Donostiako Aste Nagusia «inoiz baino herrikoiagoa, euskaldunagoa eta parte hartzaileagoa» izan da aurten. Halaxe adierazi du Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara eta Kultura arduradunak. Juan Karlos Izagirre alkateak emandako datuen arabera, miloi bat lagun baino gehiagok parte hartu dute Aste Nagusiko ekitaldietan. «Sekulakoa izan da».
Su Festen Nazioarteko Lehiaketa izan da jende gehien bildu duen ekitaldia. Aste osoan, 700.000 lagunek gozatu dute suez, lehiaketaren 50. urteurrenean. Larunbateko piromusikala, berriz, 110.000 lagunek ikusi zuten, beste egunetan baino gehiagok.
Sagueseko kontzertuek ere jende asko bildu dute. Izagirreren esanetan, joan den ostiraleko kontzertua izan zen jendetsuena, Fermin Muguruza eta Kontrakantxarena; 15.000 lagun inguru bildu ziren. Julieta Venegasen emanaldiak ere jende asko erakarri zuen: 12.000 lagun.
Kanpotik joandako jendea ere inoiz baino gehiago jaso du Donostiak; 25.700 lagun joan dira Turismo Bulegora. Ostalariak oso pozik agertu direla esan du Izagirre alkateak. «Gero eta turista gehiago, ostalarientzat hobeto».
Txapartegik parte hartzearen arrakasta aipatu du. «Ekintzek oso harrera ona izan dute». Parte hartzea sustatzeko abiatutako prozesuak emaitzak dakartzala esan du.
Balorazioaren alde iluna
Dena ez da baikorra izan, noski. Izagirrek Mikel Arzak eta Eduard Lapiedraren heriotzak gogoratu ditu. Bestalde, Udaltzaingoak 396 salaketa jaso ditu —iaz baino 68 gutxiago—, gehienak lapurretengatik. Eraso sexistarik ez dute salatu.
Gerizpean
«Sekulako» jaiak
Donostiako Aste Nagusian milioi bat lagunek parte hartu dute, eta su festek bildu dute jende gehien
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu