Jaiak. Santanak Soraluzen

Santanetan, lehiaketak eta txapelketak

Festetako ekitaldi garrantzitsuenetako bat izango dute gaur: herri mailako bakailao lehiaketa (11:30)

Jan-edana ez da faltako Soraluzen; pintxo dastatzea eta herri bazkaria egingo dituzte gaur, besteak beste. BERRIA.
Donostia
2013ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Meridianoa pasata, festen azken txanpan sartu dira dagoeneko soraluzetarrak. Santanen azken bi egunak ospatuko dituzte gaur eta bihar, eta egitarau oparoarekin, gainera. Gaur, Santa Ana eguna izanik, egunik handiena ospatuko dute herrian. Goizean goiz ekingo diote jaiari, eta gaiteroen kalejira, txokolate janaeta zezenak antolatu dituzte, besteak beste, herritarrak esnatzeko.

Jaietako ekitaldirik garrantzitsuenetako baten txanda izango da gaur: herri mailako bakailao lehiaketa, hain zuzen. Plaza Zaharrean izango da, 11:30ean hasita. Mikel Leunda Soraluzeko jaietako koordinatzaileak adierazi duenez, «bakailao txapelketak betidanik izan du indar handia Santa Ana egunean, eta aurten ere, bi aste lehenagorako bete zen parte hartzaileen kupoa». Guztira, hamasei bikotek parte hartuko dute aurten.

Udalak banatzen ditu bakailaoa eta olioa parte hartzaileen artean. Baratxuria eta perrexila bota daitezke, baina debekatuta dago bestelako osagarriak gehitzea. Sukaldean egiteko beharrezko tresneria parte hartzaileek eraman beharko dute.

Epaimahaia Javier Garatek, Jesus Artolazabalek eta Juan Manuel Arruabarrenak osatuko dute. Hirurak Soraluzekoak dira, eta Garate eta Artolazabal sukaldari izandakoak dira. Sari banaketa egunean bertan egingo dute, eta irabazleak 100 euro jasoko du saritan, bigarrenak 75 euro, eta hirugarrenak 50 euro.

Jarraian, txapelketan prestatutako bakailaoa dastatuko dute bertaratutakoek. «Prestatutako bakailao guztia pintxotan banatu ohi da txapelketaren ostean. Pintxo bakoitza euro bat kobratzen dugu, eta bezeroak parte hartzaileen artean aukera dezake», azaldu du Leundak.

Eguerdian, azeituna hezurren jaurtiketa txapelketa egingo dute hirugarrenez, Plaza Zaharrean.

Herri bazkaria izango da Plaza Zaharrean bertan, 14:30ean. Herrira-k antolatu du.

Arratsaldean, Zubi Nagusia izango da hainbat ekitaldiren agertokia. 19:30ean, dantzarien kalejira hasiko da. Ordu berean, txingarretan erretako haragia banatuko dute institutuko ikasleek. 22:00etan, berriz, Hernaniko Sorginak antzerki taldeak hartuko du tokia, eta kaleko antzerki ikuskizuna eskainiko du. Amaitzeko, Adabegi taldeak kontzertua emango du, 00:30ean.

Larunbata, jaien azken eguna

Larunbatean agurtuko dituzte santanak aurtengoz. Baina agurraren aurretik, herritarrek izango dute zerekin gozatua. Beste behin, egun guztian izango dira ekitaldiak herrian. 12:00etan, haurrek pintura tailerrean parte hartzeko aukera izango dute, Plaza Zaharrean. Eta 13:00etan, toka txapelketa izango da.

Eguerdian, Plaza Berria zuri bihurtuko da. Izan ere, apar festa egingo dute, haur eta gaztetxoen gozagarri.

Arratsaldean ere herriko haurrak izango dira protagonista. Danborrada egingo dute, 18:00etan.

Jaurtiketa libreko txapelketa jokatuko dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek nahiz helduek, 20:00etan, Plaza Berrian. Ordu berean, Soraluze Elektro-Akustika festa ospatuko dute herritarrek herriko frontoian.

Kontzertuekin bukatuko dituzte 2013ko santanak. 23:00etan, Una Noche sin Sabina taldea arituko da Plaza Zaharrean, eta En Tol Samiento, Tiktara eta DJ Okerreko taldeen emanaldia ikusi ahal izango da zuzenean Zubi Nagusian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.