, kolorea... Sentsazioa ikaragarria da, luxuzkoa; zorionekoa naiz. Nire mundu txikia ongi sentitzen da mundu handi honetan.
Arroztasuna osatu dizu Zokoak?
Parte bat sendatu dit, bai. Etxean sentitzen bainaiz hemen, onartua, nehork ez baitizu galdegiten nongoa zaren edo zenbatgarren belaunaldikoa zaren. Eskaintzen zaizuna onartzeko prest bazaude, dena duzu eskura.
Gotorlekuak dorre bakarra du.
Baitezpadakoak zaizkit bakardade uneak; bestela, itomena sartzen zait. Erreza da: zapatak jantzi, eta ordu erdiko korrikaldian beste dimentsio eta erritmo batean naiz, zeinean espazioak eta denborak bat egiten baitute. Hamar minutuz baizik ez bada ere, beteak bizi ditut.
Korrika, ihesi?
Ihesbidea baino arnasgunea da hau niretzat. Ispilu edo mustuka efektua du txoko honek; ez dakit bere energia soberakina hartzen diodan, edo berak niri gehiegizko sentipenak xurgatzen dizkidan. Bada alkimia, elkarlana. Galerna egunetan nola sentitzen dudan itsasoa, indar hori, bizitasuna... Onartua zarela sentitzen duzularik, sentsazio ederra da.
Zokoa dea sentsazio kutxaren gakoa?
Sentsazioak hain dira fisikoak eta konkretuak, non gorputzean inprimatuak baititut. Idazteko edo haien beharra dudalarik, erraza da: sentsazio kutxara noa haietaz gogoratzeko. Baina hona etortzeko beharra dut. Gatz dasta badut mihian.
Turismoak ez ote du zokoratzen?
Itsaslasterraren kontra ere igeri egin daiteke, jende asko delarik ez nauzu hemen ikusiko; goizean goizik nator, eguneko dosia hartzera.
MAITE DUT MAITE ... ZOKOA. Maddi Zubeldia. Kantaria, idazlea eta antzerkilaria
«Sentitu nuen hemen habia egin nezakeela»
Itsasora hain jarria den Zokoko gotorlekua izan da Zubeldiaren sustrai ereilea: deserriak ekarri dion deserrotzea haizatu eta ohantzea eman baitio. Fisikoki nahiz animikoki. Sorkuntzaren talaia du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu