Ricardo Lopez de Sabandok izan du aurten Olatzagutiko (Nafarroa) jaien hasierako suziria botatzeko «ohorea». Atzo hasi ziren festak, eta asteartera arte iraungo dute. Pilota irakasle izan da hamabost urtez Lopez de Sabando. Bizi osoa darama pilotan. Aurten, halere, erretiratzekoa da, eta, hari eskatu zioten 2016ko festei hasiera emateko ardura. «Altsasun bizi naizen arren suziria botatzeko ni hautatu izana ohore handia da; urduri eta emozionaturik jaso nuen berria», adierazi du Lopez de Sabandok.
Txupinazo egunean jende dezente bildu zen plazara. Festen hasiera musikarekin ospatu zuten: urtero bezala, txaranga eta txistulariak han ziren. Behin txupinazoa botata, parranda hasi zen. Udaletxean luntx bat egin zuten, udaleko langileentzat eta gonbidatuentzat. Lopez de Sabandok «oso egun berezia» dela azpimarratu zuen, oro har.
Pilota zaletasunari eutsiz
Olatzagutian, hamabost urtez irakatsi du pilota Lopez de Sabandok; lehen Altsasun irakasten zuen. Herrian beti egon izan da pilotazale asko. Orain, halere, jende gutxi joaten da frontoira. Lopez de Sabandok zera adierazi du: «Toki guztietan gertatzen ari da hori. Telebistan botatzen dituzten partidetan ere erdi hutsik ikusten dugu frontoia».
Dena den, Olatzagutiko festetan garrantzi handiko ekitaldia da. Afizionatu eta eskarmentu handiko pilotariek (1., 2., eta 3. mailak) parte hartzen dute San Miguel elkarteak antolatzen duen txapelketan. Umeen artean ere egiten da, benjaminaurrekoetatik hasi eta gazteetaraino. Urtean zehar egiten da lehiaketa, eta lau hilabete irauten du. Errioxako (Espainia), Arabako eta Gipuzkoako pilotariek parte hartu izan dute inoiz. Finala santanetan jokatzen da. Aurtengoa atzo jokatu zuten.
Etenik gabe
Aurtengo bereizgarri da festak ez direla etengo. 22:00etako zezensuzkoaren ondotik, ekitaldiak egongo dira 23:00etan; gauerdiko musika taldeen emanaldiekin lotuko dituzte arratsaldeko ekintzak. Hortaz, jendeak ez du aspertzeko betarik izango.
Ildo beretik, festak parte hartzaileak direla azpimarratu du Virginia Alonso Olatzagutiko Udaleko Kultura saileko arduradunak. Lehiaketa ugari dago, oso gustura parte hartzen baitute herritarrek. Gaztetxeak areto futboleko txapelketa antolatu du; San Miguel elkarteak eta Sutegi taldeak, pilota partidak; eta Aritu euskara taldeak, photocall-a. Halaber, egunero daude haur, gazte eta helduentzako ekintzak: «Ez dugu haurren edo erretiratuen egunik ospatzen; egunero ditugu haientzako ekintzak: egunero da haurren eguna», argitu du Alonsok. Aipatzekoa da, dena den, aspalditik egiten direla haurren eta erretiratuen bazkariak, eta horietan haiek dira protagonista. Bestalde, Alonsok nabarmendu du euskara ekintza guztietan dagoela presente: «Adibidez, aurten kale antzerkia izango dugu estreinakoz. Pikor Teatro antzerki taldea erdalduna da, baina guk haien obra euskarara ekar dezaten eskatu diegu». Berrikuntzen artean motor ikuskizuna ere egongo dela esan du Alonsok.
Santanak Olatzagutian
Santa Ana jaiak, etenik gabe
Ricardo Lopez de Sabandok bota du suziria. Festek asteartera bitartean iraungo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu