Kandelaria egunaren biharamunean datoz sanblasak. Abadiñon (Bizkaia) egun handia dute, eta, urtero legez, azoka handia izango dute. Otsailaren 3a astelehena da aurten, baina, hala ere, egitaraua oparoa da. Hamaika ekitaldi izango dira: musika, bertsoak, jolasak, herri kirolak... Abere azokarekin hasiko dute eguna. Behiak, zaldiak, astoak eta ardiak izango dira ferian, baita baserriko tresnak eta makinak ere. Artisauak ere izango dira, eta baserritarrek eta ekoizleek ere tarte zabala izango dute azokan: ortuariak, frutak, gazta, txakolina, sagardoa, ogia, eztia, landareak...
San Blas eguna opila jateko eguna ere bada. Eta erroskillak jatekoa. Anis zaporeko gozo zuriak dira eguneko jakirik kuttunenak. San Blasek arrain hezur bat eztarrian trabatuta itotzen ari zen haur bat salbatu omen zuen, eta hortik dator eztarriko mina sendatzen duen ustea. Sinesmenek, beraz, lekua ere badute egun honetan. Batek baino gehiagok jantziko du koloretako zinta lepoan, ohiturari jarraituz, eta bederatzi egunen ostean askatuko du soka. Sutan erreta, eztarriko minik gabeko urtea bermatuta dago. Hala dio tradizioak behintzat.
Bihar bertan hasiko dira ekitaldiak. Umeentzako disko festa egingo dute arratsaldean, eta, iluntzean, berriz, bertso afaria. Andoni Egaña eta Unai Iturriaga arituko dira Gaztañodi elkartean. Aurtengo egitarauan, baina, bada gorriz markatu beharreko ekitaldi bat: Gerediaga elkarteak garai bateko azokaren irudiak berreskuratu eta digitalizatu ditu, eta ikus-entzunezkoa bihar bertan estreinatuko dute, 19:30ean, Txanporta kultur etxean.
Hemeretzi minutuko dokumental horretan, duela 50 urteko azokaren irudiak ikusi ahal izango dira; 1973. urteko irudiak, alegia. Berez editatu gabeko irudiak dira, giro soinurik gabekoak, baina urte hartako feriak zein itxura zuen ikusteko balio handikoak dira. Zelaieta auzoko kaleak eta eraikin zaharrak ere identifikatu daitezke, ferialekua nola antolatzen zen ikusi, zer motatako erakusleak eta saltzaileak joaten ziren, eta, baita idi proben saioak ere. Emanaldi berezia izango da biharkoa, zalantzarik gabe.
Gerediaga elkarteak lan oparoa egin du herri jaien eta tradizioen inguruan. San Blas jaietako feria berritzeko pausoa ere eman zuen. 1967. urtera egin behar da atzera. Urte hartan, feria «modernizatu» egin zuten. Migel Angel Astiz kazetari nafarraren ideia izan zen. Gerediagako bazkidea zen kazetari euskaltzalea, eta gaur egungo azokaren itxura duen feria sustatu zuen, lehiaketak eta erakustaldiak antolatuz.
San Blas eguna erreferentea da Abadiñon. Eibarren, Soraluzen eta Elgoibarren egun handia daukate, baina herrixka hori mapan kokatzen duen festa da, eta urtero jende mordoa joaten da. Goizean, txistularien kalejira izango da, eta, eguerdira bitartean, bertsolariak izango dira Ferialeku plazan. Probalekuan, ordu berean, aizkolariak eta harri jasotzaileak izango dira, eta arratsaldean, berriz, erromeria eta kontzertua. Eguna amaitzeko, idi probak. Arratsaldean, 18:00etan, hiru proba izango dira. Otsailaren 7an, 8an, 9an eta 10ean izango dira hurrengoak. San Blas sarirako lehiatuko dira denak. Hurrengo astelehenean banatuko dituzte sariak.
Ardi-ile moztaileak
Abadiñoko San Blas eguneko festa ardi-ile moztaileen lehen txapelketa aurkezteko ere baliatuko dute. Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak 12:00etan zehaztuko du noiz eta non egingo duten lehen txapelketa. Ferialeku plazan elkartuko dira ofizialtasuna lortu berri duten euskal selekzioko ordezkariak, eta hainbat instituziotako ordezkariak izango dituzte lagun.
Euskal Herrian lehen aldiz egingo dute txapelketa; beraz, ikusmina handia izango da. Ardi-ile moztaileek, gainera, Zeelanda Berrian 2026ko martxoan egingo duten Munduko Txapelketan parte hartuko dute.