The Kid film mutuak ukanen du bere botza Baigorrin, Xare laborategiak musikatuko baitu zuzenean proiekzioa. Eta badu horrek ere bere historia.
Txaber Fernandez Xare laborategiko sortzaile eta orkestra zuzendariak kronograma bat egin du filmari melodia eman ahal izateko; irudi du halako ardatz kronologiko koloretsu bat: «Zer tempoan zer sekuentzia doan ikusteko, sekuentziarekin sinkronizatu behar da segundora».
Partiturak duela «hilabete eskas» ukan dituzte; hala, egin duen «zirriborro» hori buruz ikasi du, filma behin eta berriz ikusi eta gero, «sekuentzia aldaketan estropezurik ez egiteko». Aitortu du gehien maite duen zatia Charlot eta mutikoaren arteko «harremanaren, maitasunaren eta bizikidetzaren arteko bals hori» dela, «hunkitzen» baitu.
Filmari Chaplinek konposatu zuen musikak ezustekoa ekarri zien produktoreei. «Musika elegante eta erromantikoa sortu nahi izan zuen filmari dimentsio emozionala emateko asmoz: komikoa, hunkigarria eta bihurria» Fernandezen esanetan. Filma 1921ekoa bada ere, musika 1971an ezarri zion: Eric James arduratu zen musikaren moldaketaz, Eric Rogers orkestrazio eta zuzendaritzaz arduratu zelarik. 1995-96ean, Karl Davisek zuzeneko emanaldirako bertsiora egokitu zuen, 40 musikarik emateko.
Baigorrin gozatzen ahalko dena Timothy Brock zuzendari eta musikagileak 2013an moldatua da, 16 laguneko orkestrarako.
Sekuentzia eta tempoen balsa
Xare laborategiko hamasei musikarik 'The Kid' film mutua zuzenean musikatuko dute Baigorriko musikaldian: «erronka handia» da Txaber Fernandez orkestra zuzendariarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu