Kutxa Bira

Seguran amaitu da Kutxa Biraren ibilbidea

Kutxa Bira egitasmoa atzo amaitu zen, Seguran (Gipuzkoa). Goizean, bizikletan eraman zuten kutxa Urruñatik Segurara, eta han egin zuten amaiera ekitaldia.

Paulo Ostolaza.
2021eko maiatzaren 30a
12:25
Entzun

Amaitu da Kutxa Bira egitasmoaren ibilbidea. Euskal Herria eta diaspora zeharkatu ditu Iparra Hegoa elkartearen ekinaldiak, eta hasierako asmoa bazen ere egitasmoa 15-20 herritara zabaltzea, azkenean 80 herritara eraman dute kutxa Bizi gira... kutxa bira! lelopean. Lehenengo amaiera ekitaldia egin zuten larunbatean Urruñan (Lapurdi), giro alaian eta keinu aldarrikatzaileekin, eta atzo bigarrengoa eta azkenekoa egin zuten Seguran (Gipuzkoa).

Goizean, Urruñako eta Segurako txirrindulariek bizikletan eraman zuten kutxa, herri batetik bestera. Lehen geldialdia 12:30ean izan zen, herri sarreran harrera egin baitzioten kutxari. Han dago Iparra Hegoaren lehen edizioan landatu zuten gereziondo bat, duela 25 urte.

Gero, 13:00etan, ekitaldi bat egin zuten, Baratze ondoko areto futboleko gunean. Kike Amonarrizek aurkeztu zuen ekitaldia, eta, lehenik, Segurako mezua aurkeztu eta kutxan sartu zuten, dantzarien eta bertsolarien laguntzarekin. Segurako antzerki taldeak ere egin zuen Kutxa Birari buruzko antzezpen bat. Azkenik, Amets Arzallusek kutxan dauden mezu batzuk aukeratu zituen, eta haien inguruko irakurketa bat egin zuen. Eguna amaitzeko, 18:00etan, Galerna taldearen kontzertua izan zen.

Hilabeteetako egitasmoa

Euskararen aldeko ekitaldi batzuk bertan behera geratzearen «galera emozionalak» konpentsatzeko eta «herria» erdigunera eramateko helburuz sortu zuen egitasmoa Urruña eta Segurako herritarrak biltzen dituen Iparra Hegoa elkarteak. Argentinan abiatu, eta Euskal Herria gurutzatu du geroztik, iparraldetik hegoaldera, eta ekialdetik mendebaldera. Gainera, Euskal Herritik kanpora ere ibili da, Bartzelonan eta Parisko Reau espetxean. 

Igarotako herri denetan harrera beroa egin diote Kutxa Bira egitasmoari. Tokian tokiko euskaltzale eta eragileek antolatu dituzte ongi etorriko ekitaldiak, eta, ondotik, herritarrek beren ametsak sartu dituzte bertan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.