ATZEKOZ AURRERA

Sarekideak besarkatzeko bilkura

3.000 lagun elkartu dira 30. Euskal Encounter azokan. Pandemia osteko aurreneko juntadizoan, beste ezeren gainetik elkargune dela nabarmendu dute parte hartzaileek.

Neska bat bideojoko batekin jolasean, atzo goizean BECen, Euskal Encounterreko areto nagusian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Barakaldo
2022ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Zientzia fikziozko film batetik atereak diruditen ordenagailu ikusgarriak, edozein nutrizionistak debekatuko lituzkeen jakien soberakinak, betzulo ugariren lehen markak eta bideojokoetako pertsonaien mozorro desfileak. Pandemiak ez du askorik aldatu Euskal Encounter bileraren dekoratua, baina parte hartzaile eta antolatzaileek diote aurtengoa besarkaden urtea izaten ari dela BECen, Euskal Herrian egiten den informatikazaleen bilkura handienean.

«Encounter azoka elkartzeko aitzakia bat da», azaldu du Igor Ogiza eibartarrak (Gipuzkoa). «Garai batean jende asko Internet konexioa baliatzeko eta filmak eta programak deskargatzeko etortzen zen. Baina egun etxeetako konexioak askoz hobeak dira, eta inor ez dator horregatik. Orain, jendea lagunekin elkartzera dator; hori da muina. Internet bidezko tratutik aurrez aurrekora pasatzea». 23 urte daramatza azokan parte hartzen, eta urtetik urtera berriro etortzen diren parte hartzaileen %65 horietako bat da.

Encounter azoka 1994an sortu zen, Urretxun (Gipuzkoa), eta ordukoan 25 ordenagailu elkartu zituzten. Aurten, 3.000 dira, 2019an baino bi mila gutxiago, baina horrek ez du arduratu Sabino Sanvicente zuzendari eta bultzatzaile nagusia: «Izena emateko epea ireki genuenean, oraindik maskara generaman barrualdeetan. Ez genekien nola egongo ginen uztailean. Horrela antolatu ahal izatea bakarrik arrakasta izan da».

Ez da xehetasun txikia, Sanvicentek bat egin baitu Ogizaren iritziarekin, eta argi du «pertsonak» direla Encounter azokaren erdigunea: «Sozializatzeko aukera bat da. Pandemiak erakutsi digu bideo deien bitartez edozeinekin hitz egin dezakegula, eta etxetik ere jolastu zaitezke sarean. Hemen, berriz, aurrez aurre elkar ezagutzeko baliatzen dute».

Pantaila ilara luzeak dira areto nagusiko argazkia, bihar arte itzaliko ez direnak. Pasieran dabilen kuxkuxeroak denetarik aurki dezake. Gehienetan, bideojokoak ageri dira, eta ondoren, bideo sormena da nagusi. «Sormen sari gehienak emakumeek irabazten dituzte», azaldu du Ane Bartolome donostiarrak.

Parte hartzaileen %15 emakumezkoak dira, eta azken urteetan kosta egiten ari da kopuru hori igotzea. «Ni askotan etorri naiz, eta nire inguruko emakumeak gonbidatzen ditut. Sei urtez antolakuntzan parte hartu nuen, eta inoiz ez nuen sumatu gutxiespenik emakumea izateagatik». Memorian bila hasi eta gogoan du lehen ekitaldian 43 emakume izan zirela, eta aurten 500 inguru ikusteak poztu egin du.

Bartolomeren eskutik etorri da aurten Irene valentziarra; 29 urte ditu, eta Ivywolf du gamer ezizena: «Nik uste nuen hona etortzeko programazioan edo hardwarean aditua izan behar zela, eta ez da hala. Iruditzen zait uste horrek emakumeak uxatzen dituela. Bideojokoak eta sormena dira nire mundua; friki bat naiz, eta hemengo gehienak berdin».Iragarri du laster emakume kopuruak gora egingo duela: «2035ean egungoak adina bi izango gara».

Bartolomek lagunaren haria hartu du, eta urteekin bilera aberastu izanaren garrantzia nabarmendu: «Informatikaren inguruan dauden subkulturei tokia egin zaie. Mundu zabal bat da hau, elkarrengandik gertu dauden ezinegonak, afizioak, ohiturak... Hazten lagundu digu».

Aberastasun horren zati baten arduradun da Xiber Agilera. Encounterreko hardware sailean dihardu. Tailerrak, errealitate, birtuala... denetarik dago. «Inprimatze litografikoa da berritasun handiena», zehaztu du. Baina zer da hori? «Hiru dimentsioko inprimagailu berriak. Plastikoaren ordez erretxina bat erabiltzen dute. Bizkorragoak eta zehatzagoak dira. Hamarkada gutxitan denok izango dugu bat etxean».

Eta euskara?

Euskaltzalea da Sanvicente, eta hor du arantza txikia. Informazioa, harrera... Dena euskaraz dago Encounterrean. Halere, eta parte hartzaileen %64 euskal herritarrak izan arren, gutxi entzuten da. «Euskalduna dena guregana euskarazgerturatzen da, badaki ondo artatuko dugula, baina mahaietan...». Datu deigarria eman du: «2019an, bideojoko baten finala zuzenean eman genuen streaming bidez. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez aritu ginen. Euskarazko ikusle bakoitzeko gaztelaniazko 10.000 zeuden, eta ingelesezko 50.000».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.