Goizeko laurak jotzear zeuden trumoi-hotsak eta haize-ufadek esnatu gaituztenean. Abar finez eginiko etxolan gaude, eta letoizko sabaia dugu estalpe, zeinak euriaren burrunba hezurretaraino sartzea eragiten duen. Gauaren ilunak ez digu uzten elkarri begiratzen, baina bi-biok gauza bera dugu buruan:
—Horrelako euri-jasa bada, ezin dugu joan ez mendira, ez beste inora. Gainera, scooter-aentregatzeke dugu, eta ezin izango gara joan biok moto gainean.
Sapan gaude, Vietnam iparraldeko lurralde malkartsu bezain zoragarrian, eta hiru eguneko mendi ibilaldia hitzartu genuen, duela dezente, Mayrekin, gure gidari izango denarekin.
Jaiki bitarteko denbora halatsu eman dugu, zer egin eta zer ez eztabaidan. Etxeko nagusiak agindu bezala, 07:00etan puntuan jaitsi gara, eta familian egin dugu gosari-pasara: bertakoek jan ohi duten pho-a eskatu dugu, xerra zatiz eta fideoz eginiko zopa. Mahaiaren bueltan eserita, azkar ohartu gara kanpotarrak larrituago gaudela eguraldiagatik beraiek baino: agidanez, horrek ez die eguna aldatuko.
Anartean, ugazabak etxean bertan aterpea hartzen duten alsaziar batzuekin taxian joatera gonbidatu gaitu. Bost minutu barru irtengo dira; horregatik, gauden bezala utzi beharko dugu lo-lekua. Dugun arropa gutxia motxilan sartu eta martxa. Bata taxian joan da, eraman beharreko dena hartuta; bestea motoan, pabimentatu gabeko errepideetako putzuak saihestu guran.
Halako batean, ailegatu gara ibilaldia erreserbatu genuen bulegora; bertan da May, tea hartuz guri itxaroten. Albait azkarren nork bere burua aurkeztu eta mendira jo dugu. Lehenik, erripan behera Sapa herritik aldentzeko; ostean gora, lurraldea hain ezagun egiten duten arroz-soroetan barruratzeko.
«Etxeko nagusiak agindu bezala, 07:00etan puntuan jaitsi gara, eta familian egin dugu gosari-pasara: bertakoek jan ohi duten 'pho'-a eskatu dugu, xerra zatiz eta fideoz eginiko zopa».
Goizean goizeko abelera gutxi ez eta, kosta zaigu mendi aldera iristea, zorua labana baitzegoen eta gurutzatu behar genituen errekak beren onetik aterata baitzeuden. Bidean, gainera, zenbait bufalo-ilararekin gurutzatu gara —ez dira filmetan agertzen diren animalia basati eta ikaragarriak—; otzanak ziruditen arren, guk mesfidati begiratu diegu aldamenetik pasatu garen aldiro, eta geldirik gelditu gara kamino bazterrean. Alta, zintzoak izango dira, aberezain beti ume koskorrak baitituzte. Antza, etxeko gazteenek zaintzen dute ganadua: urtean zehar, eskolara haien gainean joateko erabiltzen dituzte; udan, berriz, arroz-soroetatik urrun mantentzea da haien lana, osterantzean uzta barik geratzen baita familia.
Hola eta hala luze jardun dugu berriketan, guztia ingelesez, eta guri, jada, nabari zaigu menderatzen ez dugun hizkuntzan pentsatzeak dakarren nekea. Gure bidelagunak, ordea, aise dihardu ingelesez, hitzik idazten ez dakiela esan arren:
—Nik ingelesez dakidan dena turistengandik ikasi dut. Eskolan, ariketa batzuk-eta egiten genituen, baina ez ziguten beste ezer irakatsi —azaldu digu, gure harridurarako.
—Gaur-gaurkoz, gainera, ingelesez dakidalako nago nagoen lekuan; bestela, hirian ikusi dituzuen emakumeen gisara arituko nintzateke neu ere. Haiek turista piura duen edonori eskaintzen diote mendi-gidaritza, baina ez dute inongo ziurtasunik. Ni, ordea, Hmong emakumeen kooperatiban sartu nintzen ingelesez txukun mintzatzen nintzelako, eta, bai, garestixeagoa da zuentzat, baina, horrela, eskubideak ditugu: gaixotu edo erditu gaitezke familiarentzat desmasia izan gabe. Hori ikaragarria da.
Bazkaldu behar dugun benta hurbil dugu jada: errekastoaren bidea gorantz jarraitzen ari gara, eta, tarteka-tarteka, bidexkaren alde bietan, adineko jendea ikus daiteke lanean, soro malkartsuetan makurtuta. Gehienek dute jantzi tradizionala soinean: gizonezkoek zein emakumezkoek anil urdin koloreko liozko arropa dute, zapiz eta detailez atonduta.
Mayk berak onartu digu Hmong tribuaren —hala mintzo dira beren buruaz— arropei, eta tradizioari, oro har, ihesi bizi dela, eta lagunen ezkontzetara joateko soilik janzten duela. Amak familiako ardi belztzat daukala dio: 27 urte eta ezkondu gabe, umerik ez, eta, gehientsuenetan, txandala soinean. Bezperan ere sesioan ibili omen ziren; sudurrean piercinga egin zuen duela hilabete, eta hori nahikoa ez amarentzat, eta aste honetan ilea moztu du. Amak ezin du ulertu, euren leinuko emakumezkoek ez baitute sekula kalparrik mozten.
Hurrean dugu arratsaldea pasatzeko gomendatu digun borda, zeinak ei dituen Sapa inguruetako bista ederrenak. Guk, egiaztatzeko, bazkaldu bezain laster alde egin dugu, jakin baitakigu bidean banbu-basoa zeharkatu behar dugula. Segituan iritsi gara basoaren atarira, eta sartu aitzina, badaezpada, eltxoak uxatzeko produktua bota dugu. Sartu, sartu gara, baina berehala jabetu gara ez duela ezertarako balio izan: intsektuak azkar mugitzen dira, izugarrizko zunburruna sortuz, eta jada azkura antzematen dugu, heldu diguten ere ez dakigun arren.
Kosta zaigu tabernaraino iristea, baina merezi izan du banbu artean ibiltzea: etxolaren terrazatik ikus dezakegun parajea aparta da. Barnean, barra ñimiño baten ostean, laurogeita asko urte izan ditzakeen emakumea dugu zain. Gibelean, josteko makina eta etxeetan ikusi ohi dugun hozkailua ditu, han bertan saltzen dituen pultserak eta panpinak egiteko.
Bi Bia Saigon hotz zerbitzatu dizkigu, eta bakoitzari pultsera bana lotu eskuturrean. Paradisutik gertu gauden irudipena dugu: enborrak ebakita eginiko eserleku txikiak ditu mahai inguruan, eta zerbitzaria, bikotekidea eta hirurok soilik gaude inguruan. Hala esan diogu adio egunari, betiko geldituko ginatekeen paisaia horretan iltzatuta, eguzkiak mendi artean gordetzeko ekin dion bideari begira.
Arroz landareak
Alde ederrean jaiki gara gaur, nekeak eta mendiko haizeak dakarten lasaitasunagatik, seguru asko. Segidan, gosaldu, trasteak batu eta, astiro-astiro, oinez hasi gara. Arroz landareek eskailera zerutarra osatzen dute, eguzki-izpiak landare arteko ur-putzuetan islatzen baitira, eta existitzen zirela ere ez genekien berdeak ditugu ikusgai.
Guk paisaia dugu hizpide, eta konturatu gara ez dakigula ezer parean ditugun soro hauen kariaz. Bai, terrazatan antolatzen direla landareak, baina ez gehiago: ez nola hazten den, ez nola jaso, ezta zein lur zati behar den ere norberak urtean zehar jan dezakeen arroza biltzeko. Mayk, ordea, den-dena daki horren inguruan.
—Egunero jaten dugu, eta, uda sasoian, segundo oro zaintzen dugu, gaixotasunik har ez dezan, sustut; gauetan ere argi ibili beharra dago, bestela bufaloek jaten dute eta. Alta, bada, desiratzen nago ea ondorengo uzta noiz jaso, arroz berria dugunean ez baitugu iazkoa gehiago jan beharrik —esan digu, aurtengo uzta ona izango den esperantza begietan duela. Segidan, landare-izpi bat eskuetan hartu eta goitik behera ireki du, arroz haziak, bigun-bigunak, egin gabeak oraino, agerian utziz; hazi sorta atera du landaretik, eta ahora eramateko agindu. Zaporez, gozoagoa dago heldutakoa baino, baina testura pikortsua du.
Haurrek jostailuekin egiten dutena haiek arrozarekin egiten dutela dio: uzta jaso ahala, hura makala ez bada, behintzat, aurretik gordeta dutena oiloen bazka bihurtzen da, zenbat eta zaharragoa, orduan eta gogorragoa eta grazia gabekoagoa izaten delako.
Eguna joan zaigu sororik soro, eta zirimiriak gogorarazi digu hemen eguraldia iragargaitza dela; bada, ahalik eta zuzenen Mayren amarenenera jo dugu, han egongo baikara bihar arte.
Etxearen egurrezko ate beltza gurutzatzea zenbait hamarkada atzera egitea bezalaxe izan da: ate azpian, euria sar ez dadin, beirazko botilak etzanda; ezkaratzean, egongela eta sukaldea bat eginik, bertan kozinatzeko ekonomika txikia eta jateko metro erdi garai ez den mahaia; eta lotokian, sukaldetik oihal soil batez bananduta, bi ohe.
«Konturatu orduko, ilundu du, eta afari-legea egiteko prest daude hirurak. Etxeko mahai bakarrean eseri gara, behiak jeztekoak diruditen aulkitxoetan, eta haraxe atera dituzte platerak».
Haietako batean daude eserita Mayren ama eta Xy, iloba. Jolasean dihardute amona-ilobek, orain elkar uler dezaketela aprobetxatuz. Izan ere, Mayk dioskunez, uda hasieran ez zuen hitz bat bera ere ezagutzen amonaren hizkuntzan, Hmong-eraz, alegia. Xy tribu gorrikoen hizkuntzan mintzo da, ama hara ezkondu baitzen gaztetan. Halere, eskolan hasi denetik, vietnameraz ere egin dezake, eta, beraz, osaba-izebaren bat etxean bisitan denean, erraz komunika daiteke; amonarekin bakarrik dagoenean, ordea, hmong-eraz ikasi duenari etekina ateratzen saiatzen da. Guk ez diegu fitsik ulertzen. Dena dela, nabari da munduaren beste puntan bezala, hemen ere antzerakoak izaten direla xextrak: lehenengo, askarian, fruta baino gozoa nahiago; ostean, mobila nahi, denboraren joanari aurre egiteko. Amonak, baina, tinko dihardu bere lekuan, eta ez dio ezer eman.
Konturatu orduko, ilundu du, eta afari-legea egiteko prest daude hirurak. Etxeko mahai bakarrean eseri gara, behiak jeztekoak diruditen aulkitxoetan, eta haraxe atera dituzte platerak. Guztira, bospasei behintzat: arroza, tofua, txerri-okela gisatua, banbu eta kalabaza errea eta morning glory izeneko barazki zurtoinak, ziazerben oso antzekoak. Soja eta saltsa mina daude jakiekin batera erdian, eta hartutakoa hartuta, batean edo bestean busti behar da aurrenik. Dena gustagarria dago, baina banbuak harritu gaitu gehien: jan zitekeela ere ez genekien, eta, oraindik ere, kosta egiten zaigu sinestea nola atera litekeen zuhaitz lehor, zurrun eta gogor hartatik ahoan desegiten den gozagarri hau.
Likorearekin, buruko mina
Kosta zaigu jaikitzea, atzoko happy water-ak —arrozez eginiko likoreak— buruko mina eman digu-eta. Etxeko amak garbi adierazi zigun hura edan gabe ezin genuela Vietnamdik alde egin; urtero-urtero egiten du, eta etxean sartzen den orok probatu behar du. Minak min, gogotsu ekin diogu egunari, ohetik altxatu orduko May eta hirurontzat primerako gosaria baikeneukan mahai gainean.
Konturatu gara, antipodetan egonik ere, guk agur esateko dugun modu bera dutela vietnamdarrek, sabela ondo betearazi baitigute abiatu aurretik. May zoriontsu gelditu da, merezitako deskantsua datorkiola jakitun; gu, berriz, sentsazio kontrajarriekin: pozik, finean dena ondo irten delako, baina atsekabez, Sapari buruz orain dakiguna jakin izan bagenu denbora luzeagoan egongo ginatekeelako.