Lekeitioko (Bizkaia) kaleek festa usaina dute; izan ere, sanantolinak gaur hasi eta irailaren 8ra arte ospatuko dira. Aurtengo irudi nagusia 92 urteko Karmen Piñel izango da, hark botako baitu txupinazoa.
Erretiratzeak aisialdiaz gehiago gozatzeko aukera ahalbidetzen du ezbairik gabe. Piñelek, 72 urterekin, Lekeitioko Kultur Etxeko eskulan taldean eman zuen izena, hain justu, erretiratu ondoan; harrezkeroztik, galtzak bete lan dabil horretan. Herritarrekin duen jarrera eskuzabalarengatik, Lekeitioko Jai Batzordeak jaietako suziria botatzeko ardura eman dio.
Jaiak txupinazoarekin hasiko badira ere, festa giroa goizean hasiko da buruhandien irteerarekin: Don Terentzio eta Doña Tomasa pertsonaien irudiak ikusi ahal izango dira herriko kaleetan, eta txistularien doinuek alaituko dituzte kaleak. Eskola arteko txirrindularien lasterketa ere egingo dute Santa Katalinan, 17:00etan, eta 19:00etan, kuadrillen jaitsiera hasiko da, Telefonicako eraikinetik abiatuta. Koloreak eramango dituzte soinean lekeitiarrek, mozorroak ohikoak izaten baitira. Jaitsiera plazara heldu arte izango da, eta kalejiraz gozatzeko aukera izango dute bidean: Lekitto musika bandak, Aittitta Makurra eta Ardoa Barrura txarangek alaituko dituzte kaleak.
20:00etan, puntu-puntuan, kanpaiak joko dituzte, eta jarraian, Karmen Piñelek botako du txupinazoa; Antero pertsonaiaren jaitsiera ere ikusi ahal izango dute Andra Maria basilikara biltzen direnek. Handik udaletxera jaitsiko dute pertsonaia. Segidan, Oihan Vegak musika emanaldia eskainiko du plazan. 20:30ean, txosnak irekiko dituzte, eta Aittitta Makurra eta Ardoa Barrura txarangen doinuak entzungo dira, berriz ere. Zezensuzkoa 22:30ean irtengo da, eta 01:00 arte ez damusika emanaldirik egongo: DJ Koldok musika jarriko du txosnetan, txosna batzordeak antolatuta.
Lekeitiarrek, baina, ekitaldi berezia izaten dute urtero: Antzara Eguneko antzara jokoa. Irailaren 5ean ospatu ohi dute, baina larunbata egokitzen den bakoitzean, hurrengo egunera aldatzen dute ikuskizun nagusia, segurtasun neurriak direla eta. Hori gertatu da aurten. «Antzara Eguna da jaietako egunik handiena; denek irrikan itxaroten dute», azaldu du Naia Ugartetxea Lekeitioko Udaleko kultur teknikariak.
Aurtengo jaien antolamenduari dagokionez, ez dute berrikuntza handirik izan. «Hala eta guztiz ere, beste urteetan baino komun gehiago jarriko ditugu kalean, herria garbi mantentzeko helburuarekin», gehitu du Ugartetxeak.
Usadio gaurkotua
Antzara Eguna, antzararen jokoa egiten dutelako; hura izaten da jaietako ikuskizun nagusia: harrapatzaileak antzararen lepoa kentzean datza, eta uretan egiten dute, portuan. 1631. urtetik hona egin izan da, eta gizarteak izan dituen aldaketetara moldatzen jakin du ohitura zaharrak; egun, Antzartek edo antzara mekanikoarekin egiten dute, baita ekitaldia baino lehenago hiltzen duten benetako antzarekin ere: izen emateko orduan hautatzen dute parte hartzaileek. Duela hainbat urte, ordea, bizirik zeuden antzarekin egiten zuten, eta portuan egin beharrean, herriko plazan egiten zuten. Askotariko kritikak jasan izan ditu.
Sanantolinak Lekeition
Sanantolinetan, ohitura berrituak
Gaur hasiko dira Lekeitioko jaiak, eta irailaren 8ra arte iraungo dute.Antzara Eguna irailaren 6ra aldatu dute, segurtasun neurriak direla medio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu