Sanferminetako giza oldea

Aurreko astean 'Nature' aldizkariak argitaratutako ikerketa batean Iruñeko sanferminetan jendea nola mugitzen den aztertu dute. Ikerlarien arabera, txupinazoan jendetzak hemezortzi segundoko mugimendu zirkularrak egiten ditu.

Jendetza Iruñeko Udaletxe plazan, iazko txupinazoan. IÑIGO URIZ / FOKU
Jendetza Iruñeko Udaletxe plazan, iazko txupinazoan. IÑIGO URIZ / FOKU
itsaso jauregi 2
2025eko otsailaren 14a
05:05
Entzun

Uztailaren 6a, 10:00ak. Iruñeko Udaletxe plaza betetzen hasi da. Plaza tanta zuriz betetzen ari da, eta ezinezkoa izango da 10:30etik aurrera hura zeharkatzea: gutxi geratzen da txupinazoak sanferminei hasiera emateko. Ehunka buru itxuraz kaotikoa den dantza batean murgildu dira. Giza olde bat eratu da: aurrera-atzera, ezker-eskuin. Olatua balitz bezala mugitzen da jendetza. Hala ere, kaosak ez du lekurik Udaletxe plazan. Joan den astean Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek ondorioztatu du sortzen den mugimenduak fluidoen dinamikarekin zerikusia duela. Plazan mugimendu zirkular batzuk gertatzen dira, gero eta handiagoak, eta hemezortzi segundo behar dira mugimendu zirkular bakoitza amaitzeko.

Udaletxe plaza 50 bider 20 metroko espazioa da. Uztailaren 6an, 11:30ean, 5.000 pertsona baino gehiago elkartzen dira bertan, pilatuta, bata bestearen kontra. Metro koadro bakoitzeko lau pertsona elkartzen dira, dutxa txiki batean sartuta baleude bezala, eta mugimendu iraunkorrak egiten hasten dira. Nafarroako Unibertsitateko Iker Zurigel fisikari eta ikerketaren egileetako batek azaldu duenez, plazan ikusten den mugimendua ez da aurrera eta atzerakoa, baizik eta zirkularra, planeta bat balitz bezala. Dinamika orbitala da: batzuek erloju orratzen noranzkoari jarraitzen diote, eta beste batzuek kontrakoari, baina guztiak, hemezortzi segundo igaro ondoren, orbita hasi duten lekura itzultzen dira.

Kamerak plazako teilatuetan jarrita, fisikari taldeak jendetzaren dinamika aztertu zuen 2019, 2022, 2023 eta 2024ko txupinazoetan. Urtero gauza bera gertatzen dela ikusi dute: plazan sartu bezain pronto eta lau pertsonako taldeak sortzerakoan, gizabanakoak jende masarekin bat egiten du; batzuek ezkerrerantz eta beste batzuek eskuinerantz biratzen dute. «Ez da kaotikoa; maiztasun bereizgarria duen patroi bat ikusten dugu», argitu du ikerlariak. Pertsona bakoitzak 1 eta 3 metro arteko diametroa duten zirkuluak egiten ditu, oharkabean eta denbora tarte jakin batean.

Giza uhina

Lau urteetan jendetzaren portaera funtsean berdina izan da, baina ikertzaileek zenbait desberdintasun nabaritu dituzte. 2022an, pandemiaren ondorengo lehen txupinazoan, euria egin zuen, eta jende dentsitatea ez zen hain handia izan. Aurreko hiru urteetan baino dentsitate handiagoa izan zen iaz, larunbata baitzen; hau da, jende gehiago ari zen plazan hemezortzi segundoko mugimendu zirkularrak egiten. «Plazaren tamainak zehazten du mugimendu zirkularraren denbora. Beste osagaia indarra da, baina oraindik ez dakigu zehazki nondik datorren», esan du Zurigelek.

Hipotesi asko daude indarraren jatorriaren inguruan, baina, oraingoz, ikertzaileek ez dute ondoriorik atera. Fisikariak billar partida baten adibidea erabili du jendetzaren portaera irudikatzeko. Bolak mahai erdian kokatzen dira, eta, lehen jaurtiketarekin, muturretan kokatuta dauden bolak mugitzen dira. «Indar transmisioa dago, eta plazan gauza bera gertatzen da. Ziur aski, ez dut pertsona bat justu aurrean izango, baizik eta pixka bat ezkerretara eta eskuinetara, eta indarra alboetara joatea eragiten du horrek», azaldu du ikerlariak. Garrantzitsuena indar horrek muga bat izatea da; plazako paretak izan daitezke, eta baita jendea ere: «Ez dakigu nondik datorren indarra, baina oso garrantzitsua da jendeak uhina moteltzea, plaza osora bidaiatuko bailukete bestela».

Sanferminetan Iruñeko Udaletxe plazan sortzen diren mugimendu zirkularrak, abiadura azkarrean. IKER ZURIGEL

Indar horren jatorria aztertzerakoan ere egiaztatu ahal izan dute sanferminetako jendetzak Newtonen hirugarren legea betetzen duela. Lege horren arabera, gorputz ezberdinei indar bera aplikatzen bazaie, gorputzean duen eragina bakoitzaren masaren araberakoa izango da. «Une linealaren kontserbazioa, egiten duen zirkulua, abiadurak masan izandako eragina besterik ez da», azaldu du fisikariak. Plazan daudenen arteko talkak lege fisikoari jarraitzen dio, beraz.

Hasieran, talde txikiagoak sortzen dira, eta, gero, amaieran, ia bat balitz bezala mugitzen dira, elkarrekin. Prozesu horretan, talde bakoitzak noranzko bat hartzen du, eta, aldizka, aldatu eta kontrako noranzkoan egiten du. «Talde txikiekin hasten gara, eta bakoitzak norabide batean egiten ditu zirkulu txikiak, baina, jende kopuruak gora egin ahala, talde bakoitzaren orbita eremua handituz joaten da», argitu du fisikariak. Ikerketa lanean ondorioztatu dute dinamika horrek plazaren tamainarekin zerikusia duela, eta hori frogatzeko aukera izan dute sanferminetan.

Txupinazoaren ondoren, udaletxetik dozenaka txistulari ateratzen dira. Giza itsasoa bitan banatzen dute udaltzainek, eta arrakala eratzen dute plaza erdian, musikariak bertan sartzeko. «Hesi moduko bat dira, eta presio uhinek ez dituzte poliziak eta gaiteroak zeharkatzen. Plaza bitan zatitzean, tamaina desberdineko taldeak daude, baina mugimendu bera ikusten da berriro», azaldu du ikerlariak. 

Udaltzainek uhin horiek geldiarazten dituzte, gaiteroen eta jende multzoaren arteko horma bat balira bezala. Mugimendu zirkularrak oraindik gertatzen dira, baina maiztasuna aldatzen da: hemezortzi segundoko orbita izan ordez, hamar segundokoa da, gutxi gorabehera. «Horrela egiaztatu genuen oszilazioa plazaren tamainaren araberakoa zela, eta txikiagoa bazen orbita lehenago osatzen zela», gehitu du fisikariak.

Jende dentsitatea handitu ahala, egoera arriskutsuagoa izan daiteke. Zientzialariek 2010ean Duisburgen (Alemania) gertatu zenarekin alderatu zuten Iruñeko Udaletxe plazako masen mugimendua. 1989an Berlinen hasitako Love Parade tekno musika jaialdiak milaka lagun bildu zituen, baina 2010eko edizioan hogei bat hildako egon zirenez, ez zen berriz ospatu. «Jaialdiaren tokia Youtubeko bideoen bidez neurtu genuen, eta Iruñekoaren mugimendu mota bera ikusi genuen, beste denbora batekin, hori bai, tokia txikiagoa zelako», azaldu du fisikariak. Hala ere, egoera guztiz ezberdina dela argitu du Zurigelek: sarrera eta irteera bakarra zegoen han, eta, gainera, izua nagusi zen. «Zenbat eta azkarrago edo indar handiagorekin saiatu atetik ateratzen, orduan eta modu okerragoan ateratzen zara. Zenbat eta gehiago bultzatu, orduan eta solidoago bihurtzen zara».

Txupinazotik at

Jendetzaren portaera ikertzeak egoera arriskutsuak aurreikusten lagun dezake, eta horiek saihestea. Zurigelen esanetan, jendetzaren dinamikak patroi bati jarraitzeak «oso erraza» egiten du mugimenduak berehala detektatzea, mugimenduaren zabaltasuna arriskutsu bihurtu baino askoz lehenago. «Nahi gabe egin diren mugimenduen uhinak agertzen direnean, erne egon beharko genuke, eta hori saihesten jakin», gehitu du. Jende asko bil daitekeen lekuetan mugimendua detektatzen duen kamera bat jartzea proposatzen du fisikariak, uhinei gertutik erreparatzeko eta olatua tsunami bihurtu baino lehen geldiarazteko.

Aurten ere giza oldearen eboluzioa ikertuko du Zurigelek Udaletxe plazan dauden balkoietatik, baina itsasadarren bidea ere gertutik aztertu nahi du: «Gustatuko litzaidake Iruñeko kale batzuetako masen portaera neurtzea, bidegurutzeetan, baita erraldoiak ateratzen direnean ere. Udaletxe plaza baino leku arriskutsuagoak dira horiek, ustekabeko estutasuna sortzen duten nahi gabeko mugimenduak gertatzen baitira». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.