Sari bikoitza Ondarreko Goiburu gaztandegiari

Segurako Ondarre baserriko Goiburu gaztandegiak irabazi du Ordiziako Euskal Jaietako ardi latxaren edo Karrantzako ardiaren esneaz egindako 50. gazta lehiaketa. Hamar urtean hirugarrenez gailendu denez, Urrezko Garaikurra ere lortu du. Super Amarak 3.550 euro ordaindu ditu, gazta erdiaren truke.

4. Abereak. Garagartza plazan egin dute Gipuzkoako behi piriniotarren lehiaketa. IÑIGO URIZ / FOKU.
ane insausti barandiaran
Ordizia
2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun
«H hizkiarekin, behin eta berriro, Goiburuko Eneko!» entzun, eta garrasi batek egin du eztanda Ordiziako (Gipuzkoa) Beti Alai pilotalekuan. Txalo zaparrada bat entzun da atzetik, eta Karmele eta Felix gurasoen bila joan da Segurako (Gipuzkoa) Ondarre baserriko Eneko Goiburu gaztagilea, haiek besarkatzeko. Hunkituta igo da pilotalekuko oholtzara, lortutakoa ezin sinetsita. Bosgarren aldiz irabazi zuen atzo Goiburuk Ordiziako ardi latxaren edo Karrantzako ardiaren esnearekin egindako gazta lehiaketa.

Txapelaz gain, beste garaipen bat ere poltsikoratu du Goiburuk: Urrezko Garaikurra, hain zuzen. Azken hamar urteetan inor hiru aldiz gailentzekotan banatzen da saria, eta gaztagileak, atzokoaz gain, 2014ko eta 2021eko lehiaketak irabazi zituen; hortaz, garaikurra ere eraman du Ondarre baserrira. Guztira, bost aldiz irabazi du Ordiziako gazta txapelketa. «Gaur nik irabazi dut, baina artzain eta gaztagile guztientzat da saria», esan du Goiburuk.

Martxoan egindako gazta izan da irabazlea, «mimo handiz» egindakoa, Goibururen hitzetan: «Lehengo asteazkenean ketu genuen: goiz guztia gazta bakar hau ketzen aritu ginen. Gure etxeko ohitura da, Goierriko ohitura da gazta ketzea, eta uste dugu hori ere garrantzitsua dela». Kortaria etxeko Infernuko gasna geratu da bigarren postuan horrek ere aukera zeukan Urrezko garaikurra irabazteko. Hirugarren saria, berriz, Ordiziako Joseba Insausti gaztagileak lortu du.

50 gaztak parte hartu dute aurtengo lehiaketan, eta 10:30ean hasi dira epaileak horiek dastatzen. 12:45ak inguruan iragarri dute zeintzuk diren hamalau gazta finalistak, eta diplomak banatu dizkiete: lau arabar, lau nafar, bizkaitar bat, eta bost gipuzkoar heldu dira azken fasera.

Omenaldietarako tartea ere hartu dute gaztarik onena aukeratu bitartean. Lehiaketako 50 urteetan, epaimahaiko lehendakari izan da Juan Mari Arzak, eta aurrerantzean, ohorezko lehendakari izatera pasatuko da sukaldaria; haren lekukoa Pedro Subijanak hartuko du. Sukaldaria ez da Ordizian izan, baina harekin grabatutako bideo bat proiektatu dute. Elena Arzak alabak eskerrak eman ditu aitaren izenean: «Ohore handia da omenaldi honen parte izatea».

Azoka berezia

Pilotalekutik kanpo, jendearen joan-etorria etengabea izan da goiz osoan. Asteazkenetako azoka ezaguna da Ordizian, baina irailaren lehenengoa bereziki jendetsua izaten da. Plazako azokaz gain, besteak beste, barazki eta fruitu azoka ere izan da, eta Gipuzkoako behi piriniotarren lehiaketa ere egin dute.

Legorretatik eta Ataundik (Gipuzkoa) bertaratu dira, hurrenez hurren, Iñaki Colomo eta Jon Lasa. «Urtero etortzen gara, urte osoan ikusten ez ditugun lagunekin elkartzera: onenak elkartzen gara hemen. Bide batez, azoka ere ikusten dugu», esan dute.

Azokaren erdialdean, bezeroekin berriketan ari da Axun Etxeberria. Gazteluko (Gipuzkoa) Usurburu baserrikoa da, eta Euskal Jaietan ohi baino gutxiago saltzen duela dio: «Jendea badabil, baina egun hau gehiago izaten da paseatzeko eta ikusteko. Ez da saltzeko egunik onena».

Baliarraingo (Gipuzkoa) Irabi Azpi baserriko postuan, aldiz, pozik dago Edurne Jauregi. Pozik salmentekin, eta pozik, aipamen berezia jaso duelako haien postuak: «Aurten, gainera, tomateekin-eta eskas samar gabiltza, 41 urte hauetan ez zait horrelakorik gertatu. Beti hamabi edo hamahiru mota ekartzen nituen». Ordiziara soilik joaten da gaur egun, eta etxean bezala sentitzen da bertan.

Gaztak atzean utzi, eta arratsaldean, pilotazaleek hartu dute pilotalekua; Jose Migel Barandiaran plazan, berriz, herri kirolek hartu dute barazki eta fruten lekukoa. Iluntzera arte luzatuko da Euskal Jaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.