Segurtasunagatik, Jameel ezizena erabiltzen du Top Goon ikuskizunaren zuzendariak. Txotxongilo ikuskizuna da Londresko erakusketak jasotzen dituen egitasmoetako bat.
Noiz sortu zitzaizuen ikuskizuna egiteko ideia, eta zein helbururekin?
2011ko udan sortu zitzaigun ideia, eta udazkenerako martxan zen. Masasit Mati osatzen dugun artistok Siriako herri iraultzari lagundu nahi genion, ezagutza artistikoa eskainiz. Gainera, jende askorengana heldu nahi genuen, bai gure herrialdekoarengana, bai atzerrikoarengana.
Artea protesta egiteko ohiko erak baino modu eraginkorragoa al da?
Txotxongiloek ezkutatzeko aukera ematen dute, anonimotasunari eustekoa. Artistek beren bizitza eta familiarena arriskuan ez jartzeko modu bat da, eta, aldi berean, mugak eta tabuak gainditzekoa, satira politikoa baliatuz.
Zergatik aukeratu duzue ironia eta umore beltza ikuskizunerako?
Berehala erabaki genuen ironia eta umore beltza direla tresna egokiena Siriako erregimenari aurre egiteko. Satira diktadurari kontra egiteko arma indartsua da, gisa horretako erregimenak kritika onartzen ez duen eta jainko estatusa duen lider batean oinarritzen baitira beldurrezko inperio bat sortzeko. Hori hala, diktadorea akatsak egiten dituen gizaki arrunta bilakatzea izaten da erregimen horien beldur handiena, hutsezintasuna bukatzea.
Ali Ferzatek [marrazkilaria], esaterako, aldizkari satiriko bat argitaratu zuen 2000. urtean, Bashar Al Assaden agintaldiaren hasieran, irekiera prozesu hipokrita hura saldu zigunean. Baina, nahiz eta orduan Ferzat eta Al Assad gertukoak izan, laster debekatu zuten. Hala, ironiak ez zuen tarte handirik izan iraultzara arte. 2011n, baina, herritarrak txisteak egiten hasi ziren, gobernua Homseko bizilagunek armak zituztela esaten hasi zenean. Satira erregimenaren muturreko errepresio basatiari, sektarismoari eta heriotzaren kulturari aurre egiteko modua zen.
Erregimenaren aldetik errepresaliarik jaso al duzue? Ez diozue beldurrik gisa horretako balizko erantzunari?
Ez dugu erregimenarekin kritikoa den beste edonork baino beldur handiagoa. Ahal bezainbeste saiatzen gara anonimotasunari eusten, ez dugulako arriskuan jarri nahi gure bizitza eta familiarena. Iraultzari ahal dugun ekarpen onena egitea da helburua. Eta, horretarako, izenak eta aurpegiak ez dira garrantzitsuak, sortzeko gai garena baizik. Dena den, inoiz ez gara egoera kritiko batean egon proiektu hau dela eta. Hala izan dadila aurrerantzean ere.
Nola erreakzionatzen dute ikusleek Top Goon-ek Al Assadi iseka egiten diola ikusita?
Top Goon ikuskizunak, neurri batean, esperantza eta indarra ekarri dio Siriako jendeari, eta erregimenak errepresioa legitimatzeko dituen mekanismoak erakutsi dizkie atzerritarrei. Urtebetean bi denboraldi egin genituen, 30 pasarte filmatuz. Ondoren, 2013an herrialdearen iparraldera joan ginen, zuzeneko saioak egitera eta, bide batez, bertakoei elkartasuna adieraztera, ez ginela haietaz ahaztu eta ez genituela bakarrik utziko esatera. Oso erantzun ona jaso genuen, eta esperantza handia eman zigun. Zoritxarrez, orain islamistek eremu osoa hartu dute beren gain, eta artista gazteek eta ekintzaileek ihes egin behar izan dute. Okerragoa da egoera, bi arrazoi baitituzte alde egiteko: Al Assaden erregimenaren indarkeria eta bere buruari Estatu Islamikoa deitzen dion taldearena.
Al Assaden erregimena soilik kritikatzen al du egitasmoak?
Siriako iraultzarentzat irtenbidea armak hartzea delako ideia gaitzetsi du Top Goon-ek, baita oposizioarekin bat datozen talde armatuen indarkeria ere. Monster [munstroa] izeneko pasartean, esaterako, bortizkeriaren aurkako jarrera argia da. Baina, argi dugunez indarkeria areagotzearen eta gatazka sektarioaren iturburua Siriako erregimena dela, hura da gure lan satirikoaren jomuga nagusia.
Jameel. 'Top Goon' ikuskizunaren zuzendaria
«Satira diktadurari kontra egiteko arma indartsua da»
Siriako Masasit Mati artista taldeak, umore beltza eta ironia baliatuz, kritika gogorra egiten dio Bashar Al Assaden erregimenari 'Top Goon' txotxongilo ikuskizunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu