Gizakia ohiturazko animalia dela esan ohi da. Zeledonen jaitsieran, gasteiztarrak artean ere ohiturazko animaliak izango zirela ematen zuen, hasieran. Baina, izatez, aldaketa bat baino gehiago egon ziren Gasteizko jaien hasieran. Balkoia ez zen soilik ireki alderdi politikoen gonbidatuei; herritarrek ere izan zuten, lehenengo aldiz, San Migelgo balkoira bertaratzeko aukera. Besteak beste, bertan izan ziren: zozketa bidez aukeratutako 50 gasteiztar; udal aisialdi zerbitzuetako langileak, Irabazi alderdiak gonbidatuta... Are gehiago, Lilleko (Frantzia) autobus istripua jasandako lau gasteiztar ere han zeuden, alkatearen gonbita jasota.
Gasteiztarrak bertaratzeaz gain, Hego Euskal Herriko beste hiru hiriburuetako ordezkariak balkoira hurreratu ziren: Eneko Goia Donostiako alkatea, Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Ricardo Barkala Bilboko alkateordea egon ziren balkoian; Juan Maria Aburto Bilboko alkateak ez zuen bertan egoterik izan. Hiru agintariok Gorka Urtaranen ondoan izan ziren Zeledonen jaitsieran.
Suziria lehertu ostean,betiko lez, jaietako izpirituak bereganatu zituen balkoian bildutakoak; betiko lez, saltoka eta algaraka hasi ziren. Eta, betiko lez, Zeledonen abestia gaztelaniaz abesten hasi ziren, txarangak Gasteizko jaien hasierari soinu-banda jartzen zion bitartean. Balkoian zeuden gonbidatuei, behintzat, kosta egin zitzaien Zeledonen abestia euskaraz hastea.
Hala ere, han-hemenka, ausart batzuk hasi ziren abestia euskarara ekartzen; ordea, bazirudien ez zutela oso argi euskarazko bertsioa nola abestu... letra berria eskura ez izateagatik ote? Batzuek hitanoa zeharo ahaztu zuten: «Zeledon, etxe berria egin du...». Beste batzuek balkoiak leiho bihurtu zituzten: «Zeledon, leihoan leiho on». Eta, askok, gaztelaniazko eta euskarazko bertsioak uztartu zituzten: «Zeledon, etxe berria egin duk / Celedon, con ventana y balcon». Balkoian zehar hasitako nahasketak, gutxika-gutxika, bateratzen hasi ziren. Zeledon San Migelgo eskailerak igotzen hasi zenerako ia aho batez ari ziren, abesten.
Maroto, balkoian
Zeledon San Migelgo balkoira heldu bezain laster, bertakoen emozioek bat egin zuten. Beti bezala, Zeledonek zapiak banatu zituen: Julio Roca txupineroari lehenik, Gorka Urtaran alkateari ondoren, eta, azkenik, Javier Marotori, Urtaranen aurretik Gasteizko alkate izandakoari. Hain zuzen ere, azkeneko hori izan zen sorpresarik handiena. Izan ere, inork ez zuen oso argi alkate izandakoa zergatik zegoen bertan, lehentasunezko lekuan. Behin baino gehiagotan, «eta honek zer egiten du hemen?», entzun zen balkoian bildu zirenen artean.
Zeledon Marotori zapia jartzekotan zela, Andre Maria Zuriaren plazak txistuz eskertu zion azken San Migelgo balkoira hurreratu izana. Baina txistuak Zeledon mikrofonora hurreratzearekin batera amaitu ziren.
Mikrofonoa hartu ondoren, gasteiztarrei zuzendu zitzaien Zeledon. Andre Maria Zuriaren jaiak goratu ostean, Zeledonen abestiari ekin zion. Eta bazirudien Zeledonek plazan zein balkoian bildutako gasteiztarrak konbentzitu zituela. Jauzien eta algaren artean bertakoen ahotsek eta bihotzek bat egin zuten Zeledonen abestia bai gaztelaniaz bai euskaraz abesteko.
Ortiz de Urbina alaitasun horretara gehitu zen. Jaien hasiera amaitzeko, esker oneko hitzak eskaini zizkien plazan zeudenei: «Hona ailegatzeko urterik hoberenetakoa izan da. Mila esker!».
San Migelgo balkoia, inoiz baino herrikoiagoa jaien ongi etorrian
600 bat pertsona bildu dira balkoian.Askok txistu egin diote Javier Maroto alkate ohiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu