Sanmigelak Agoitzen

Sanmigeletan, kultur taldeei aitortza

Angiluerreka elkarteak jaurtiko du suziria, bere 30. urteurrena ospatzeko. Beti Jai jatetxeari eta Bilaketa elkarteari omenaldia egingo diete

Dantzariak, plazan, Agoizko sanmigeletan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2016ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Gaur hasiko dira Agoizko (Nafarroa) sanmigelak, eta abuztuaren 17ra bitartean iraungo dute. Festei hasiera emateko, Agoizko gizarte eragile, kultur elkarte eta kolektiboak udaletxean bilduko dira, 11:30ean, eta festetako kartelen sari banaketari helduko diote, ezeri ekin aurretik.

Aurten, Angiluerreka elkarteak jaurtiko du festen hasiera iragarriko duen suziria, 30 urte bete baititu. Ez dira, baina, omendu bakarrak izango, Bilaketa elkarteari eta Beti Jai jatetxeari omenaldia egingo baitiete; aurten, izan ere, Bilaketak 40. urteurrena du, eta Beti Jaik, 75.a.

1986ko irailaren 27an zabaldu zuen Angiluerreka elkarteak Merkatuko plazan duen egoitza, herriko hainbat gazte 1983tik kultura ekitaldiak antolatzen ibili ondoren. Geroztik, herriko jendearen topaleku bihurtu da. Orotara, herriko bederatzi kultura taldek osatzen dute Angiluerreka elkartea: txistu taldeak, mendi taldeak, antzerki taldeak, gaita taldeak, fanfarreak, El Tuto aldizkariak, herri kirolen taldeak, burrunba taldeak eta dantza taldeak.

Herria suspertu du elkarteak, eta kultur eskaintza zabala dute herrian, hari esker. Herrian egindako lanaren ordainetan, haiena izango da festei hasiera emateko ohorea.

Herritarrak suziria noiz jaurtiko zain egongo dira, irrikaz. «Txupinazo eguna oso hunkigarria da; herritarrek harrera bero-beroa egiten diete festei», adierazi du kultur koordinatzaile Marisol Martinez Caspek. «Festak iragartzen dituen kartelaren antzera nahi ditugu: koloretsuak, alaiak, parte hartzaileak, eta elkarkidetza eta errespetu girokoak», argi utzi du Agoizko alkate Unai Lakok, alkatearen agurrean.

«Nabarmentzekoa da oso festa parte hartzaileak direla», argitu du Martinez Caspek. «Lehiaketa ugari egiten dira. Hartara, Agoizko kolektiboek eta herritarrek festen parte direla senti dezakete», gehitu du kultur koordinatzaileak.

Halaber, Kulturgunea izeneko eztabaida gunea sortu dute jaien aurretik, udalak eta herriko elkarte, kolektibo eta biztanleek festen egitarau eta antolakuntzari buruz jarduteko: «Egitaraua denon artean adosten dugula esan beharra dut; denentzako jaiak eta kalean ospa daitezkeen festak nahi ditugu», aitortu du Martinez Caspek.

Rock gauak

Ohitura handiko ekitaldiak antolatzen dituzte herriko elkarteek festetarako: txaranga, txistulariak, dantzak eta erraldoiak, besteak beste. Bihar, elizan dantza egingo dute erraldoiek, txistularien doinua lagun dutela, eta abesbatzak Mariano Garciaren Argizariaren Meza abestuko du. «Herritarrentzat benetan hunkigarria da egun hori », dio Martinez Caspek.

Aurten, Rock kontzertuak dira egitarauko izar. Angiluerreka elkarteak antolatu ditu, gazteentzako kultur eskaintza zabaltzeko asmoz. Merkatuko plazan arituko diren taldeen artean daude: Plan de Emerjenzia, Drug Rockets, Sofokaos eta Los pimientos. Bestalde, DJak egonen dira egunero, Iturzarrea parkean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.