Saria sukaldari onenari

Veuve Cliquot saria jaso eta munduko emakumezko sukaldaririk onena izendatu dute Elena Arzak. Pozik agertu da Arzak, eta aitaren babesa eskertu du.

Adrian Garcia.
2012ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Madame Cliquotek xanpainaren mundua irauli zuen orain 200 urte, haren berrikuntza egarri eta indarrari esker. Elena Arzak sukaldariak balio horiek egungo gastronomian ordezkatzen dituela esan du Restaurant gastronomia aldizkariak. Veuve Cliquot saria eman, eta, horrenbestez, sukaldari donostiarra munduko emakumezko sukaldaririk onena dela adierazi du aldizkariak.

«Benetan ustekabea izan da. Umilagoa sentitzen naiz. Asko pozten naiz, Arzak jatetxearengatik eta aitarengatik. Saria ez da niretzat soilik, oro har, euskal sukaldaritzari eginiko aitorpena da», azaldu du Elena Arzakek saria jaso berritan.

Gastronomia aldizkariak aditzera eman duenez, eta «ikerketan oinarrituriko sukaldaritza, bilakaera etengabean eta aurrerakoia» egiten du Arzakek, eta horrexegatik eman diote saria. Arzaken sukaldaritza aurrerakoiak eta zaporeen esperimentazioak nazioarteko errespetua lortu dutela adierazi du Restaurant-ek. «Elenak ez du soilik jatetxe arrakastatsu bat gainbegiratzen. Aitarekin elkarlanean, munduan eragin handia duen jatetxea egin dute».

Saria banatzen duten bigarren aldia da. Iaz, Anne-Sophie Pic Frantziako sukaldaria izendatu zuen Restaurant aldizkariak munduko onena. Aldi hartan, Arzak sariaren atarian geratu zen, Nadia Santini Italiako sukaldariarekin batera. «Iaz hautagaia izatea sari bat izan zen jada».

Aitaren babesa eskertu nahi izan du sukaldariak: «Inoiz ez nintzen honaino iritsiko aitaren laguntzarik gabe. Saria berak irabazi izan balu bezain pozik dago».

Etxean txikitatik ikasi du ofizioa Elena Arzakek, nahiz eta egindako bidaia ugariak ezagutzak zabaltzeko baliatu dituen. Suitzako Luzerna hirian egin zituen sukaldaritza ikasketak. Aitaren jatetxean lan egiteko aukerarik falta ez zitzaion arren, Europako jatetxe handienetan aritu zen sukaldari lanetan. Frantziako Maison Troisgros, Bray y Pierre Gagnaire, Ingalaterrako Gavroche eta Kataluniako El Bulli jatetxeetan aritu zen familiako jatetxean hasi aurretik.

Aski ezaguna dute aldizkariaren arduradunek Arzak sendia. Erreferentzia da aldizkaria gastronomia munduan. Urtero jatetxe onenen zerrenda kaleratzen du, eta, azken bost urteetan, Arzak jatetxea munduko hamar onenen artean sartu da. Iaz, Juan Mari Arzaken ibilbidea nabarmendu, eta Lifetime Achievement Award saria eman zioten.

Mundu osoko 829 kritikari gastronomikok erabaki dute aurtengo Veuve Cliquot saria sukaldari donostiarrari ematea. Barbe-Nicole Ponsardini Madame Cliquot esaten zioten. Emakume haren historian oinarrituz sortu dituzte sariok. Alargun geratu ostean, senarraren xanpain enpresaren jabe egin zen, eta Europa osoko burgesia eta nobleziaren edaririk gustukoena bilakatu zuen edaria.

Apirilaren 30ean izango du hurrengo ekitaldia Restaurant aldizkariak. Egun horretan egingo duten galan, 2012. urteko jatetxe hoberenen sailkapena kaleratuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.