Saltoki eta aktore artean

Bi asteetan, Gasteizko Gorbeako merkatuan hutsik dauden saltokietan antzezlan laburrak ari dira egiten. Antzerkia beste eremu batzuetara zabaltzeko modu bat da.

Eguzkilore antzezlaneko eszena bat, Gorbea merkatuan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2014ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Saltokiko burdin hesiaren bestaldean, erakusmahaiaren atzean, hamar ikusle inguru eta bi aktore daude. Eguzkilore izeneko obra ari dira antzezten Hortzaka konpainiako kideak. Gasteizko Gorbea merkatu zaharrean izaten ari den 150gr. antzerki egitasmoaren barruko emanaldi bat da, ostegunean euskaraz zegoen bakarra.

Gorbeako merkatuak garai batean izan zuen bizitasuna galdu du gaur egun, supermerkatu handien mesedetan segur aski. Postu asko itxita daude, eta, bi aste hauetan, antzezlan laburren emanaldiekin bete dituzte. Oraindik auzoko harategia denaren ondoan, bere garaian kontserbak saltzen ziren postuan antzezlanetarako sarrerak saltzen ari dira. Saio laburrak dira, eta egunean lau ikusteko aukera dago. Sarrerak erosi, eta, saiotik saiorako tartean, ikusleak merkatuko txokoetan egoten dira erosleekin nahastuta, hurrengo emanaldiari itxaroten.

Tarte horiek elkar ezagutzeko baliatzen dituzte ikusleek. Marixa Oses bakarrik joan da oraingoan, baina han Gasteizko antzerki munduko jendearekin topo egin du: «Horrelako zerbait dagoen bakoitzean, betiko jendeak elkarrekin topo egiten dugu». Oso gustuko du formatu hori: «Antzezleak oso gertu egoten dira, eta ohiko antzerki saioekin alderatuta zerbait desberdina aurkitzea eskertzen da», gaineratu du.

Genero rolak aztergai

Hortzaka konpainia Erika Olaizola eta Ane Arenas aktore azpeitiarrek osatzen dute. Pertsona bat jaiotzen den momentutik sexuaren arabera ezartzen zaizkion rolez hausnarketa egiten du Eguzkilore lanak. Rol horiek beteko ez balira sozializatzeko orduan sortuko liratekeen arazoak erakusten saiatzen dira. Lanaren amaieran, norberari bere bizitza modu askean egiteko gonbita egiten diote.

Ane Arenas oso gustura dago Gasteizko 150gr. egitasmoan parte hartzeko aukerarekin: «150 lanen artean aukeratu zuten gurea, nahiz eta euskaraz dezente gutxiago izan». Gasteizek ereberentzat horren ohikoak ez diren eremuetan antzezteko aukera ematen diela dio; izan ere, normalean Gipuzkoan antzezten dute. Merkatuaren kasuari dagokionez, espazio hutsei erabilera ematea oso ondo iruditzen zaio: «Gure lana tokiaren arabera moldagarria da; beraz, ez daukagu arazorik alde horretatik, gu egokitzen baikara espaziora», gaineratu du.

Antzerki horietan gertutasunak ere gehigarri bat ematen diola uste du: «Laburra, gertukoa eta sinplea da antzerkia, baina, horrela, bizitasun handia transmititzeko aukera dago», dio Arenasek.

Antolatzaileak oso gustura daude egitasmoa izaten ari den harrerarekin: «Ohiko zentro eta erdigune handietatik haratago, herriko beste toki batzuetan antzerkia txertatzeko balio dute horrelako egitasmoek», azaldu dute. Joan den astean zein aste honetan, jende ugari ari da biltzen antzerkiak ikustera, eta gaur izango da bertaratzeko azken aukera, eguerdian eta arratsaldean, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.