Irakaslea eta idazlea

Mitxel Elortza: «Sendatzen ez duten azalpenak ematen zaizkie haurrei sendagai gisa»

Doluari buruzko ipuin bat idatzi du Mitxel Elortzak, gaia haurrengana hurbiltzeko. Gau Beltzaren bidez «mezu garrantzitsua» helarazi nahi die: «Maite ditugunak gurekin egongo dira gogoratzen baditugu».

Mitxel Elortza, 'Barruan duguna' ipuinarekin. RAUL BOGAJO / FOKU
Mitxel Elortza, 'Barruan duguna' ipuinarekin. RAUL BOGAJO / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko apirilaren 19a
05:00
Entzun

Bere lehenengo ipuina aurkeztu zuen Mitxel Elortza irakasleak (Gasteiz, 1988) atzo, Gasteizko Zabalgana gizarte etxean. Umeekin doluari buruz hitz egiteko «modu aproposa» iruditu zaio Elortzari ipuina; orain arte tabua izan den gai bat haurrei hurbiltzeko asmoz idatzi du Barruan duguna. Nekane Susok egin ditu ilustrazioak, eta, atzoko irakurketa 5 eta 10 urte bitarteko haurrentzat pentsatua zen arren, Elortzak argi utzi du ipuinak ez duela adin tarte zehatzik: «Edozeinek irakur dezake, baita helduek ere».

Beldurra ematen du umeekin heriotzari buruz hitz egiteak?

Batez ere, errespetua ematen du. Duela gutxi arte tabua izan da. Gainera, etxe bakoitzean oso modu ezberdinean lantzen denez, ez da erraza izan ez irakasle ez idazle gisa gaiari heltzea.

Baina azkenean heldu diozu.

Bai. Beti izan dut oso presente haurrei ezkutatu egiten zaiela gaia, eta sendatzen ez duten azalpenak ematen zaizkiela sendagai gisa. 

Gau Beltza baliatu duzu horretarako. Zergatik?

Gure gizartean tristuraren bitartez bakarrik lantzen da dolua, eta Gau Beltzak beste modu batean bizitzeko aukera ematen du. Oso garrantzitsua iruditzen zait Gau Beltzaren balioak berreskuratzea, eta, adibidez, Mexikon egiten duten bezala, heriotza modu positibo batean bizitzea.

Positibismoa gorabehera, doluan tristurak duen garrantzia azpimarratu duzu.

Bai, ezinbestekoa da emozio guztiei lekua egitea. Xarek amama galdu du, eta triste dago, iluntasunean murgilduta. Ez dago prest hortik ateratzeko, eta ez da ezer gertatzen. Maite dugun norbait hiltzen denean, mina sentitzen dugu, baina prozesuan oso garrantzitsua da sentitzen dugunari buruz hitz egitea, ez ezkutatzea, horrela lortuko baitugu beste fase batera igarotzea.

Gau Beltzean egindako akelarre bati esker egingo du topo Xarek berriro amamarekin.

Eta amamak esaten dion horretan dago gakoa. «Gogora nazazu beti, triste zein pozik. Nahiz eta zuk ez ikusi, ondoan nauzu beti». Hori da transmititu nahi izan ditugun mezu garrantzitsuenetako bat: maite ditugunak gurekin egongo direla oroitzen baldin baditugu.

Argizaiola, krisantemoak, kalabazak... asko dira ipuinean erabilitako metaforak.

Bai, argizaiolak oso elementu bereziak dira Euskal Herrian, esaten delako espiritu txarrak uxatzen dituztela. Xareren iluntasunaren eta argizaiolaren argiaren arteko kontrastea egin nahi izan dugu. Amaieran, Xarek berak itzaltzen du argizaiola, hasierako iluntasuna eta beldurra gainditu dituen seinale. 

Ipuina sendagai aproposa izan daiteke doluan murgilduta dagoen ume batentzat?

Asko esatea da sendagaia dela esatea. Gida bat, lagungarri bat edo euskarri bat izan daiteke, baina dolua prozesu oso ezberdina da bakoitzarentzat.

Eta adin hain txikiko umeei zertan lagundu diezaieke?

Behin, Galtzagorri elkarteko kide batek esan zidan: «Ipuin bat adin ezberdinetako umeekin landu daiteke, eta haur bakoitzak, adin tarte bakoitzean, zerbait hartuko du». Liburuaren kontrazalean 4 urtetik gorakoentzat dela jartzen du, baina nik 3 urtekoei ere irakurri diet. Ez dute dena ulertuko, baina haientzat esanguratsua dena gogoratuko dute. Aitzitik, 10 urtetik gorako haurrek, beren heldutasun mailari esker, modu oso ezberdinean ulertuko dute.

Sevillako (Espainia) argitaletxe batek, Babidibuk, argitaratu du ipuina, euskaraz.

Bai, eta uste dut oso esanguratsua dela Sevillako argitaletxe bat izatea euskaraz argitaratzeko aukera eman diguna. Euskal Herriko argitaletxe handiek ez dute idazle berrien aldeko apusturik egiten, eta uste dut hori ere esan beharra dagoela. Babidibun oso argi dute hizkuntza gutxituak indartu nahi dituztela, eta hori oso polita da.

LOTSABAKO

Irakaslea eta idazlea ez bazina?
Musikaria.

Etorkizuneko proiektu bat?
Maiatzean aterako dudan ipuina: Eki, Libe eta urrezko ezkurra.

Ipuin baterako gai bat?
Palestinako genozidioa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.