Aurten, estreinakoz, azokak bi eguneko egitaraua izango du. Gaur, 11:00etatik 14:30era egongo da zabalik, goizez; arratsaldez, berriz, 16:30etik 20:30era. Bihar, egun osoko saio jarraitua egingo dute, 11:00etatik 18:30era. Gaur, beren lanak plazaratuko dituzten sortzaileak, besteak beste, ondorengoak dira: Amesgile, Suma flowers, Agara, Lohiart, Kaori faktoria, Nauena, Amlu eta Hamarratz. Bihar, ostera, honako egile hauek hartuko dute parte azokan, hainbatik hainbatean: Txakur Gorria, Malen Amenabar, Oihele, Titontziak edo Biziki.
Dinagu kolektiboko partaide Ilazki Lilik azaldutakoaren arabera, sormena ogibide bihurtzea xede duten emakumeen plaza da Nomadak Gaitun azoka, eta, hain zuzen ere, artisautzan oinarritutako esparruetako lanak izango dituzte erakusgai: moda, bitxigintza, oihalgintza, inprimatzea, dekorazioa eta ilustrazioa. Merkatu hori iazko Gabonetan abian jarritako #nikbertakoaoparitzendut egitasmoaren jarraipena da, eta erosketak «modu kontzientean eta arduratsuan» egitea du lan molde, Lilik argitu duenez.
Kokaleku berezia
Egia auzoko teila fabrikak badu loturarik egitasmoaren sustatzaileek defendatzen duten kontsumo eredu berriekin: «Balio eraldatzaileetan eta kooperatibismoan oinarritutako denetariko proiektuei aterpea ematen dien espazioa da teila fabrika, eta elkarlana, ekonomia soziala eta kultura ditu ardatz», dio Lilik.
Elkarlan horren agerkaria da, hain zuzen, tokiko eragileekin bultzatzen duten kolaborazioa, eta, aurten, Egiako Jai Batzordearen eta Garraxi eta Koxkorrio tabernen babesa izango dute, besteak beste.
Produktuen salmenta eremu izateaz harago, «balioen elkargunea» ere izango da Nomadak Gaitun azoka. Izan ere, Euskal Herriko emakumezko ekoizleen errealitatea bistaratzeko eta sortzaileen arteko sareak estutzeko gunea izatea bilatzen dute.
Antolatzaileek, «ekoizleen arteko norgehiagokaren gainetik, elkarlana eta ahizpatasuna» aldarrikatu nahi dituzte, eta «eskumenen murrizketaren gainetik, ahalduntzea»; tokikoaren eta bertan ekoizturikoaren aldeko apustua ere egingo dute, «sinisten dugun ekonomia zirkularraren zantzu gisa», Liliren arabera. Autogestioa, euskara eta jasangarritasuna ere zutabe izango dituzte Nomadak Gaitun azokan.
Nomadak Gaitun azoka
Gaur eta bihar, Donostiako Egia auzoko teila fabrikan.