ATZEKOZ AURRERA

Senidetze bat, artea oinarri

Egitasmo artistikoak oinarri hartuta ospatu dute Angulema eta Gasteiz hirien arteko senidetzea. Mendebaldeko Saharako egoera gordina ere gogoan izan dute ekitaldian.

Amaia Arrazola, senidetzearen irudia margotzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Pintzel lodi xamar bat hartu berri du esku artean Amaia Arrazola artistak. Pintura beltzarekin busti du, eta borobil txikiak margotzeari ekin dio bi metro luzeko oinarrian. Lana jada nahiko aurreratuta dauka, eta azken ukituak ematen ari da. Bi esku ageri dira irudian, elkarri oratuta. Haietako bakoitzean hiri baten izena dago idatzita; batean, Angulema; eta, bestean, Gasteiz. «Bi hirien arteko senidetzea islatu nahi izan dut; horregatik dira bi esku, elkarri lotuta, nolabait batasuna adierazteko», azaldu du Arrazolak.

Hain zuzen ere, komiki jaialdi entzutetsua antolatzen dute urtero Okzitaniako Angulema hirian, nazioartean ezaguna dena. Hori gogoan izanda eta hiriarekin senidetuta dagoela aprobetxatuz, Gasteizko Udalak urtero antolatzen du ekoizpen artistikoarekin lotura duen egitasmo bat. Mari Gonzalez de Durana da antolatzaileetako bat. Haren esanetan, egitasmoa antolatzen dutenetan saiatzen dira bertako artistei ahotsa ematen: «Aldi honetan ekarri nahi izan ditugu jada nahiko ezagunak diren artistak; kasu honetan, Amaia Arrazola eta Diego Berruete ari dira zuzenean artea egiten». Urrezko Zeledonen plazan elkartu dira artistak goizean, bertatik igarotzen diren herritarren begiradapean.

Euria ari du gogotik, eta tarteka haize boladek ere gogor jotzen dute, baina artistek beren lanarekin aurrera jarraitzen dute, oztopoak oztopo.

Gonzalez de Duranak jakinarazi du plaza hiru gunetan banatuta dagoela. Lehen geltokian, karpa zuri baten pean, Arrazola senidetzea islatzen duen margolanarekin ari da lanean. Alboan ditu bisita egitera bertaratu diren zenbait lagun ere. 10:00etan hasi da margotzen, eta esan du «gustura» dagoela emaitzarekin. Pauso batzuk emanez gero, bigarren geltokia: Gasteizko Arte eta Lanbide eskolako ikasleen lanekin egin daiteke topo. Haietako bakoitza bakarra da, baina asko kolore tonu ilunetan margotutako lanak dira.

Sahara, hirugarren geltokia

Kamioi zuri handi bat da nagusi hirugarren geltokian. Berruete grafitigilea bertan da, eta komiki bat ari da margotzen ibilgailuan. Irudien oinarriak jada markatuak ditu berdez, eta koloreztatzeari ekin dio. Fatma izeneko emakume saharar bat da istorioaren protagonista, eta uraren garrantziaz mintzo da. Izan ere, SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Arabako Lagunen Elkartearekin batera egindako ekinaldia da.

Bertan da Jon Ruiz de Galarreta elkarteko kidea. Ohartarazi du egitasmo hori aprobetxatu nahi izan dutela gizarteari mezu bat helarazteko: «Saharako ura da komikiaren oinarria; eta, batez ere, esan nahi izan dugu guk ere badugula bertan dagoen ur eskasiaren erantzukizuna». Hain zuzen ere, komikiaren diseinua Eñaut Aiartzaguena ilustratzaileak egin du, eta Berrueteren lana izan da bertan jasotakoa kamioian islatzea, kolore askotako espraiak erabiliz. Gainera, komikia eskuz margotzeko aukera ere badago, «haurrentzat». Halere, eguraldiaren ondorioz, gerturatzen diren gehienek etxera eramaten dituzte, epeletan margotzeko.

Kamioia, ordea, ez da artelan huts bat. «Komikia margotuko dugu, baina, ostean, kamioia Saharara joango da ur tangaz beteta, sahararrei ura eman ahal izateko», zehaztu du Ruiz de Galarretak. Haren arabera, gizarteak gogoan eduki behar du sahararrei lurrak kendu zizkietela, eta, horrekin, baita eskubide izan beharko luketen beste hainbat baliabide ere. Egitasmoarekin hori ere aldarrikatu nahi izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.