ATZEKOZ AURRERA

Santa Klarak ez du argi

Donostiako uharteko itsasargian arte instalazio bat jartzekotan da Cristina Iglesias. Haritzalde, Bizilagunekin eta Ekologistak Martxan taldeek izan ditzakeen ondorioez ohartarazi dute.

Uhartea babestearen aldeko pankarta jarri dute Bizilagunekin, Haritzalde eta Ekologistak Martxan taldeek. J. C. RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2019ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Itsasoa bare dago Donostiako badiako dekoratuan. Baina goizean orban bat atera zaio Santa Klara uharteari: pankarta handi bat paratu dute, Irla babestu, Stop turistificación leloarekin. Jende oldea dago Donostiako Klasikoko txirrindularien zain. Baina bada goiza Pasealeku Berritik paseatzeko baliatu duenik; Jesus Arrizabalaga donostiarrak, pankarta ikusitakoan, esan du hobe dela uhartea dagoen bezala uztea: «Toki naturala da, eta itsasargia haren parte bat da». Izan ere, uharteko itsargian Cristina Iglesias eskultorearen arte instalazio bat jartzeko asmoa dute, eta horrek ekar ditzakeen ondorioez ohartarazi zuten atzo Bizilagunekin plataformak, Haritzalde naturzaleen elkarteak eta Ekologistak Martxan talde ekologistak—Diosa Maat belaontziak bat egin du protestarekin—.

Belaontziaren kanpainako koordinatzaile Clara Megiasek esan du tokiz toki ari direla bat egiten ingurumenarekin eta turistifikazioarekin lotura duten aldarrikapenekin. «Arte instalazioak luze gabe ondorioak izango ditu uhartean dauden espezieetan. Epe luzeagora, turismoan ere bai», esan du Megiasek. June Aretxalde Bizilagunekin plataformako ordezkariak azaldu duenez, uhartean badira espezie mehatxatuen euskal katalogoan dauden animaliak: belatz handia, kaio beltza, kaio iluna eta ubarroi mottoduna. Baita Urgulleko sugandila ere. Arrizabalagak ere nabarmendu du sugandila hori ez dagoela beste inon. «Eskultura uhartean egitea gehiegikeria iruditzen zait. Horrelako gauzak ezin ditu udalak bere kabuz erabaki. Pankarta jartzea, beraz, oso ondo iruditzen zait».

Aitor Rekondo ere pankarta nola jarri duten ikusten aritu da, Aquariumaren goialdetik. «Primeran iruditzen zait horrelako pankarta bat jartzea. Baina Donostiako jende askok men egiten die udalari eta EAJk eta PSEk egiten dutenari». Uharteko itsasargian egitekotan diren artelana «txorakeria hutsa» iruditzen zaio. «Nazkagarria da lehendik dagoen turismoa», gaineratu du.

Itsasargiko proiektuak 1,4 milioi euroko aurrekontua du; Donostiako Udalak 270.000 euroko inbertsioa egingo du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, 200.000 eurokoa. Dirua «beste gauza batzuetan gastatzea» hobe dela iruditzen zaio Arrizabalagari.

Bizilagunekin, Ekologistak Martxan eta Haritzalde elkarteek «desazkunde turistikoa» defendatu dute, eta Donostiako Udalari, Gipuzkoako Diputazioari, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Kostetako zuzendaritzari dei zuzena egin diete uhartearen babesa bermatzeko eskura dituzten legezko tresnak aktibatzeko. Oroitarazi dute EAJk eta PSEk uko egin diotela proiektuaren ingurumen eragina neurtzeko azterlan bat egiteari.

«24 orduko ikusgarritasunaren ostean», elkarteek gaur goizean kenduko dute pankarta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.