La Leze gaztandegiko arduraduna

Eli Gorrotxategi: «Semeak esan zidan Ordizian gazta ketua aurkezteko»

La Lezeko Eli Gorrotxategi, gazta sarituarekin. JAVI COLMENERO / EFE
La Lezeko Eli Gorrotxategi, gazta sarituarekin. JAVI COLMENERO / EFE
enekoitz telleria sarriegi
Ordizia
2024ko irailaren 11
16:56
Entzun

Bigarren aldia izateak ez dio sariari zirrararik kentzen. 2022an ere Ilarduiara (Araba) joan zen Ordiziako sari nagusia: 2.000 euro, txapela, garaikurra eta 12.000 etiketa esaldi honekin: «La Leze, Ordiziako txapelduna».

Sekulako saria da, ezta?

Oraindik ezin sinetsita gaude; dardarka. Pozarren, baina lan asko dago atzean.

Nolakoa da gazta saritua? 

Udaberriaren hasieran, martxoaren 19an, San Jose egunean egindako gazta bat da. Oso orekatua, eta zapore handikoa. Nire ustez, testura dauka oso ona, eta testura horrek zapore hori luzatu egiten du. 

Nola bizi izan duzue sari banaketa? 

Emozio handiz. Hamalau onenen artean sailkatzea sekulakoa izan da. Hori jada bazen saria. Gazta oso onak zeuden. Ezustekoa izan da, baina pozarren gaude.

Bigarren aldia da.

Eta sentsazioak ere ezberdinak dira. Hura oso une hunkigarria izan zen, gure egoerarengatik. Aurtengoa beste lasaitasun batekin hartu dugu. 

Zer esan nahi du honek?

Lehiaketan parte hartzen dugun guztiok irabazteko ilusioarekin parte hartzen dugu. Irabaztea, erantzukizun handia ere bada. Inori ezin zaio ahaztu artzainak garela, daukagun ardi kopurua daukagula, eta daukagun ekoizpena. Gustatuko litzaiguke toki gehiagotara iristea, baina iristen garen tokietara iristen gara.

Ketua aukeratu duzue. 

Aurkeztu baino lehen, beti dastatzen dugu gazta. Eta ikusi nuen oso gazta ondua zela. Etxean aritu ginen hizketan: «Zein aurkeztuko dugu?». Nik banekien zein sortatatik hartu behar genuen, baina semeak esan zidan: «Zu beti saiatzen zara bezeroei nahi dutena ematen. Ordiziako txapelketara ere eraman ketua, zeren han ketua gehiago gustatzen zaie». Horregatik ekarri dugu ketua: semeak esandakoari esker. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.