Euskal Sagardoa jatorri izeneko lehendakaria

Oihana Gainzerain: «Sektorea sufritzen ari da; ez diot etorkizun errazik ikusten»

Ia bost urte karguan egin ostean, Euskal Sagardoa jatorri izeneko lehendakaritza utziko du Oihana Gainzerainek. Oiharte sagardotegiko Maite Retolazak ordezkatuko du.

Oihana Gainzerain Euskal Sagardoa jatorri izeneko lehendakaria, Irungo Etxezabal baserriko sagastian. GORKA RUBIO / FOKU
Oihana Gainzerain Euskal Sagardoa jatorri izeneko lehendakaria, Irungo Etxezabal baserriko sagastian. GORKA RUBIO / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Irun
2024ko irailaren 19a
17:00
Entzun

Oihana Gainzerainek (Hernani, Gipuzkoa, 1979) azken aldiz aurkeztu du sagar uzta jatorri izeneko lehendakari gisa. Zelaia sagardotegian jarraituko du: «Borrokan. Gure tokiari eusteko, eta enpresa familiarrek dituzten zailtasunei aurre egiteko».

Zer balantze egiten duzu?

Orokorrean, gazi-gozoa. Batetik, jatorri izenak egin duen ibilbidea oso emankorra izan da, oso positiboa, eta sektorearentzat beharrezkoa. Bestetik, ordea, sagardoaren sektorea sufritzen ari da, eta ez diot etorkizun erraza ikusten. Ez sagardoari, ez sagarrari.

Etorkizun errazik ez? Non daude, bada, zailtasunak?

Lehen sektoreak dituen arazo berberak dauzkagu: sagasti berriak sortu dira, baina baserrietan arazoak daude belaunaldi berriekin. Eta sagardotegietan ere gauza bera ari da gertatzen. Errentagarritasunarekin ere arazo handia daukagu: salmentak ez dira guk nahi bestekoak, eta ez da lortzen sagardoa merkatuan posizionatzea. Sagardotegi batzuk itxi egin dira, eta gehiago itxiko dira etorkizunean.

Baina jendearen inpresioa ez da hori, ezta? Aberasten ari zaretela diote.

Kontziente gara horretaz; hori ere badagoela. Guk disfrutatzeko produktu bat saltzen dugu, gauza positibo bat, festa giroan, txotx garaian, sagardoa dago nonahi, eta sagardotegiak batean eta bestean, baina sektorearen errealitatea beste bat da. Txotx garaiaren eta ostalaritzaren negozioak, ikusgaitasuna ematen duen horrek, hiru hilabete irauten du. Zenbakietara eramaten duzunean, ez da hainbeste. Atzean benetan dagoena sagardoa bera da. Eta produktu horren errealitatea beste bat da.

Bat baino gehiago harritu egingo da.

Badakit inpresioa bestelakoa dela, eta askotan entzuten dugu txotx garaian: «Ze ondo bizi zareten. Hiru hilabetez lan egiten duzue, eta urte osoan primeran bizi zarete gero». Eta irribarre batekin hartzen dituzu halakoak, han bertan hau guztia kontatzen ez hasteagatik, baina egia dena da sektoreak beste errealitate bat duela, datuak direnak direla, eta sagardotegiak ixten ari direla. Beste sektoreetan gertatzen den hori ez da sagardogintzan gertatzen: enpresa handiak etortzen direla inbertitzera edo erostera. Sagardotegiak ez dira erosten. Hori zerbaitengatik da.

Jatorri izenak zure agintaldian eman duen albiste positiboena izan da Euskal Herri osoko sagardoa jasoko duela?

Oso albiste ona izan da hori. Jatorri izena jaio zenean, Euskal Sagardoa izena jarri zitzaionean, oso kontziente ginen Euskal Herri osoko proiektu bat izan behar zuela. Hori zen gure nahia. Une hartan ez zegoen hori lantzeko aukerarik, baina ez dugu ikuspuntu hori sekula galdu. Ipar Euskal Herriarekin lan egiteko aukera sortu zen, eta Nafarroarekin ere aritu gara. Haien partetik ere beti egon da interesa. Markak berak zentzu handiagoa hartzen du, eta ekoizteko ere aukera asko irekitzen dira.

Ezurtea izateak horrenbeste eragiten du zuen jardunean?

Bai, eta asko. Guk urteko produktu batekin lan egiten dugu. Sagardoa urtean ekoitzi eta saltzen da, eta merkatuak jarraitutasuna eskatzen dizu. Horretarako, zure ekoizpenak ere behar du egonkortasun bat: ezin duzu urte batean asko izan eta hurrengoan gutxi. Eta sagarrak, une honetan, ez digu hori ematen. Desoreka horrek eragin egiten digu, guk urtero antzeko kopurua daukagulako ekoitzi beharra, lortu duzun merkatua, lortu duzun salmenta urtetik urtera bermatu beharra daukazulako. Horretan ari dira denak lanean: Fruitel, aldundiak, unibertsitateak… Uztak orekatuagoak izan daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.