Auzotik batere atera gabe eman zituen Mikel Gortari Belaskok (Iruñea, 2002) sanferminetako lehenbiziko lau egunak. Elkarrizketa egiteko toki bareago baten bilera apartatu da festetan aurrenekoz; iskanbilatik ihesi. Hori baitu, besteak beste, Alde Zaharrean bizitzeak: nahi izatera, uztailaren 6tik 14ra etengabe izan zaitezkeela jai giroak harturik. Beste gauza asko ere badakartza, ordea, eta horiei erne begiratzen die AZGM Alde Zaharreko Gazte Mugimenduko kideak: masifikazioari, behin-behineko lan prekarioei, turistifikazioari.
Alde Zaharreko auzokideek askotan salatu duzue masifikazioa; ez soilik sanferminei loturikoa, baizik eta urte osokoa. Dena dela, egoera zenbateraino da larria uztailaren 6tik 14ra?
Sanferminetan ikusten da urte osoan gertatzen denaren emaitzarik errealena eta gordinena. Eta guk, gainera, nabarmendu nahi izaten dugu ez masifikazioa, ez turistifikazioa, ez gentrifikazioa, ez direla soilik kaleak jendez gainezka egotea edo izkina guztietan latak egotea botata. Horrelako prozesuak auzokideen eguneroko arazo handienetakoa dira. Gainera, diogunean jaiak deszentralizatu behar direla, ez dugu esaten Alde Zaharreko auzokide gaixoak lorik egin ezin dutelako, baizik eta desastrea direlako auzo mailako antolakuntzarako.
Jaiei dagokienez, sumatu duzue aldaketarik urtetik urtera?
Sanferminek salto bat eman dute azken hamarkadetan. Nazioarteko festa bihurtu dira, haien inguruan sortu dute Pamplona marka... eta, nire ustez, kontuz ibili behar da halakoekin.
Kontuz, batez ere, sanferminekiko dagoen pertzepzioarekin?
Sanferminak gatazka bihurtu behar dira, ez baitira bederatzi eguneko jai bukoliko bat. Sanferminetan, auzokideak bota egiten ditu bere pisuan alokairuan dituen ikasleak; sanferminetan, aterpe etxeetan dauden etxegabeak bota egiten dituzte jaietara datorren jendea hartzeko; sanferminetan, bota egiten dute kalean bizi den jendea. Halakoak gertatzen dira egun hauetan guztietan. Joera batzuk erradikalizatu egiten dira.
Festetara etortzen diren turistek behar izaten dute non gelditu, eta, besteak beste horren ondorioz, pisu turistikoz josia dago auzoa. Zer iritzi duzue?
Askotariko kasuak daude. Alde zaharrean, pisu batzuk dira legalak, beste batzuk ilegalak, eta... uste dut auzo mugimendua bera ere ez dagoela oso eroso honekin, baina badira auzokide asko, izan familiarekin kanpora joateko, izan etxean ezin direlako egon, beren etxea uzten dutenak sanferminetarako, alokairuan. Horregatik, uste dut hitz egiteko modua findu behar dugula.
Bereizketak egin behar dira?
Gauza bat da turismoa, beste bat masifikazioa, eta beste bat gentrifikazioa. Azken horrek desplazamenduarekin du zerikusia. Adibidez, orain dela 15-20 bat urte hemendik bota zituzten, esaterako, migranteak, edo ailegatu berriak... eta, oraindik ere, etxebizitzarena arazo larria da Alde Zaharreko gazte langileentzat. Arrotxapera edo Txantreara jaitsi behar izaten dira bizitzera, eta, askotan, sostengua familiako kideren bat izaten da horrelakoetan: amonaren etxea zena, osabaren pisu bat... diagnostiko bat egin dugu berriki, eta erakutsi digu 18 urtetik 28ra bitartekoen soilik %2k dutela etxe bat jabetzan. Alokairuan ere, gutxik.
Nolako diagnostikoa egin duzue, zehazki?
Gazte mugimenduak egin du. 14-28 urte dituzten 150 pertsonaren testigantzak jaso dira guztira, inkesta luze baten bidez. Helburua izan da informazioa lortzea, jakiteko zer nahi duen gazteriak, eta nola egin behar den hori lortzeko.
Aisiari loturik, zerondorioatera duzue?
Bat datorkit burura: gazteek arrakala handi bat ikusten dute beren eta Alde Zaharreko espazioen artean. Horregatik, adibidez, borrokan ari gara espazio publikoaren pribatizazioaren kontra.
Gazteen bizi baldintzei ere erreparatu diezue, eta, hain justu, sanferminetan gazte asko aritzen dira lanean, nahi baino baldintza kaxkarragoetan.
Bai, eta iruditzen zait honi buruz aritzeari ere beldur pixka bat izan diola gazte mugimenduak; adibidez, Alde Zaharrak daukan egitura komertziala kritikatzeari, aldaketak proposatzeari.
Denda horiek ere badirelako auzoaren parte?
Bai, baina auzoa ezin dugu erromantizatu. Auzoak ez dira perfektuak. Norberaren auzoan ere ordaintzen da gaizki, zure goiko auzokidea izan daiteke zu bizi zaren etxearen jabea, edo lan egiten duzun tabernaren nagusia. Horri buruz, diagnostikoak esan digu ostalaritzan lan egin duten gazteek suspentsoa eman diotela esperientziari; lan baldintzei eta bizitakoari. Batez bestean, 4ko nota jarri diote –1etik 10era–.
Bestela, nolakoa da sanferminetan Alde Zaharrean bizitzea?
Mikrokosmos batean bizitzea bezala.
Izanen du alde onik, ezta?
Sanferminak gustuko ditugunontzat, asko. Gauez, etxeratzean, gertatu izan zait atetik sartzear nagoenean norbaitekin topo egitea, eta hark esatea: «Joder, ze inbidia!». Eta bueno, ba bai [barreak].
Txosnak Alde Zaharrera itzuli dira aurten. Auzokide gisa, zer iritzi duzu?
Oso pozik gaude berriz Herri Sanferminak ditugulako. Baina, egia esan, apartexeago nahi genituzke. Kontua ez da gure kaleak «zaindu» nahi ditugula, auzo lasai-lasaiak nahi ditugula... horiek izango dira beste batzuen amets hezeak, baina ez gureak. Halere, kezkatzen gaitu, bai. Hurbil nahi ditugu, eta ez aurreko udalak estrategikoki baztertuak zituen tokian, baina nahiago genituzke auzokideak hain hurbil ez dituen leku batean.
Zure ustez, zer dute sobera sanferminek?
Sobera daukate biolentzia matxista, sobera daukate auzokideen desplazamendua, sobera daukate espazioaren pribatizazioa...
Eta zer dute faltan?
Falta da iruindar guztiek jaiak berdin disfrutatzeko eskubidea izatea. Ez egotea Iruñea bat zerbitzatzen eta beste Iruñea bat kontsumitzen; ez egotea Iruñea bat alokairuan, eta beste bat pisuak berralokatzen.
LOTSABAKO