Sarituak izan diren puntadak

Hilabete gutxiko tartearekin, sarituak izan dira Euskal Herriko arropa diseinatzaile bat eta filmetako jantzi diseinatzaile bat: Iraia Oiartzabal eta Saioa Lara. Kukairen 'Oskara' ikuskizunerako egindako lanagatik jaso du Max saria Oiartzabalek, eta 'Handia' filmerako egindakoagatik eskuratu du Goya saria Larak.

Kukairen Oskara ikuskizunerako egindako jantziengatik Max saria jaso zuen Iraia Oiartzabal arropa diseinatzaileak. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta. Asier Arrate Iruskieta
2018ko otsailaren 22a
00:00
Entzun

Iraia Oiartzabal: «Ilusioa egin zigun, lantalde oso ona geneukalako»


Abuztuan jaso zuen Max saria Iraia Oiartzabalek (Pasaia, Gipuzkoa, 1987) Kukairen Oskaraikuskizunerako sortutako jantziengatik. Sariak bere izena daraman arren, taldeko lanaz dihardu Oiartzabalek: «Uste dut ilusioa egin zigula, lantalde oso ona geneukalako: niretzat, hori da saritu dena, eta hori da garrantzitsuena; nik egin nituen jantziak, baina denen artean osatutako zerbait izan zen, eta polita izan zen». Marcos Morau koreografoarekin eta Jon Maiarekin elkarlanean, jantzi haiek egitea «oso erraza» izan zela dio. «Marcosek argi eta garbi zekien jantziek zein elementu izan behar zituzten bere istorioa kontatu ahal izateko».

Ez zen hura izan Oiartzabalek Kukairentzat lan egiten zuen lehenengo aldia. Lehenago eginak zituen Gelajauziak ikuskizunekoak, baita taldekideek ekitaldi berezietan erabiltzen dituzten uniformeak ere. Gustuko badu ere, ez dio eman nahi sariari duena baino garrantzi handiagorik: «Ez dut ikuskizunen mundura esklusiboki dedikatu nahi: beste batek pentsatuko zukeen ate gehiago irekiko lizkiokeela, baina ezkontzako soinekoak egiten ditut, eta horrela saltzen dut neure burua».

Sormena lantzeko aliatu bila

Eta horretan dihardu Oiartzabalek, «eguneroko borrokan». Ikasketak amaitu berri sortu zuen enpresa, 23 urterekin: gurasoenean hasieran, eta tailer propioan gero. «Nik apustua egin nuen, uste nuelako nire tokia izango nuela: hala ez balitz, ez nuke egingo». Usteak ez zuen ustela izan beste erdia. «Izena ez dakit badaukadan, baina lana bai», dio, barrez. Iaz, 60 soineko inguru egin zituen, eta, itxura guztien arabera, aurten gehiago egingo ditu. Horra iristea, ordea, ez da erraza izan: «Momentu zail asko daude, eta gorabehera handiak ditugu, baina momentu askotan asko disfrutatzen dugu, eta uste dut horregatik jarraitzen dugula».

Bi lan esparru ditu Oiartzabalek: jaten ematen diona, ezkontza soinekoena, eta sormen gosea asetzen diona. Biak ala biak ditu beharrezko. Ezkontzako soinekoak egitea gustuko du, baina ez dio uzten bere sormena nahi bezainbeste garatzen. «Ardatza beti da pertsona: zeinentzako den, zer helarazi nahi duen jantziaren bidez...». Horregatik, hori bezain beharrezko du bere alde sortzailea bizirik mantentzea. «Beti bilatzen ditut aliatuak: ni bakarrik ere nahikoa naiz, baina besteekin elkarlanean gauza desberdinak ateratzen dira, eta, agian, horregatik disfrutatzen dut gehiago».

Juan Luis Goenaga margolariarekin elkarlanean ari da azkenaldian. Abenduan egin zuen Oiartzabalek bere bakarkako lehenengo desfilea, eta berezia izan zen: Pasaian bertan izan zelako, batetik, eta alde sortzaile hori biziarazi zuelako, bestetik. Oiartzabalek egindako soinekoak ziren, Goenagak margotuak: «Artearekiko lotura izan zezan nahi nuen». Izan ere, Oiartzabalen izena diseinatzaile etiketaren ondoan joan ohi bada ere, sortzailetzat du bere burua. «Oihalak erabiltzen ditudalako sartzen naute modan, baina ez zait nire burua horrela saltzea gustatzen».

Eskuz eta neurrira egiten ditu jantziak Oiartzabalek, eta bertatik bertara du arropa katean ekoizten duen multinazional ezagun bat. «Iruditzen zait mundu oso desberdinetan mugitzen garela: bakoitzak bere lana egiten du, eta nik ez daukat zerikusirik haiekin ezertan». Diseinatzaileak halako dendetan lan egiteko prestatzen dituzte, baina Oiartzabal oso kritikoa da horrekin: «Asteroko kolekzioak egiten genituen, horrela egiten dutelako lan merkatuan: hainbestekoa presioa da, non diseinatzaileek ez daukaten denborarik kreatiboak izateko, eta erreta daude. Moda ikasten duen norbaitek, nire ustez, profil sortzaileegia dauka horrela bukatu behar izateko». Modaren mundua «oso friboloa eta hotza» da, Oiartzabalen esanetan: «Kostatu zitzaidan, egia esan, nire profila identifikatzea eta, bereziki, zehaztea, zeren ikusten nuen moda ez zitzaidala gustatzen, ez nuela enkajatzen eta ez nuela enkajatu nahi, gainera».

Ondo gogoan du tailerra ireki zueneko garaia: amarekin joaten zen hornitzaileengana eta behar zuen leku guztietara. Ordutik asko ikasi du, baita errealitatearekin topo egin ere: «23 urterekin gauza asko uste dituzu gero benetan ez direnak, edo ilusio gehiago dituzu: errealitatearekin topo egiten duzunean, gauza asko puskatu egiten dira». Eta, gaitz erdi, bere bidea urratu duelako, nahi izan duena eginez, eta pozik dago, botatako izerdiak merezi izan duelako: «Gaur egun, askoz ere inteligenteagoa naiz, eta atzo baino hobeto nago gaur, zeren egia da sufrimendu askoko bidea izan dela: eroso ez zauden sektore batean lan egitea eta hor zure proiektua kokatzea ez da batere erraza».

 

Saioa Lara: «Dokumentazio lan handia eskatu du 'Handia' filmak»

Handia filmeko jantziengatik irabazitako Goya saria ospatzeko astirik gabe, beste grabaketa batean murgilduta dabil Saioa Lara (Markina-Xemein, Bizkaia, 1977). Atseden gutxi eskaintzen du zinema munduak, baina, ez da kexu. Izan ere, zineman lan finko bat izatea ez da beti posible. «Batzuetan, ez daukagu ezer, eta, besteetan, aldi berean hiru lan egiteko deitzen digute». Oraingoz, lanak agintzen du, eta jantzirik onenak egin dituela jakiteak eragindako «sorpresa eta poztasuna» jostorratzen kaxan gorde ditu: «Grabatzen amaitzen dudanean ospatuko dut behar bezala».

Asko du ospatzeko diseinatzaile markinarrak. Handia izan baita Jon Garañoren eta Aitor Arregiren azken filmean egin duen lana. «Filmak fantasiazko ukitua badu ere, Altzoko erraldoiaren istorioa erreala da, eta horregatik dokumentazio lan handia eskatu du Handiafilmak», azaldu du. Museoetan eta liburuetan informazio asko bildu behar izan du XIX. mendeari buruz, eta horrek, jantziak diseinatzeaz gain, hilabeteetako dokumentazio lana eskatu dio. Lararen eginbeharra zen pantailan agertzen dena garaiarekiko ahalik eta fidelena izatea, eta hori ez da beti erraza. «Gogorra izan zen, baina, asko ikasi dut», azaldu du. Haatik, Lararen aburuz, antzinako garaietan oinarritutako film bat egitea bezain zaila izan daiteke gaur eguneko bat egitea: «Gidoiaren eta zuzendariek nahi dutenaren araberakoa da; azkenean, proiektu bakoitzak bere abantailak eta oztopoak ditu».

Gizandia sortzeko lan erraldoia

Handia filmaren kasuan, gainditu beharreko oztopo nagusia erraldoia bera sortzea izan zen. Altzoko erraldoia antzezteko, akuilu-makuilu batzuen gainean grabatzen zituen eszenak Eneko Sagardoi aktoreak, eta arropen azpitik gorputz artifizial bat zeraman. Larak, erraldoiaren tamainarako jantziak egiteaz gain, erraldoia «ahalik eta normalena» ikustearen ardura zuen: «Enekoren arropak proportzionatuta egin behar nituen, eta azpitik zeramatzan akuilu-makuiluak eta gorputz faltsua disimulatu». Hori gutxi balitz bezala, 1.000 aktore estra baino gehiago jantzi behar izan zituen diseinatzaileak: «Estra horien guztien jantziak ere jatorriaren arabera ezberdindu egin behar izan genituen: Altzokoak, Madrilgoak, Pariskoak…».

Altzoko erraldoiaren filma berezia izan da Lararentzat, baina, azaldu duenez, prozesua antzekoa da film guztietan. «Lehenik eta behin, gidoia irakurtzen dut, eta, horren bidez, pertsonaia guztiak imajinatzen ditut; ostean, zuzendariarekin harremanetan jarri, eta negoziatzen hasten gara». Filma zuzendariarena dela argi utzi du, eta buruan duenari forma ematea dela grabaketa taldeko sail bakoitzaren lana: «Zuzendari bakoitzaren nahiak ulertzen saiatu eta lana erraztu behar diogu». Hala ere, onartu du, diseinatzaile bezala, «barrutik ateratzen» zaiola jantziei bere ukitua ematea. 

Grabaketetan, «barre asko» ere egiten dutela dio diseinatzaileak. «Lagun artean gaude, eta horrek estresa kanpora botatzen laguntzen du». Grabaketek denbora asko irauten dute, eta jende asko elkartzen dute. Horregatik, Larak azpimarratu du ezinbestekoa dela elkar asko laguntzea: «Egunero 11 orduz aritzen gara elkarlanean, eta familiek bezala elkar sostengatu behar dugu».

Zergatik murgildu zen horrenbeste nekea eta estresa sortzen duen mundu batean? Ez du oso argi; bai, ordea, oso gustuko duela bere lana: «Fina Salegik proposatu zidan zineman hastea, gauza batek bestera eraman ninduen, eta, orain, ez dut neure burua imajinatzen beste lan batean». 2005ean hasi zen zineman, eta 2006an probatu zuen jantzi diseinua. Ordutik hona hamazazpi filmetako jantziak diseinatu ditu; tartean, HandiaArriyaLoreak eta Lasa eta Zabala. «Esperientzia oso polita eta aberasgarria izaten ari da». Txanponaren beste aldea, ordea, atsedenerako duen tarte gutxia da. «Domekak aprobetxatzen ditut atseden hartzeko».

Denbora librea duenean, «deskonektatzea» besterik ez du nahi izaten; baita filmak edo telesailak ikusten dituenean ere. Zinemazalea dela dio diseinatzaileak, eta, zinema aretoetara doanean, «filmez gozatzea» besterik ez duela buruan adierazi du. «Beste kontu bat da film bat egiteko dokumentazioa biltzen ari naizenean, bideo zati konkretu batzuk ikusten jartzen banaiz, orduan bai aztertzen ditut koloreak, jantziak eta abar». Bide berari eutsiz gero, litekeena da bera bihurtzea beste jantzi diseinatzaileen inspirazio iturri. Handia eta Loreak filmetan diseinatzaile markinarrak egindako lana ez da oharkabean pasatu.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.