Sareen bizitza nola saretu

Arrantzaleek urtean 640.000 tona sare eta aparailu galtzen dituzte itsasoan. Arazo bihurtu dira aspaldian urpean; beste horrenbeste biltegietan pilatuta daude. Horiei aterabide bat eman nahian, hainbat proiektu sortu dituzte.

Urpekari bat, iazko ekainean, Jaizkibel inguruko itsas hondoan, Realaren proiekturako sareak biltzen. REAL SOCIEDAD FUNDAZIOA.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Jitoan dabiltza asko, urpean. Katramila erabilgaitzak dira beste asko, biltegian. Behinola haiei ihes egindako arrainak eta beste hainbat espezie trumilka harrapatzen dituzte preso euren joanean, eta neurririk gabeko kalteak eragin ozeanoen barrenean. Arrantzarako sareena elkarren artean sortutakoa baino korapilo handiagoa da, eta gero eta gehiago dira endredoa askatzen edo endredoaren berri ematen saiatzen diren proiektuak.

Greenpeace erakunde ekologistak egindakoa da azken txostena: Ghost gear: the abandoned fishing nets haunting our oceans (Arte fantasmak: gure ozeanoen atzetik dabiltzan arrantza sare abandonatuak). Argigarriak eta harrigarriak dira erakunde horrek eman dituen datuak: urtero bi solairuko 50.000 autobus botatzen dira itsasora. Esateko modu bat da, noski, baina horixe litzateke kopurua arrantzaleek urtero itsasoan galtzen dituzten sareak eta bestelakoak batuta: 640.000 tona. Itsasoan pilatzen den zaborraren %10 da arrantzarako sare zaharrek osatzen dutena. «Urtero, milioika tona plastikok amaitzen du itsasoan, eta plastiko horiek guztiek animaliak harrapatu, kateatu edo hil egin ditzakete, baina arrantzarako erabiltzen diren sareak eta aparailuak bereziki kaltegarriak dira, zeregin horretarako diseinatuak daudelako, hain zuzen», nabarmendu dute txostenean.

Txosten horrek datu gehiago ere ematen ditu: erabiltzen diren arrantzarako sareen %6 gelditzen dira jitoan eta itsasoan galduta, arrantza estatikorako edo pasiborako erabiltzen diren aparailuen %9, eta soka amudun, tretza, korda eta kordelinen %29 ere bai. «Hondakin horiek, hainbat espezie akabatzeaz gain, kalte larriak eragiten dituzte itsas hondoetako hainbat habitatetan», ondorioztatu du txostenak.

Kontzientzia sortzen

Jitoan dabiltzanek arazoak sortzen dituzte, eta portuetako biltegietan pilatuta daudenek ere bai. Batzuei eta besteei aterabideren bat topatu nahian, hainbat proiektu abiarazi dituzte azken urteotan. Ternua enpresakoak aitzindariak izan dira horretan: itsasoko zaborraren inguruan kontzientzia sortzen eta zabor horrekin arropa egin daitekeela erakusten. Edu Uribesalgo Ternua Groupeko berrikuntza eta jasangarritasun zuzendariak 2015. urtean egindako bilera bat du gogoan: «Ikusten genituen baleen eta bestelako animalien argazkiak sareetan harrapatuta, eta bageneukan halako kezka bat gure artean: 'Euskal Herrian badaude halako sareak? Posible litzateke sare horiek itsasotik ateratzea? Edo guk eskuratzea eta zerbait egitea?'. Itsasmendikoi erakundeko Koldo Goitia ezagutzen nuen, eta deitu egin nion. Harremana zeukan Leandro Azkue Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariarekin, eta hemen bertan egin genuen lehen bilera, Arrasaten».

Azkuek esplikatu ei zien Kantauri itsasoan ez zegoela hainbeste sare urpean, «nahikoa garbi» zegoela alde horretatik, baina biltegietan pilatutakoak «arazo» bihurtuak zirela aspaldian. «Proposatu genion proiektu bat egitea: arrantzaleekin hitz egin, inbentario bat osatu, zer zuten jakin... Berehala hasi ginen lanean. Ez genekien oso ondo nondik nora genbiltzan, baina hamabi tona sare jaso genituen 2015ean».

Uribesalgok dio «apurka» ikasiz joan zirela, ez baita «batere» prozesu erraza: «Sareak jasotzen dituzu, baina sareak zikinak daude, batzuk poliamida 6z eginak dira, besteak poliamida 6,6z, besteak polipropilenoz...». Gogoan du nola jo zuten hasieran Norvegiako enpresa batengana sareak jaso eta banantzeko. Italiako beste batengana gero, prozesu kimiko baten bidez sareak despolimerizatu, polimero berri bat egin, eta horrekin haria osatzeko. «Hori dena ikasi genuen ezer jakin barik. 2017an gure bilduman bagenituen lau jantzi sare horiekin lortutako ehunez egindakoak. Gaur egun, sareak berrerabiliz egindako produktuak dauzkagu gure lau marketan, eta Ternuaren bilduma guztietan. Lehengai berezi bat bihurtu da gure bildumetan».

Lehenak izan ziren Ternuakoak, eta Realaren fundaziokoak izan dira azkenak. Sareak izeneko proiektua aurkeztu zuten martxoan, Panthalassa agentziarekin eta Gipuzkoako Saregileen Elkartearekin elkarlanean. «Prozesua itsasoan hasten da, eta hondartzan bukatzen da. Hori oso garrantzitsua zen guretzat: sareek hondartzako futbolean amaitzea, ateetan», azaldu du Iñigo Diaz de Zeriok, Real Sociedad fundazioko proiektuen arduradunak.

«Ekonomia zirkularra» sustatu nahi izan dute, eta «kate oso baten berri eman». Sareen bila Realeko urpekaritza sekzioarekin joan dira, saregileen laguntzaz lortu dute beste erabilera bat ematea, eta hondartza futboleko eta Gipuzkoako federazioko kideak ere izan dituzte bidelagun. Proposamena, berriz, Panthalassarena izan zen. «Interesgarria iruditu zitzaigun ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin lotutako sentsibilizazio kanpaina bat lantzen genuelako, bai, baina saregileen jarduna aldarrikatu eta goraipatu nahi genuelako ere bai», nabarmendu du Diaz de Zeriok.

Hiru fase izan ditu proiektuak: sareak jasotzea, haiek eraldatzea eta berriak entregatzea. «Realeko urpekariekin eta Panthalassako kideekin joan ginen sareak jasotzera, Jaizkibel ingurura. Nahiz eta garbi geneukan ur azpiko sareekin ez zela nahikoa izango gure proiekturako».

Eraldatzea saregileen esku utzi dute: «Eredu bat eraman genien, eta horrekin hasi ziren lanean. Behin lehen sarea egin zutenean,marroi kolorekoa zenez, konturatu ginen ateen atzean ez zela nabarmentzen, gardena gelditzen zela, eta erabaki genuen zuriz margotzea. Ez da prozesu erraza izan, baina lortu dugu». Eta entregatu dituzte lehenak: «Garbi geneukan hondartzan amaitu behar genuela. Gipuzkoan, jokalari asko hondartzetan hasi ziren futbolean —Donostian, Zarautzen...—. Larunbat goizetako partida horietan ikusi nahi genituen sareak». Hasi besterik ez dira egin. Diaz de Zeriok dio «hobekuntzak» egin behar dituztela oraindik, baina hori ez dela helburu bakarra: «Sentsibilizatu eta kontzientziatzeko proiektu bat da, baina ez kanpaina bat ordainduz eta zure logoa jarriz egina, baizik eta ekintzen eta emaitzen bidezkoa».

Saregileen poltsak

Edurne Salaberria da Realaren proiektu horretan parte hartu duten saregileetako bat, baina badute haiek sareen berrerabilerarekin lotutako beste egitasmo bat: Honsare. «Poltsak egiten ditugu. Hiru modelo: bizkar zorroak, eskuko zorroak eta zorroak. Horretan ere aritzen gara. Botatzera doazen sare pusketekin egiten ditugu. Sailkatu, puskarik onenak eta berrienak aukeratu, garbitu, moztu eta josi. Pandemia garaian hasi ginen. Orduan egin genuen ikastaroa. Eta uda partean saldu ziren pieza batzuk. Pixkanaka-pixkanaka ari gara. Donostiako eta Hondarribiko kofradietan saltzen dizkigute, eta Instagramen ere ikus daitezke», azaldu du Salaberriak berak.

Saregileak etenik gabeko «guardian» bizi dira. «Dei baten zain nago oraintxe. Oriotik deitu digute esanez barku batek aberia bat izan duela, eta sarea itsasoan zeukala. Ez dakigu noiz iritsiko den eta zer behar izango duen ere. Horrela da egunero». Horregatik dio Salaberriak euren jardunaren «osagarri» bat dela poltsak egitearena: «Kofradiakoek proposatu ziguten. Lanik ez daukagun garai horietarako da. Laguntza bat da, eta dena da ongi etorria».

Saregileek euren jardunari buruzko kongresuak eta bilkurak egiten dituzte. Salaberriak dio «dibertsifikazioa» askotan aipatzen dela bilkura horietan: «Baina guk berez ez dugu nahi dibertsifikaziorik. Guk nahi duguna da gure lanari esker duin eta baldintza egokietan bizi: saregileak gara».

Dena dela, ekinbide «polita» dela onartu du: «Ni, saregilea izateaz gain, jostuna ere banaiz. Gu denetan aritzen gara». Gainera, horrelakoek euren lana eta eskaerak ezagutarazteko balio dutela ere onartu du: «Halakoen bidez, jendeak ezagutu egiten gaitu. Izan ere, askok ez daki existitzen garenik ere. Nik Donostian egin nuen lan azken barkua desagertu zen arte. Kaian galdetzen zidaten ea atrezzo gisa nengoen han, udaletxeak jarrita. Hobeto nengoke, bai, udaletxeak jarrita banengo. Ez nuke edukiko gerriko minik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.