Sanferminetako txupinazoa jaurtitzeko bost hautagaiak aurkeztu ditu Iruñeko Udalak

Duguna Iruñeko Dantzariak, Desgaitasunen Bat Duten Emakumeen Nafarroako Elkartea, San Joan Jainkoarena ospitalea, Fraile Anai-arrebak gaiteroak eta Nafarroako Euskal Pilota Federazioa dira Sanferminetako Mahaiaren babesa lortu dutenak.

2023ko sanferminetako txupinazoa. Osasunako presidente Luis Sabalzak eta Jagoba Arrasate entrenatzaileak jaurti zuten, UPNk hala erabakita. JESUS DIGES / EFE
2023ko sanferminetako txupinazoa. Osasunako presidente Luis Sabalzak eta Jagoba Arrasate entrenatzaileak jaurti zuten, UPNk hala erabakita. JESUS DIGES / EFE
Ion Orzaiz.
2024ko maiatzaren 23a
09:00
Entzun

Iruñeko Udalak bost hautagai finalistak aurkeztu ditu aurtengo sanferminetako txupinazoa jaurtitzeko. Hauek dira: Duguna Iruñeko Dantzariak taldea, Amudisna Desgaitasunen Bat Duten Emakumeen Nafarroako Elkartea, Iruñeko San Joan Jainkoarena ospitalea, Fraile Anai-arrebak gaitero taldea eta Nafarroako Euskal Pilota Federazioa.

Prozesuaren lehen fasean, udal batzorde tekniko batek aztertu zituen hautagaitza guztiak, eta, batzorde horren oniritzia jasota, Sanferminetako Mahaia osatzen duten 24 elkarteei igorri zieten zerrenda, bost finalista aukera zitzaten. Elkarte bakoitzak gehienez 15 puntu banatzen ahal zituen hautagaitza guztien artean: bost puntu lehen aukerari, lau bigarrenari, hiru hirugarrenari, bi laugarrenari eta puntu bakarra bosgarrenari. Azkenerako, bost finalista horiek jaso dute boto gehien, eta kanpoan geratu dira beste bi: Maria Victoria Esparza Mugetarena eta Ortzadar Euskal Folklore Elkartearena.

Maiatzaren 27tik ekainaren 9ra bitartean, Iruñeko herritarrentzat zabalik izanen da botoa emateko epea. Erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek izango dute bozketan parte hartzeko aukera. Hiru bide zabalduko dituzte horretarako: aurrez aurre, hiriko Civivox bulegoetan egongo diren hautetsontzietan; telefonoz, 010 herritarren arreta zerbitzuaren bidez, eta online, Iruñeko Udalaren webgunean ipiniko duten estekara sartuta. Ekainaren 11n iragarriko dute irabazlea, eta, bi hautagaitzak boto kopuru bera lortuz gero, udalak biei proposatuko die txupinazoa batera jaurtitzea.

Nor da nor hautagaien artean

Udalak ohar batean azaldu duenez, Sanferminetako Mahaian babes handiena jaso duen hautagaitza Duguna dantza taldea izan da, 66 puntu lortuta. Iruñeko udal dantza taldeak 75 urte bete ditu aurten, eta ekitaldi sorta bat antolatu dute urteurrena ospatzeko.

Amudisna elkartearen hautagaitzari dagokionez, udalak nabarmendu du "jaien aniztasuna" ordezkatzen duela. Irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, eta helburu du desgaitasunen bat duten emakumeen ahalduntzea sustatzea. 50 puntu lortu ditu Sanferminetako Mahaian.

Iruñeko San Joan Jainkoarena ospitaleak, berriz, 43 puntu erdietsi ditu hautaketa prozesuaren lehen fasean. Arta aringarrietan espezializatutako erietxea da, eta 80 urteko ibilbidea du.

Sanferminetako beste ikurretako bat da Fraile Anai-arrebak gaitero taldea. Urte osoan hiriko kaleak musikaz alaitzen dituzte Jose Luis eta Elena anai-arrebek, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsari laguntzen baitiote. Udalak nabarmendu du bertako musika zabaltzeko egitasmo ugaritan ere parte hartzen dutela. 37 boto jaso dituzte.

Azkenik, Nafarroako Euskal Pilota Federazioak ere 37 puntu erdietsi ditu Sanferminetako Mahaiaren bozketan. Nafarroako Kazetarien Elkarteak proposatu zuen haren hautagaitza, pilotak jaiarekin duen lotura estuagatik. 1882., 1900., 1926. eta 1928. urteetako sanferminetako karteletan agertu da pilota.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.