Ordiziako azokaren (Gipuzkoa) berri ematen du Lierni Elortzak (Segura, Gipuzkoa, 1965) Info7n, Euskal Irratietan eta Leitzako (Nafarroa) Karrape irratian, baita Goierriko Hitza-n ere. Urte luzez Segura irratiko langilea izan zen, eta hedabide horrekin lotuta jarraitzen du gaur egun ere.
Zer balantze egiten duzu Bixibixi saioaren hamar urteotako bideaz?
Oso balantze baikorra, zentzu askotan. Batetik, Hitz eta Irri Euskaraz Elkarri elkartekoak sustengu izan ditugu. Entzuleen aldetik ere oihartzunak onak dira. Saioko parte hartzaileen erantzun baikorra izan dugu; elkarrizketa aberatsak atera dira. Jende interesgarria ezagutzeko aukera izan dugu.
Entzuleekin nolakoa da komunikazioa gaur egun?
Kuantitatiboki zehatz jakitea zaila da, irratiak ez duelako neurketarik egiten. Baina mezuen bidez eta kalean jasotzen duguna aparta da: harreman oso ona dugu entzuleekin. Euskara elkarte bati ez zaio dirua erraz etortzen, eta urtero planteatzen dugu saioarekin jarraitu ala ez.
Edukien eta gaien aldetik zer garapen izan du programak?
Hasieran, ordu erdiko saioa zen. Gero, oso laburra zela ikusi genuen, eta ordu batera pasatu ginen. Egunean eguneko gaiei erreparatzen diegu. Adibidez, orain bertsolaritza txapelketa nagusiak tarte bat du saioan. Sail finkoak badauzkagu, eta unean uneko gaiei heltzen diegu beste tarte batzuetan.
Nolako gaiak eramaten dituzte euskara elkartekoek?
Denetarik izaten ditugu. Gogoetak iristen dira, esate baterako. Salaketa moduko oharrak ere sartzen ditugu; adibidez, euskara traketsean agertzen diren mezuak. Albiste bitxiak ekartzen ditu elkarteak, baita aldarrikapenak eta iradokizunak ere. Hilean behin, atal finko bat egiten du Santos Belokik: Euskara jalgi. Hitz eta esamolde ederrak eramaten ditu atal horretara. «Niri gustatzen bazait, nola ez besteei ere», esaten du. Ekarpen polita da harena. Bestalde, hitanoa erabiltzen saiatzen gara.
Urte asko dira Segura irratia martxan dela. Zer ekarpen egiten dio euskal komunitateari?
60 urte bete ditu Segura irratiak. Nire gusturako, gehiago eskaini ahal ziokeen irratiak euskal komunitateari. Irrati txiki batek eman dezakeena ematen du, baina ahalak mugatuak ditu. Zailtasun guztien aurka, irratiak hor jarraitzen du. Azpimarratu nahiko nuke irratia indarberritzen ari dela. Jende gaztea sartu da, esatari batzuk erretiratu ostean. Oldar berri bat sentitzen da. Itxaropena daukat irratia indarberrituko dela. Langile gazte gogotsuek eman diezaioketen indarrarekin, aurrera egingo dute, eta horretan ari dira.
Bixibixi saioarentzat zer eskatuko zenuke datozen hamar urteetarako?
Labur esanda, bixi-bixi jarraitzea. Gonbidatu guztiek orain arte bezain bizi erantzutea nahiko genuke. Euskara biziberritzeko helburuarekin sortu zen programa, eta alde horretatik zerbait lortzen ari garela sentituz gero, pozik egongo ginateke. Hori neurtzea ezinezkoa da, dena den.
Segura irratiko langilea izan zinen urte luzez. Egun nola sentitzen zara mikro aurrean jartzen zarenean?
Segura irratiko mikroaren aurrean oso-oso ondo sentitzen naiz. Nire etxea izan da Segura irratia: bizitzak bertara eraman nau. Beste lanbide batzuetan aritu naizen arren, irratiarekiko soka ez dut behin ere hautsi. Nire bihotzeko irratia da Segura irratia. Beste irratietako kolaborazioetan mintzalaguna hurbilekoa sentitzen badut, eta horrela sentitzen ditut dauzkadanak, xarma du irratiko entzuleekin gauzak partekatzeak.
Irrati guztietan euskara txukuna erabiltzen al da?
Euskara oso traketsa erabiltzen da zenbait hedabidetan. Gazteekin lotura gordetzeko propio egina dela iduri du, baina ez zait normala iruditzen. Euskarak naturala izan behar du, baina horrek ez du esan nahi trakeskerietara joan behar dugunik. Puritanismoak alde batera utzita, euskaraz txukun eta natural egin daiteke trakeskerietara eta espainolkerietara jo gabe.
Lierni Elortza. Irrati esataria
«Segura irratia indarberritzen ari da; jende gaztea sartu da»
Segura irratiak 60 urte bete ditu, eta 'Bixibixi' saioak, berriz, hamar. Asteazken eguerdian aurkezten du programa Elortzak, euskara biziberritzeko asmoz, herriko euskara elkartearen sostenguarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu