Segurtasuna ardatz

Gipuzkoa Encounterrek errealitate birtuala eta segurtasun informatikoa landuko ditu. Seiehun parte hartzaile bilduko dira Tolosan bihar arte

Informatikarekin lotutako hainbat jarduera izango dira asteburuan Tolosan. BERRIA.
Nagore Rodriguez.
2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Aurtengo Gipuzkoa Encounterrek bi segundo baino ez ditu behar izanjaialdiko plaza guztiak betetzeko. Informatikazaleen topaketak laurehun ordenagailu postu eta seiehun parte hartzaile bilduko ditu, asteburu honetan, Tolosako Usabal kiroldegian (Gipuzkoa).

Aurtengo topaketak segurtasun informatikoa eta errealitate birtuala izango ditu gai. Igandera bitarte egingo da Euskaltel Konekta fundazioak antolatutako jaialdia. Hamahirugarren aldia du aurten.

Tailerrak, solasaldiak, lehiaketak eta beste izango dira. Solasaldietan, adituek aholkuak emango dituzte teknologia berriak erabiltzean prebentzio eta segurtasun neurriak hartzeko, ordenagailuetan eta sakelako telefonoetan sor daitezkeen arazoak saihesteko. Gainera, errealitate birtualaz gozatzeko aukera ere izango dute parte hartzaileek.

Segurtasunaz gain, bestelako gaiak ere landuko dituzte hitzaldietan; hala nola robotikarekin, programazioarekin eta datuen analisiarekin lotutako gaiak.

Opengune espazioan, jokoen eremua, 3D inprimagailuak, errealitate birtuala, hardwareak eta marka teknologikoen mahaiak jarriko dituzte. Mahai horietako bat Thermaltake enpresarena izango da. Elikatze iturrien diseinuan eta fabrikazioan, hozte sistemetan eta prestazio altuko kaxetan espezializatua dago. Gipuzkoa Encounterren jarriko duen mahaian, bisitariek Mod Vodka ezagutu ahal izango dute: eraldatua dagoen ordenagailu bat. Gainera, hozte likidoari buruzko ikastaroa emango dute.

Opengune, zabalik

Opengunera edozein sartu ahal izango da. Aurreko urteetan, ehunka lagun bildu izan dira gune horretan. Aurten, Interneteko segurtasuna denez gai nagusia, jende asko espero dute. Parte hartzaileek erreserbatuta daukaten gunearen ondoan dago.

Tailerretan, bestalde, arte digitalarekin, programazioarekin, bideo jokoekin, software librearekin eta hardwarearekin lotutako gaiak landuko dituzte.

Tolosako Goi Formakuntza Profesionaleko Tolosaldea institutuko lau ikaslek ere parte hartuko dute informatika topaketan: errendimendu handiko sareek nola funtzionatzen duten ikasi, eta institutuan ikasitakoa testuinguru erreal batean aplikatuko dute.

Tolosan bilduko diren parte hartzaileek abiadura azkarra izango dute egun horietan, Euskaltelek ezarriko duen sare informatikoari esker. Hain zuzen ere, segundoko 10 gigako Internet konexioa egongo da, etxeetan egoten dena baino askoz azkarragoa. Hori baliatuko dute bideo jokoetan, tailerretan eta bestelakoetan parte hartzeko.

Parte hartzaile askok Tolosan bertan pasatuko dute gaua; horretarako, literak jarri dituzte Laskorain ikastolan.

Gipuzkoa Encounter

Gaur eta bihar, Tolosako Usabal kiroldegian (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.