Ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen den testu kapikua horiei goitik beherako traza eman diete oraingoan, eta jenialtasunaren, zentzuaren eta zuzentasunaren hurrenkeran sailkatu dituzte. Euskarazko palindromo lehiaketak baditu irabazleak, eta Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde kultur parkean banatu dituzte sariak, BERRIA lehiaketaren babeslea baita. Mikel Azkaratek irabazi du lehen saria: «Irauli psiko-eleok ispiluari» palindromoarekin. Jon Altunarentzat izan da bigarren saria: «Utz Iparragirre han! Ona da danona; herri garra piztu». David Amuategirentzat hirugarrena: «Ostolaza zenez izenez Ana; zen ezizenez Azal Otso». Laugarren sari bat ere banatu dute, aipamen bereziak egin dizkiete jostarienari, luzeenari eta 18 urtez azpikoari, eta aparteko aipamen bat ere bai.
Bigara taldeak, Markos Gimeno palindromogilea zenaren ingurukoek eta Rober Peramento palindromogileak antolatu dute euskarazko palindromoen lehiaketa. Testuingurua? Duela ehun urte antzeko bat antolatu zuela Ebaristo Bustintza Kirikiño idazleak Euzkadi egunkarian. 150 palindromotik gora bidali zizkioten orduan Kirikiñori; 477 izan dira ehun urte geroago. «Kalitatezko esaldi kapikuak daude, palindromo dibertigarri eta jostalariak, batzuk sinpleak eta iradokitzaileak, eta beste batzuk endrebesatuak», azaldu dute epaimahaiko kideek —Joseba Sarrionandia idazlea, Rober Peramento palindromogilea, Itziar Aranburu Bigara elkarteko kidea eta Aitor Ogiza Toto irakaslea eta palindromozalea—.
Ezizenak emanda parte hartu dute lehiaketan palindromogileek, eta ezizenetatik bertatik hasi dira palindromogintzan: Autore erotua, SotoS, Akira Marika, Oso soso... Mikel Azkarate irabazleak ez du palindromorik egin ezizenean: Azkaz. Lehiaketak balio izan dio duela urte batzuk hitzekin jolasteko zuen ohitura hura berreskuratzeko: «Aspaldi hasi nintzen. Markos Gimenok berak erakarrita, duela hamabost bat urte, Twitter sare sozialaren itzalean, hitz jokoetan. Palindromo hau [«Irauli psiko-eleok ispiluari»] garai hartakoa da, gainera», azaldu du Azkaratek.
Martin Ugalde kultur parkeko sari banaketan ezagutu dute askok elkar. Ezizenarekin lehiatu direnez, izan da sorpresaren bat ere: «Baina zu zara Txangurro?». Euskal komunitatean palindromo eta hitz jokoen zaletasuna piztea bazen lehiaketaren helburuetako bat, eta zaletasuna duten pertsonak lokalizatu eta hartu-emanak sendotzeko bideak irekitzea ere bai beste bat. Lortu dute. «Palindromoena birus txiki bat da, sartzen zaizunean oso zaila dena ateratzea. Hazitxo bat izan liteke hau komunitate bat sortzeko», berretsi du Azkaratek.
Asier Arregik Akira Marika ezizenarekin parte hartu du. Bera izan da palindromo luzeena osatu duena: 315 hizkirekin jositako elkarrizketa bat, ezker-eskuin eta eskuin-ezker berdina. «Bat-batean hasi nintzen. Sukarraldi bat izan nuen abenduan, eta 39ko sukarrarekin hasi nintzen hizkiak ikusten era batera eta bestera. Poliki-poliki, trebetasun apur bat hartu, eta tiraka, atzetik eta aurretik osatzen», esplikatu du Arregik.
Markos Gimeno zenaren inguruan sortu da egitasmoa. Arregik azaldu du institutuko laguna zuela, eta lehiaketak balio izan diola nolabait harekin berriro bat egiteko. Birusa hedatu da berriz, beraz. Gimeno zenarena da hau: «Ero maite, beti amore».
saridunak
- Lehen saria. Palindromoa: «Irauli psiko-eleok ispiluari». Egilea: Mikel Azkarate (Bergara, Gipuzkoa).
- Bigarren saria. Palindromoa: «Utz Iparragirre han! Ona da danona; herri garra piztu!». Egilea: Jon Altuna (Bergara, Gipuzkoa).
- Hirugarren saria. Palindromoa: «Ostolaza zenez izenez Ana; zen ezizenez 'Azal Otso'. Egilea: David Amuategi (Eibar, Gipuzkoa).
- Laugarren saria. Palindromoa: «Kamarada, bala badaramak?». Egilea: Xabier Lasa (Urretxu, Gipuzkoa).
- Aparteko aipamena. Palindromoak: «Iduri du=dirudi / 'Ni' aroa da orain». Egilea: Igor Martin de Vidales (Bilbo).
- Jostariena. Palindromoa: «Zetak, Kai Nakai, ala ia kaniak katez?». Egilea: Xabier Soto (Donostia).
- Luzeena. Palindromoa: «
- Zu ta ni zulatuz idikeria eta adarra. Zu toreatu, Alf Wolf ala nazi ergela. Uzki-nagi! Lore-zulo! So, nahira musua hega, miretsi marika, neroni alegia.
- Emetuz idia gero, Adani ze nazi eme-sexua. Hola, Eba gabe, alo. Hauxe seme izan ezina da. Ore-gai dizut emea, igela!
- Inoren Akira mister image hau, sumari han (oso luzero liga nik zu, alegre izan ala flow!), flauta erotuz arra da.
- Atea ireki dizut… aluzinatuz»
. Egilea: Asier Arregi (Eibar, Gipuzkoa).- 18 urtetik beherakoena. Palindromoa: «Apal aparta ala atrapa lapa?». Egilea: Maddi Aranguren (Usurbil, Gipuzkoa).