Ernest Hemingway entzunda, seguruenik, denei gauza bera datorkie bururat: sanferminak. Hura izan omen zen lehena sanferminei buruz idazten, eta hari egozten zaio Iruñeko bestak mundu osoan hain ospetsu bihurtu izana. Gutik dakite, ordea, benetan nafar bat izan zela aitzindari. Bitxikeria gehiago ezagutarazteko, Sanferminak literaturan: letren arteko ibilbide bat egitasmoa antolatu du Iruñeko Udalak.
Zaldi Zuria tabernaren alboan paratu du hasteko ordua Maddalen Beaumont gidariak. Zortzi lagun elkartu dira euskarazko taldean; gaztelaniazkoan, berriz, lau. Beharbada, euskaraz egin nahi dutenek bi txanda bakarrik dituztelako. Tabernaren inguruko bazterrak hutsik daude, eta isiltasun hori aprobetxatu du gidariak James Michenerrek eta Pio Barojak sanferminei buruz paperean jasotakoa azaltzeko. Azken horrek, adibidez, ez zituen batere gustuko; izan ere, «basakeria eta fintasun benetan zentzugabearen arteko nahasketa» gisa definitu zituen.
Idazleen inspirazio iturri izan ziren karriketan barrena murgildu ahala, jendearen hotsak tartekatuz joan dira, eta, Mercaderes parerat ailegatzerako, zurrunbiloa da nagusi. Hala ere, partaideak adi-adi daude gidariaren azalpenei, zirkulua geroz eta txikiagoa eginez, detailerik ez galtzeko. Orduan, Beaumontek ustez galdera erraz bat bota du: «Zein izan zen sanferminen inguruan idatzi zuen lehenbiziko idazlea?». Denek aho batez erantzun dute Hemingwayri zegokiola postua.
Aitzitik, ez zen estatubatuarra izan, nafar bat baizik. Felix Urabaienek urtebete lehenago eman zuen besten berri bere liburu batean. Ordurako oihartzuna zutela zioen Urabaienek: «Iruñea jaietan hain da jendetsua, ezen kanpotarrek gainezka egiten baitute, hiria sardina banku erraldoi bihurtuz».
Bigarren galdera egin du jarraian: «Non dute jatorria sanferminek?». Oraingoan, denak mutu gelditu dira. Erantzuna argitu baino lehen, hurrengo autorea aurkeztu du gidariak: Mary Welsh. Hark Gazteluko plazako abereen azoka deskribatu zuen zehatz-mehatz, eta horri lotuta dago besten sorrera. Gerora, kutsu erlijiosoa batu zitzaion. «1591n ospatu ziren lehenengo bestak, azoka eta erlijioa batzean».
Anitz idatzi da Welshen senar Hemingwayri buruz; tartean, mitoren bat edo bertze ere bai. Erraterako, Fiesta liburua Gazteluko plazako Iruña kafetegian idatzi zuela uste da. Madrilerat bidean idatzi zuen, ordea. Alboko La Perla hotelean ere ez zuela gaua pasatu ohartarazi du gidariak: «Quintana hotelean egin zuen lo, eta zuzendariaren lagun min bihurtu zen».
Sexu arrakala bestetan
Entzierroaren monumentua izan da ibilaldiko azken geralekua. Taldeko kide batek harrituta galdetu du zergatik agertzen ziren soilik gizonak. «1974ra arte, emakumeek, umeek eta zaharrek debekatua zuten korrika egitea», erantzun dio Beaumontek. Duela 50 urte atera ziren lehenbizikoz bi emakume: Marivi Mendizabal eta Alicia Rivas. Dominique Aubier idazlearen hitzak leitu ditu segituan: «Emakumeek ohi baino hamar aldiz gehiago egiten dute lan gizonek festetako arropa eduki dezaten. Haientzat merkatua, sukaldea eta mahaia dira festa». Denak zur eta lur gelditu dira azken adierazpen horiekin; izan ere, genero arrakala agerikoa da emakumearen gogoetan.
Beaumontek argi dauka literaturak gizartearen esentzia islatzeko balio duela: «Kontakizun bakoitzak esanahi berria ematen dio festari, eta jai bizipen bakoitzak hitz berriak inspiratzen ditu». Sanferminen historia etengabe aldatuz doa, urtero idatzita. Urteak joan ahala, sanferminei buruzko liburu are berdinzaleagoak topatzea izan liteke gizartea aitzinerat doan seinale.