Euriaren aurreko argitasun berezi horrek hartuta dauka San Adriango aterpea. Itxita dago aspaldian, eta ez du jada aterpe funtziorik betetzen. Handik gorago dagoen zulo erraldoi batek ordezkatu du. Olgetan dabiltza ezpatak kazetarien izter zurietan gozo. Iparraldekoak dira lehen tantak, eta hegoaldekoak haize ufada finak. Joan eta etorri dabiltza enara ipurtzuriak San Adriango haitzetan txioka. Apenas entzuten den beste soinurik; izatekotan, zaldien zintzarriak eta haien kulunka. Eta hara non, bat-batean, irribarre, zalaparta eta diosala: «Ura, ura, ura, Euskarabentura!» eta «Gora Euskal Herria tropikala!».
Euri langarretan baina irribarrez datoz gazteak. Araiatik (Araba) abiatu dira, eta San Adriango tunelean barrena sartu dira Gipuzkoan. Erromatarren galtzadan irristaka eta sortu diren putzuetan plisti-plastaka. Errepiderik ez zen garaian, San Adriango edo Lizarrateko tunela zen bi herrialdeak batzeko igarobide natural bakarra. «Garai hartako erregeek burua makurtzen zuten toki bakarra. Halaxe irakatsi ziguten guri, eta oraindik ere hala irakasten diete gure haurrei. Oso harro gaude San Adriango tunelaz». Haitz Goiak ederki ezagutzen du parajea. Zegamakoa baita (Gipuzkoa) eta etxekoa jarri baitute oraingoan paraje haietan gidari. «Dagoeneko askotan kontatu digu zein ederra den hau», esan du, ezkutuka, beste gidari lagun eta zirtolariak. «Berezia da niretzat, herri ondoan delako. Espedizioko kideentzat ere bai, Zerainera iristen garelako, hilabete erdia osatu dugulako, eta afari berezia egiten dugulako bertan. Festa itxura hartzen duen eguna izaten da gaurkoa», azaldu du Goiak. Eta euriak ez die festarik zapuztu: «Umoretsu datoz denak. Beldur apur batekin abiatu gara, orain arte euririk ez dugulako izan bidean, baina jendeak oso ondo erreakzionatu du, egia esan. Euskal Herri osoko jendea daukagu. Denen artean Euskal Herri osoa ezagutzen dute, beraz, eta Euskal Herri osoko euskalkiak ere hemen dauzkagu. Oso aberasgarria da hau guztia».
Bustitako zirak, lokaztutako botak, baina umeldu gabeko aldarteak. «Gustura hartuko nuke kafe bero bat», batak. «Edo salda bat», besteak. Irristaka eta harrituta sartu dira tunelean. Haize fina sortzen da han, eta inoiz agortzen ez den itogin bat ere bada. Aranzadi zientzia elkartekoek duela gutxi berrekin diete hango indusketa lanei. «Espedizioa? Baina zer espedizio da, bada, zuena?», galdetu dute harrituta, tunelean behera halako jendetza ikusi dutenean. Esplikatu diete Atharratzetik (Zuberoa) abiatu zirela hilabetearen hasieran, eta Getxo (Bizkaia) dutela jomugan. 127 gazte doazela aurten, zazpigarren aldia dela, hilabetez euskara hutsean ariko direla, eta jzioquitarrak direla —hala deitzen diete espedizioko parte hartzaileei—. Dudarik balego, gidarietako batek zira erantzi du eta Eukarabenturako elastiko erakutsi dio Aranzadiko kideari: bizkarrean agertzen da ibilbidearen mapa guztia.
Ederra da jakintza trukatzea. «Eta zer indusketa da, bada, zuena?», galdetu dute espediziokideek. Aranzadikoek esplikatu diete uda oro egiten dutela indusketa ingurune horretan, aurtengoa hamazazpigarren kanpaina dela, eta kobazulo inguruan aurkikuntza adierazgarriak egin dituztela: Erdi Aroko gotorleku bat, erromatarren aztarnaren bat, historiaurreko aztarnak... Eta iaz ezarri zutela beste mugarri bat: neandertalek kobazuloa babesleku gisa erabili zutela frogatzen zuten aztarnak aurkitu zituzten.
Igarobidea baita tunela, baina babeslekua ere bada tunela. Atseden hartzeko baliatu dute espedizioko kide gazteek. Ibilbide osoko etaparik luzeena da Araia eta Zerain lotzen dituena. Begiratoki ederra ere bada tunela. Lehen aldia dute askok bertan. Han urrunean dagoen mendi hura zein den jakin nahian dabiltza lau kide. Txindokiko tontor pikoa da ikusmiran dutena. Argazkiak ateratzen ari dira lau jzioquitar-ak: Nahia Pequeño urduliztarra, Yuko Huali Alvarez muxikarra, Izaro Etxebarri zornotzarra eta Uxue Aizkorbe goizuetarra —hiru bizkaitar eta nafar bat—. Pozarren laurak. «Urbia ingurua ezagutzen genuen apur bat, baina hau guztia ez. Pozarren gaude; bidearen erdia egin dugu jada», azaldu du Etxebarrik. Nekerik ez dutela sumatu dio Alvarezek: «Etapa hau benetan freskagarria izan da. Eskertu dugu euria, halako paisaiak ikustea, eta gure arteko giroa... Familia erraldoi bat osatu dugula esango nuke». Etxeberriak arrazoia eman dio: «Gure taldearen izena Trikuak da. Hala esaten digute, guztien artean gu joaten omen garelako motelen, eta elkar babesten dugu». Euskaraz ari dira, noski. «Ama erdalduna da, eta etxean ez dugu beti euskaraz egiten, baina Goizuetan kalean beti, eta hemen ere bai. Etorri diren askorentzat hori ez da ohikoa, eta eskertzen dute. Guk ere bai euskara ezberdinak entzutea», nabarmendu du Aizkorbek.
Herri afaria Zerainen
Ez da geldialdi luzea izan. Tentuz jaitsi dituzte tuneleko haitz bustiak, eta Sancti Spiritu aldera egin dute. Zegamara jaitsi dira handik, bazkaldu, eta Seguratik Zerainera ailegatu dira arratsaldean. 10:00etatik ari dira han harrera prestatzen. 150 lagunentzako dutxak herriko zenbait txokotan, eta afaria herriko plazan. Auzolana. Entsaladarako pasta, tortillentzako patata, eta txorizo egosia prest. Parrillak eta ikatza 17:00etatik aurrera martxan. Espedizio guztian aurreneko aldiz, otordu beroa aulki eta mahaietan jarrita. Bertso saioa ere bai afalosterako: Iker Zubeldia eta Aratz Igartzabal. Atsedena, eta indarra. Beste erdia falta da.