Josefina Campos Orduña. Modista eta memoriaren ekintzailea

«Senideen bila ez ginen errebantxagatik ibili, maite genituelako baizik»

Frankistek fusilatutako senideen bila eta haien memoria biltzen aritu da Campos Orduña; horregatik jaso du Karlos III.aren domina. Irakurriz eta etxean aditu zuenarekin egin zen ezkerreko eta errepublikano. Gertatutakoa gazteei kontatzen die.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Brodatzeko makinaren ondoan jarri da, eta eginiko azken lana erakutsi: zapi gorri bat da, Espainiako bandera errepublikanoa harilkaturik duena, eta mezu bat, gaztelaniaz: Justizia soziala, berdintasuna eta haurridetasuna. «Niretzat, hau da inportanteena». Modista eta brodatzailea da Josefina Campos Orduña (Azkoien, Nafarroa, 1942), ezkertiarra eta errepublikazalea. 1936an frankistek herrian hil zituztenen gorpuzkiak bilatu eta etxera ekartzeko lanetan aitzindari izan zen, jasotako informazioa liburuetan argitaratu du, eta joan den astean Nafarroako Gobernuak Karlos III.aren domina eman zion, lan hori aitortzeko. Ez da isilik geratzen den horietakoa.

Ezkerrekoa eta errepublikanoa?

Bai, beti izan naiz ezkerrekoa. Sariarena esan zidatenean, hasi nintzen begiratzen ea nolakoa zen Karlos III.a. Ikusi nuen Nafarroaren alde lan egin zuela. Ez naiz bandera asko eraman zalea, baina Azkoiengoa naiz, eta gero, oroz gainetik, nafarra.

Hildakoentzat, errepresaliatuentzat, biktimen familiakoentzat... zer esan nahi du gobernuaren aitortza honek?

Domina horretan denak gaude: fusilatu zituztenak, gorpuen bila ari garenak eta lan egin dutenak.

Guztiena da domina, baina Azkoienen zu izan zinen aitzindari gorpuzkiak bilatzen. Besteak beste, horregatik jaso duzu aitortza.

Hasiera-hasieratik aritu nintzen eta oraindik ere hor nago, eta ez naiz damutzen. Harreman asko ditut jendearekin; beti hor egon naiz. Oso barruan daramadan zerbait da, gurasoek izugarri sufritu zutelako.

Modista eta brodatzailea zara, ezta?

Modista aritu nintzen fabrika utzi nuenetik. Titulua atera nuen, eta tailer bat ireki nuen. Ama ere modista zen, eta brodatzen irakatsi zidan. Hark laguntzen ninduen.

Oraindik jarraitzen duzu?

Orain batez ere brodatzen dut. Arropa asko saltzen da, eta askotan ez du merezi josten ibiltzea, kobratzen duzuna baino askoz gehiago kostatzen delako. Dendan lau sosen truke eskuratu ditzakezu arropak. Brodatzea bai, hori asko maite dut.

Fabrikako lana aipatu duzu. Zertan aritu zinen?

Bederatzi urtez plastikoen enpresa batean egin nuen lan, eta han ere borrokatu behar izan nuen. 14 urterekin hasi eta ezkondu arte aritu nintzen. Injustiziarik ikusten banuen, kexatzen nintzen; eta bidegabeki errieta egiten bazidaten, erantzuten nuen. Nik injustiziak ezin ditut ikusi, edozeini egiten zaizkiola ere. Behin etxera bidali ninduten, eta esan nien: «Ni hemendik ez noa esan arte zergatik botatzen nauzun eta idatziz ematen didazun arte». Etxeko egoera ez zen ona, baina aizu, lanean hasi nintzenean neure burua defendatzen ikasi nuen.

Nor zen Jose Maria Jimeno Jurio zuretzat?

Pertsona umila eta ona zen. Aurkeztu zidaten egunean zuka hitz egin nion, eta esan zidan: «Utzi zuka alde batera edo bukatu dugu solasaldia». Azkoiengo zirkulu katoliko batzuetan oso gaizki hitz egiten zuten on Jose Maria Zirardaren lepotik [garai hartako Iruñeko eta Tuterako apezpikua]. Berak bidali zuen Jimeno Jurio fusilatuen zerrenda egin zezan. Asko lagundu zigun, eta informazio asko eman zigun. Artzain batek kontatu zion hil zuten emakume bat non zegoen, eta bai, hantxe zegoen. Halako asko izan ziren. Roldan semea ere hona etortzen zen aitarekin txikia zelarik, 1978an bilketa hasi genuenean.

Esan duzu gurasoek asko sufritu zutela. Zer gertatu zen?

Gurasoak kristauak eta katolikoak ziren, eta, egin zieten guzia eginda ere, ez zioten inoiz jainkoarengan sinesteari utzi. Nik bide bera hartu nuen, konbentzituta. Uztailaren 22an hasi zen matxinada Azkoienen. Goizean goiz 334 gizon inguru agertu ziren herria zaintzeko, eta 25 lagun atxilo hartu zituzten. Guztiak hil zituzten urriaren 21ean; tartean, nire amaren anaia bat. Azkoiengo ehun andre baino gehiagori ilea moztu zieten, amari ere bai.

Ezkerrekoa izateagatik?

Amaren mutil lagunak frontera joateko izena eman zuen, baina hartu egin zuten beste hirurekin batera. Milagrora eraman, eta hil zituzten. Saiatu zen ihes egiten hormari salto eginda, baina Faltzesko bat ohartu zen, eta tiro egin zion. Atera genuenean tiroa zuen belaunean.

Horren ondoren moztu zioten ilea zure amari?

Medikuak debekatu egin zuen nire amari ilea moztea, ahul zegoelako. Baina hemengo kaboakEscalera, Erriberrikoa amaren biloak eramateko agindu zuen, bestela berak burua moztuko ziola. Azkenean ilea moztu zioten. Batzuei errizino olioa eman zieten. Eskoletatik haurrak atera zituzten irri egin ziezaieten. Bortxatzen ere saiatu ziren. Behin, errepidea zeharkatzean, batek oihu egin zion buruan zapia zeramalako. Hark, zapia kendu, eta esan zion: «Mila aldiz moztuko nuke ilea hil dituzuenak berpizteko». Ama ez zen isildu. Josteko makina ere kendu zioten.

Aitari zer pasatu zitzaion?

Aita Kuban sortu zen, baina gazte etorri zen. Soldaduska egiten ari zen gerra hasi zenean, eta gorriek preso hartu zuten, baina haiekin borrokatzera geratu zen. Gerra bukatu zenean, nazionalek preso izan zuten hamaika tokitan, azkenik Ezkabara eraman zuten arte. Han sei hilabetez egon zen. Goizez, lanerako ateratzen zuten errepideetara; gauean, paretaren kontra lo egin behar izaten zuen, tanta bat etengabe erortzen zelako. Aldakan ziztatu zuten, eta bizkarrezurra apurtu zioten.

Jose Orduña, zure osaba, hil zutela esan duzu.

Burura datozkit osabak eta beste bik idatzitako eskutitzak. Familiei ongi zirela esaten zieten, eta amei eskatu norbaitekin hitz egin zezaten, haiek ez zutela deus egin. Amatxi joan zen Jose eta beste batengana, osabak eskatu bezala. Batek entzungor egin zuen, eta besteak esan zion ez zirela UGTkoak egin behar, horregatik hiltzen zituztela. Pentsa zer krimenak! Eta denak kristauak ziren. Jainkoaren eta Espainiaren alde borrokatu ziren, baina, nola da hori posible? Bigarren mandamentuak dio hurkoa zu bezala maitatuko duzula. Hil zuten, ebatsi zuten, bortxatu zuten... denetarik egin zuten.

Etxean kontatu zizkizuten gertatutakoak?

Ez zidaten horri buruz hitz egin. Ama modista zen, aita elbarri zegoen, eta jende asko pasatzen zen etxetik; beraz, nik aditzen nituen; ikusi nuen jende asko negarrez. Aditu izan nituen LaMarseillaise [Bakearen Marseillaise] kantatzen: «no más cañones ni fusiles» (kanoi eta fusil gehiagorik ez), eta ohartu nintzen kanoirik eta fusilik nahi ez zutenak zirela onak, eta horiek hil zituztenak gaiztoak. 15-16 urterekin, gurasoei galdetzen hasi nintzen, eta hasi ziren azaltzen. Gainera, amak kutxa bat zuen, eta han osabaren eskutitzak aurkitu nituen. Gauez irakurtzen nituen, negar batean.

Ez zen ohikoena horri buruz hitz egitea, ezta?

Ez, ez. Amatxik ez zuen inoiz horri buruz hitz egin. Oso zuhurra zen; soilik amarekin egiten zuen.

Nolatan egin zinen ezkerrekoa?

Etxera etortzen zen jende asko, pertsona onak ziren eta maite nituen. Gainera, irakurtzea asko gustatu zait beti, baina ez nuen irakurtzen agintzen zigutena.

Zer irakurtzen zenuen?

Posible nuen guzia: interesekoa bazen, irakurtzen nuen. Aitak liburuak uzten zizkidan.

Kristau gisa, zer iritzi duzu Eliza katolikoak izan zuen jarreraz?

Onartzen ez ditudan gauzak egin dituztenean kontra egin dut, eta batzuek bizkarra eman didate. Ni sinestuna naiz, baina benetan Jainkoan sinesten baduzu, irakurriko zenituen ebanjelioak edo mandamentuak; eta non ikasi dute hiltzearena? Ulertezina da.

Nola hasi zineten 1936an hil zituztenen gorpuzkien bila?

Deia-n egun batez irakurri nuen: Bihar hileta, 1936ko fusilatuen omenez, Martzillan. Ezin nuen sinetsi, hamaika aldiz irakurri nuen. Amari kontatu nion, eta berehala esan zidan: «Eta guk ez dugu eginen?». Hori zen gu guzion nahia: denak herrira ekarri eta behar den bezala lurperatzea. Herrian barrena zabaldu genuen horren berri, eta aste hartan zortzi elkartu ginen. Hamabost egunen buruan batzorde oso bat genuen. Berehala jo genuen udalera eta parrokiara, ez zezaten pentsatu klandestinoki ari ginenik; salaketarik ez jasotzeko. Alkateak idazkariari esan zion behar genituen paperak emateko. Martzillara joan ginen, eta hango parrokoak jo zuen apezpikuarengana. Esan ziguten zein baimen behar genituen. Bilera orokor bat egin genuen; guzien izenak, adina eta lekua bildu genituen; eta hasi ginen senideen baimenak biltzen. Soilik bik ez ziguten sinatu.

Nola aurkitu zenuten osaba?

Lehenbiziko egunean izan zen. Elora joan ginen, han hil zituzten, eta euria ari zuen goitik behera. Ama eta biok ginen aterkiarekin, eta berehala, burezurra ikustean, esan nuen: «Hori nire osaba da!». Ama korrika etorri zen: «Nire anaia da». Harekin batera atera ziren bi anaia; besoetatik lotuta zeuden alanbre batekin, gizajoak.

Gorpuzkiak etxera ekarri, eta hileta antolatzeari ekin zenioten?

Bataiaturik zeuden, eta hileta duin bat nahi genuen. Frontean hil ziren eskuinekoak ekarri zituztenean, hileta duinak egin zizkieten, ba guk ere bai. Urriaren 8an egin genuen hileta. Homilia ederra izan zen; fusilatuen senidea zen apaiza, eta gauzak argi utzi zituen. Zirardari idatzi nion meza eman zezan, eta erantzun zidan: «Sentitzen dut, bihotzez, eta badakizu joanen nintzatekeela, baina heriotza mehatxuak jaso ditut». Fatxek jipoitu zutela eta ez okurritzea ere fusilatuen aldeko mezarik egitea.

Urduri zinen egun haietan?

Hiletaren aurreko gauean adiskide batzuen etxera joan nintzen. Eskuinekoak ziren denak. Berehala galdetu zidaten ea zer eginen genuen hiletan, esan zietelako mitin bat prestatzen ari ginela. Hori ez zen egia; inork ez zuen hori proposatu. Kontuz ibiltzeko esan zidan gizonak. Biharamunean, 06:00etan, tiroak aditu nituen etxetik. Beldurtu nintzen.

Baina dena ongi joan zen?

Azkenean ez zen deus ere gertatu. Zortzi hilkutxa eraman genituen elizaraino bizkarrean hartuta, elizkizuna egin genuen, berriz kutxak bizkarrean hartu, eta lur eman genien. Polizia sekreturen bat bazegoen. Parrokia lepo bete zen, eta kanpoan 400 lagun kontatu zituzten. Bi hilabetera jakin genuen tiroak ez zeudela lotuta elizkizunari; ehizatzeko gunean izan ziren.

Liburuetan ere bildu duzu informazio hori guzia. Nolatan?

Ni izaten nintzen udaletxean eta parrokian paperak ateratzen zituena, Iruñera baimenak eskatzera joaten zena... Seme-alabak amarekin uzten nituen, eta aukera nuen hori egiteko. Orduan kontaktu asko nituen, denbora ere bai, eta dena idaztea maite nuen.

Arazoak izan zenituzten?

Bai, salaketak ere izan ziren. Elon lehenbiziko egun hartan nire eskuinetara hiru gizon zeuden, kolore argiko galtza eta atorra soinean. Ez ziren senideak, eta galdetu nien ea nor ziren. Esan ziguten uste zutela karramarroak biltzen ari ginela. Gerora jakin nuen guardia zibilak zirela. Salatu gintuzten Noaingo kuartelean gorpuzkiak ateratzea debeka ziezaguten. Baina legezkoa zen, eta baimena genuen; beraz, ezin izan zuten deus egin.

Zuk pertsonalki arazorik izan zenuen?

Bada, Requete irratian egunero kartak irakurtzen zituzten gorpuzkiak ateratzen ari ginela salatzen eta kritikatzen. Erabaki nuen irratira karta bat idaztea, azaldu nien zer egiten ari nintzen eta zergatik. Ez zuten uhinetan nire gutunaz deus esan, baina utzi zioten bestea esateari ere.

Eskuinetik kritika handiak izan dituzue lan horretan.

Gure senideak bilatzeko arrazoia ez zen errebantxa izan. Maite genituelako egin genuen. Lurrazpitik atera eta hileta duin bat egitea izan da gure helburua.

Orain omenaldiak egiten dira, gehiago hitz egiten da gaiaz eta egoera bestelakoa da. Zein dira aurrera begira egin beharreko lanak?

Eskoletan ez zen inoiz hitz egin gai honi buruz. Ana Olloren taldeak bultzatuta, Sartagudara joaten gara institutuko ikasleekin. Bospasei lagun joaten gara ikasleen galderak erantzutera. Beharrezkoa da hau jakitea, gazteek hau jakin behar dute.

Oso urruti ikusten dituzte gertakari horiek guziak?

Urrutiago ikusten dute. Aurrekoan galdeketa egin zen monarkiari buruz, eta 50 urtetik gorakoak ziren botoa ematera joan ziren gehienak. Agian gazteek ez dute interes handirik, baina uste dut ez diegula ongi transmititu ere. Gerraren ondoren gehienek ez zieten deus ere kontatu beren seme-alabei, eta agian bide berean jarraitzen dugu. Seme-alabek ez badakite zergatik eta zenbat hil zituzten, nola kontatuko diete haiek ondorengoei?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.