Joelle Darricau. Izturitzeko eta Otsozelaiko harpeetako jabea

«Sekula ez ditut harpeak zerbait pribatu gisa bizi izan, nireak izango balira bezala»

Darricaurentzat, bizitzarako eskola izan dira Izturitzeko Gazteluko muinoan dauden harpeak; herentziaz jaso zituen, baina hamar urte pasatu behar izan ziren lur azpiko mundu horrek nola funtzionatzen zuen jakiteko.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Baiona
2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
«Ez nintzen prestatu lan honetarako, pinturarako bidea hartua nuen». Hala kontatu du Joelle Darricauk (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1947), nahiz eta amonak beti esaten zion harpeak bereak izango zituela egunen batean. Ez zen prestatu, baina hala izan zen, eta esperientziak eman zion ikasi behar zuen guztia. Teorian erretreta hartua badu ere, eta seme-alabek harpeen gidaritza hartuko badute ere, bere bizitza ez du l ur azpiko mundurik gabe ulertzen.

Joelle Darricau izena Izturitzeko eta Otsozelaiko harpeekin lotzen da, baina...

Hori baino gehiago naiz, eta hori, batzuetan, karga bat da, eta, herentziaz jaso baditut ere, nire heziketa oso markatua egon da.

Markatua, zergatik?

Aitaren lanbideagatik, batik bat. Nire aita, Jean Darricau, zirujaua zen, Parisko ospitaleetako barne zirujaua zen; baina gerra Parisera iritsi zenean, alemanak Parisera sartu zirenean, Donibane Lohizunera joan zen. Rol garrantzitsu bat bete zuen. Comete sarekoa zen, eta, bere lanbideari esker, min hartutako hegazkinlariak sendatzen zituen. Ni klinika horietako batean sortu nintzen, gaur gun Les Goenlands hotela den horretan.

Eta aitaren lanbideak asko markatu ninduen, berak egiten zuenaren arabera bizi baikinen. 30 urtez guardian egon zen, gau eta egun; bazkalorduetan soilik ikusten genuen. Anaia eta biok handiagoak ginenean, ebakuntzetara eramaten gintuen; memento oso bereziak ziren, interes handia genuen, eta horrek nolabait bizitzaren balioa erakutsi zigun. Osasun ona dugunean, ez dugu inongo eskubiderik kexatzeko; funtsezkoena bizitza da.

Eta zuen ama?

Nire heziketan garrantzi handiko pertsona hura ere. Etxean hezi gintuen; eskolara 8 urte izan arte ez ginen joan. Urte oso onak izan ziren, asko ikasi genuen; pasioz erakutsi zizkigun gauzak. Eskolara joaten hasi nintzenean ere gustura joaten nintzen, irakasle zoragarri bat izan nuen, eta, gainera, oso kontent nintzen, beste haurrekin nengoelako!

Bizitzaren balioa aipatu duzula, pasarte latz bat ere bizi izan zenuen.

Bai, nire anaiaren heriotza. 14 urterekin istripu bat izan zuen Eskozian. Oso gogorra izan zen. Aita dena zalantzan jartzen hasi zen, zergatik zegoen mundu honetan, zein zen bere helburua bizitzan... Memento horretan, ardura ikaragarri bat sentitu nuen. Alaba bakar bilakatu nintzen, eta ezin nien gurasoei arazorik eman, hori sentitzen nuen. Hori gertatu eta bi urtera, gurasoek eskuzabaltasun handia izan zuten, eta New Yorkera bidali ninduten. Lagun bat zuten han, Samuel Rubin;fundazio bat sortu zuen mezenas bat zen. 16 urte inguru nituen, eta urtebetez egon nintzen han. Urte zoragarria izan zen. Munduarekin topo egin nuen, kultura askotako jendearekin. Ordura arte, ez nintzen oso ikasle fina izan, eta, nota onak jasotzen hasi zirenean,gurasoak harrituak zeuden; ingelesa irakasteko erabiltzen zuten metodoa oso ona zen, hori zen guztia [barreak]. Pintura ikasketak ere segitu nituen.

Euskal Herrira sartu zinen gero?

Ez, Parisera joan nintzen, pintura ikasketekin jarraitu nuen. 68ko maiatzak han harrapatu ninduen, baina, egia esan, ni ez ninduen gehiegi markatu. Aldaketa bat izango balitz bezala bizi izan nuen, baina neure buruari gehiago galdetu gabe. Han zegoen mugimenduak eta indarrak atentzioa eman zidan, baina garai hartan ez nuen interes berezirik izan mugimendu horrekiko. Handik berehala ezkondu nintzen, 20 urterekin, eta lehen haurra ere segidan etorri zen.

Harpeen ardura ere orduan hartu zenuen?

Ez, hori gero etorri zen, aita hil zenean. Harpeak betidanik ezagutu ditut, oso gauza naturala zen kobetara sartu-irtenak egitea, hori guztia zer zen inolako kontzientziarik eduki gabe. Aitak jabetza hartu baino lehen, aitonak eramaten zuen harpeen kontu guztia, eta, bera zendutakoan, amonak hartu zuen ardura. Sekulako kemena izan zuen. Etxekoandrea zen, itsua, eta, idazkari baten laguntzarekin,harpeak gobernatzen segitu zuen. Behintzat, turismoaren aldetik errazagoa zen; jendea hona etortzen zenean oporretara, lau gauza zituen bisitatzeko, edo hori eskaintzen zen: Larhun, Arnaga, itsas museoa eta Izturitzeko eta Otsozelaiko harpeak. Gero, aitak hartu zuen jabetza,eta aipatu behar dut inguruko herrietako herritarrek asko lagundu zutela; haiek gabe ezinezkoa litzateke.

Betidanik jakin duzu, beraz, harpeen kargu egingo zinela?

Bai, bai, amonak beti esaten zidan «hau zuretzat izango da!».

Zergatik dira pribatuak?

Ez direlako erabat zorupekoak, hau da, harpeek irteera natural bat dute kanpora; beraz, ez dira lurpekoak. Gai honetan, eztabaidak egon ziren bere garaian, eta aitonak auzitara jo zuen, eta estatuaren kontra irabazi zuen; 1929a zen orduan. Horrek jurisprudentzia gisa balio izan zuen Frantzian deskubritu ziren harpe guztientzat. Frantzian, lur azpiko munduaren %66 pribatua da. Eta gauza bat esango dizut, estatua horrekin oso kontent da, eta horren adibide dira Dordoinan salgai dauden bi kobazuloak; estatuak ez ditu erosi nahi.

Zein da arrazoia?

Ez zaie interesatzen, inondik inora. Badakite jabearen ardura direla, jabe horiek betebehar batzuk dituztela, eta beraiek, bien bitartean, tasak kobratzen dituzte, eta dena kobratzen dute. Horrela ongi da beraientzat; beraz, zertarako molestatu?

Publikoak izango balira, zer aldatuko litzateke?

Familia jabe gisa desagertuko litzateke, bistan da, eta, gero, auskalo; agian, errentagarriagoak ateratzeko bisitari gehiago onartuko lituzkete, eta horrekkontserbazioa arriskuan jarriko luke.

Kargua hartu ondorengo lehen urte horiek nolakoak izan ziren?

Behaketa handikoak. 1983an heredatu nituen, eta hamar urte pasatu ziren lur azpiko mundu horrek nola funtzionatzen zuen ulertzeko. Harpeen inguruan hainbat mundu zeudela ohartu nintzen: mundu zientifikoa,politikoa eta zibila. Mundu zibilaren barruan pertsona batzuek lagundu nahi zidatela ere ikusi nuen...

Lagundu, zentzu txarrean, dirudienez.

Komentario asko entzun behar izan nituen, ez nuela jakingo koba bat gobernatzen, eta lagunduko zidatela... baina ni ez nintzen fio. Segituan baztertu nituen; beraz, ez nuen frogarik lortu, eta nire intuizioa jarraitu nuen, askotan bezala.

Politikariekin harremana nolakoa zen?

Politikariek behin eta berriz aurpegiratzen zidaten harpeak pribatuak zirela. Nik sekula ez ditut harpeak zerbait pribatu gisa bizi izan, nire jabegoa balitz bezala. Ez, hori ez. Ni arduradun sentitu izan naiz beti, ardura bat izango banu bezala, eta ez nuen ulertzen politikarien aurpegiratze hori. Arduradun zientifikoak zeuden bestalde. Ikertu ikertzen zuten, baina, gero, ez zuten ezer publikatzen, eta, gero, konturatu nintzen Izturitzeko eta Otsozelaiko harpeak historiaurreko parte gisakontsideratua izateko lanek publikatuta egon behar zutela. Horraino iritsita, harpeek merezi zuten maila eta tokian jartzea jarri nuen helburutzat.

Lortu zenuen?

Bai, ikerketek hala frogatzen dutelako. Zeren hori da bestea; nik esaten badut badirudi interes batzuk ditudala atzetik, eta jendeak hori pentsatzen du, baina ez da horrela. Jendeak harpe hauek baloratzen ditu, baina zailtasunekin. Topaketa batzuk egin berri ditugu Donapaleun, egun oso bat zientzialariekin. Arrakasta handia izan zuen, baina tokiko bertako jende oso gutxi etorri zen. Historiaurrea ezin zaio mundu osoari interesatu, ulertzen dut, baina gure erroak gure hanka azpian ditugu.

Turismoari dagokionez, nola aldatu dela ikusten duzu?

Izugarri aldatu da. Euskal Herria ireki da, antolatu da. Lehen, jendea hilabeterako edo hamabost egunerako etortzen zen, eta lau gauza eskaintzen zitzaizkion. Orain, bizpahiru edo lau egunerako etortzen da. Gauza gehiago ikusteko, eta denbora gutxiago. Kezkagarri bihurtzen da zuk zerbait duzunean eskaintzeko, eta inbertitu ahal izateko funtzionatu behar duenean.

Euskal Elkargoaren sorrerak zerbait aldatu du?

Berria da, eta goiz da oraindik. Lehengoan, harpeetan turismo bulegoen buru Nicolas Martin hartu nuen. Bordeletik heldu den pertsona bat da, eta beldur nintzen ulertuko ote zuen Euskal Herria zer den, Ipar Euskal Herria eta Hego Euskal Herria. Baina ez, ikusi dut ulertzen duela, baina ikusiko dugu gaitasuna ote duen gauzak egiteko, edo eskuak libre dituen gauzak egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.