Sare bat Belgikako aliatuentzat

Kanaldudek 'Sans nom sarea' dokumentala estreinatuko du bihar, eta nahieran ikusi ahalko da gero

Sans nom sarea dokumentalean ikusi ahalko den artxiboko irudi zahar bat. BIRA PRODUKZIOAK.
urtzi urkizu
2020ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Alemania naziak Frantzia okupatua zuen 1942an, II. Mundu Gerraren erdian. Erresistentziak ihes sare ugari jarri zituen martxan, jendeari Europa nazitik aliatura ihes egiten laguntzeko. Haien artean, Mendibe (Nafarroa Beherea) eta Orbaizeta (Nafarroa) artean sekretuan jarduten zuen ihes sarea zegoen; hain sare sekretua, ezen izenik ere ez baitzuen. Espioiak, sare klandestinoak, kontrabandoa, elkartasuna, erresistentzia... Hori guztia eta gehiago da Sans nom sarea dokumentala. Bira ekoizpen etxeak egin du lana, eta Kanaldudek bihar estreinatuko du, 20:00etan. Igandetik maiatzaren 8ra arte nahieran izango da ikusgai. Maiatzaren 11tik aurrera ere Interneten ikusteko modua jarriko dute Bira ekoizpen etxekoek.

Comete sareak soldadu britaniarrak laguntzen zituen. Mendibetik abiatu eta Iratiko oihana zeharkatzen zuen sareak, berriz, Belgikako aliatuak eta herritar xumeak laguntzen zituen —Iratin pasatzen zuen muga sareak, eta Otsagabira ere (Nafarroa) iristen zen—. Sare klandestinoaren sortzaileak Chales Schepens eta Selmo Vernieuwe izan ziren. Mendibeko zerrategi bat erosi zuen garai hartan Cyrille Pomerantzeff errusiarrak, eta Schepensek konbentzitu egin zuen erresistentzia parte hartzeko; hartara, zerrategian lanean hartzen zituzten naziengandik ihesean zeudenak.

Beñat Iturrioz dokumentaleko zuzendariak azaldu duenez, hasierako asmoa ez zen dokumental bat egitea. Euskal Pirinioak Askatasun Bideak elkarteak memoria historikoaren berreskurapenean eta ihes sareen berreskurapenean egiten du lan, eta elkarteko kideek Comete sarearekin egiten den ibilbidearen tankerakoa egin nahi zuten Belgikakoen sarearekin. «Ibilaldia antolatu zutenean, proposatu ziguten grabatzera joatea. Bideo labur bat egitea zen hasierako asmoa. Baina sareko protagonistak izan zirenen seme-alabak eta ilobak lehen aldiz etorri ziren bidea egitera. Interesgarria iruditu zitzaigun elkarrizketak egitea». Hala, ibilaldia egiten aritu ziren bitartean, Bira etxekoek haiekin egin zituzten elkarrizketak. «Ez zen erraza izan, asteburu bakar batean egin baitzen ibilbidea. Baina behin materiala ikusita, jabetu ginen bazegoela aukera hain ezaguna ez den istorio bat kontatzeko».

Iturriozi iruditzen zaio istorio hori dokumental «garatuago eta luzeago» baten bitartez ere kontatzeko modua egon daitekeela. Edo dokumental saio bat ere bai. «Guk zerbait xumea egin dugu, baina jendearen arreta piztu dezake. Mendibe eta inguruko herrientzako jendearentzat interesgarria izan daiteke erresistentzia sare horren istorioa. Memoria historikoa egitea beti dago ondo. Beti dago ondo jakitea gure herrian zer gertatu den». Mendiben bertan Oroimen elkarteak museo txiki bat du jarria.

Bira ekoizpen etxeak dokumentala jaialdi batzuetara bidali du, baina, koronabirusaren krisiaren eraginez, bertan behera gelditu dira jaialdi horiek. «Gure helburua izan da istorio hau, behintzat, ezagutaraztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.