Udako seriea. Euskal Herriko ingurubirak (I)

Saldukeriaren Bidexka: Horcatik Rojandara

Asa eta San Vicente de la Sonsierra lotzen dituen bideak izen berezia du: Saldukeriaren edo Traizioaren Bidexka. Historia eta kondaira bekoz beko jarrita, XIV. mendeko jazoera batean topatuko du bisitariak izen horren jatorria.

Saldukeriaren Bidexkari jarraituko zaio, tipi-tapa, harrizko galtzada gogaide. JOSEAN GIL-GARCIA
Saldukeriaren Bidexkari jarraituko zaio, tipi-tapa, harrizko galtzada gogaide. JOSEAN GIL-GARCIA
Josean Gil-Garcia.
Guardia
2024ko uztailaren 23a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serieko artikulu guztiak

 

Saldukeriaren edo Traizioaren Bidexka antzinako zidor bat da. Itxura denez, aski erabilia izan zen behiala Errioxako lurrak isilka-misilka zeharkatzeko. Errioxako paisaia ondulatua alderik alde zeharkatzen duen trazadura bitxia ikusten ahal da mapa zaharretan. Ahozko tradizioa ez ezik, alegiak eta elezaharrak ere aintzakotzat hartzea ezinbestekoa da zidorraren nondik norakoak ulertuko badira. Akaso, garaian garaiko beharrak behartuta, eskualdeko bizilagunek zergei muzin egiteko ere erabili zen. Batek daki! Bidexkaren harira, bestelako azalpenak eman izan dira historiaren ikuspegitik. Besteak beste, Miguel Ballesteros Guardiako (Araba) bizilagunak idatzi zuena ezinbestekoa da. XIX. mendearen amaieran hiribilduari eskainitako monografikoan azaltzen du 1367ra atzera egin beharra dagoela ulertzeko zidorra nolatan sortu zen. Sei mende joan dira jada, eta bistan da bidearen izena ez dela ahaztu.

Beste behin ere, kondaira eta historia eskutik helduta doaz. Kontakizunaren arabera, Beltran du Guesclin frantsesak eta haren tropek leku bat hautatu zuten Henrike II.a laguntzeko aitzakiarekin. Petri I.a erregea bere bila joango ote zen beldurrez, Guesclin trikimailu makur batez baliatu zen Nafarroako zigiluaz jabetzeko. San Vicente de la Sonsierra eta Guardiako gazteluetako eskuadroiekin elkartzekoa zelako plantak eginda, adostutako zoko-mokoan hurreratu ziren Nafarroako leialak. Ballesterosek ondo baino hobeto jasotzen du zidorrean gertatu zena. «Gauak ilunpetan bildutako hodeitzarrez biltzen zituen Nafarroako eskuadroi leialak. Elkar agurtu bezain laster, gerlari andana oldartu, eta inguratu egin zituen, amorruz eta denak batera 'errenditu!' oihukatuz. Adorez beterik, ordea, zaldunek irmoki erantzun zieten: 'Traizioa! Traizioa!'».

Udako seriea: traizioaren bidea
 

Ordutik, Saldukeriaren Bidexka izenarekin ezagutzen da San Vicente de la Sonsierra eta Lizarra hiribilduak lotzen zituen bidexka. Auskalo, ordea, eskuadroiek non egin zuten topo. Akaso, Mantible zubiaren inguruan; agian, Horcako muinoaren alboan. Arabako Errioxari dagokionez, Asako gaztelua eta zubia altxatzen diren bazterrean has liteke Saldukeriaren Bidexka. Baina, lerrootara parte bat baino ez da ekarri, Horcatik Rojanda errekara doan tartea, eta ingurubira baten itxura eskainiko zaio ibiltariari Errioxan barreneko osteratxoa atseginagoa gerta dakion.

Guardiako hezegunerantz

Guardiako plaza Nagusian emango zaio hasiera ibilaldiari. Erlojupeko gizonaren begiradapean abioa jarri eta Harategiak izena daraman mendebaldeko atea baliatuta, hiribildutik irtengo da ibiltaria. Segidan, eskuinera hartu eta errepidean behera egingo du Antso Abarka etorbideari segika. Bihurgunean, Navaridas herrira doan errepidea utzi eta maldan behera egiten duen porlanezko bideari ekingo dio. Hala, Raimundo de Peñafort behialako sendategiaren —institutua da gaur egun— eta San Lazaro hilerriaren artetik igarota, Eltziegora doan errepidearekin topo egingo du txangolariak.

HORCATIK ROJANDARA
Mahastiek inguratuta egingo da ibilbidea. JOSEAN GIL-GARCIA

Solar de Samaniego eta Cosme Palacio upeltegiak ikusiko ditu txangolariak alde bietan. Errepidean behera segituko du orduan, eta, «Leizaolako mahastiak» dioen seinalea ikusitakoan, errepidea laga eta ezkerretik jarraituko du. Beherantz egingo du bidaztiak Aguarchalhezegunea parez pare izan arte. Mahastiek inguratutako kubeta endorreikoa ikusiko du han. Hala ere, euri ura nekez biltzen da bertan, aspaldi egindako drainatze sistema batek eragotzi egiten baitu halakorik egitea. Lehengoratze lanak abian jarri diren honetan, baliteke urteen poderioz bertoko lau hektareek bat egitea gertu dauden biotopoko aintzira sarearekin.

Hiru adarreko artea

Pisarnoso bidean aurrera jarraituko du ibiltariak, eta mahastiek troxatutako itsasoan barrena galduko du soa. Sacramento izeneko lursailera iritsita, asfaltoari eutsi eta, desbideratzerik hartu gabe, Berdecillo talaiaren eretzetik igarota, Horca muinoaren albora iritsiko da. Bide sarda bat ikusiko du lepoan, eta Horcako tontor bikiak ezkerraldean. Vallandres eta Media Leguatik datorren Saldukeriaren Bidexka ezkerretik batuko zaio txangolariari. Lepoan, hortaz, eskuinetik irteten den lehen bidea hartuko du, Eltziegora zuzen jotzen duen nekazari bidea alboan lagata. Horiek horrela, Toloño aldera bideratuko du soa. Adreiluz altxatutako etxola baten eskuinetik jarraituko du berehala, eta, aurrerago, atseden hartuko du etxola bat eta hiru adar sendo erakusten dituen arte erraldoi baten ondoan. Rio Secoko sakana izango da hurrengo erreferentzia.

HORCATIK ROJANDARA
Hiru hanka sendo dituen arte baten ondoan atsedena hartuko du ibiltariak. JOSEAN GIL-GARCIA

Arte galanta atzean utzi eta bide nagusiari men eginda, Rio Seco errekasto xumea zeharkatzeko lekura helduko da oinezkoa. Errekastoa zeharkatu eta hogei metrora-edo, eskuinera hartuko du, ibar xume batean sartzeko asmoz. Hala, ibarra korritzen duen bideari jaramon eginda, mendebalderantz jarraituko du. Eskuinaldean tontortxo bat ikusiko du, eta, ibarraz bestaldean, etxola biribil bezain deigarri bat. Ibarra gidari duela, Guardia eta Eltziego lotzen dituen errepidera irtengo da. Errepidea zeharkatu eta Saldukeriaren Bidexkako lorratzak antzemango ditu berehalakoan. Harbide baten antzo jarritako harri zapalak bistaratuko zaizkio laster. Ez da gauza handirik, baina galtzada bertatik bertara ikusteko aukera izango du txangolariak. Landaretza oparoz jantziko da zidorra, eta abaritzak eta arrosa landareek protagonismoa hartuko dute. Harbidea amaituta, nekazari bide zabal batekin egingo du topo. Akaso mugarri izateko altxatutako hiru harlauza agertuko zaizkio tanpez, bide ertzean. Haien ondotik igaro eta Navaridasko barrutian sartuta, jaitsiera xume bat egingo du Rojanda errekastoarekin topo egite aldera. Baranda urdinak dituen zubi bat ikusiko du han.

Navaridas eta Guardia

Horren ondoren, gora egingo du, eta, etxola koniko baten albotik igaro ostean, bista itzela izango du bisitariak Burdin Aroko Castejon aztarnategiaren gainean. Santiago baselizara iritsiko da gero. Aukera ederra dago herrigunea bisitatzeko. Sodupetarren jauregiko interpretazio guneak, iturri zaharrak eta Sortzez Garbiaren parrokiak, besteak beste, txundituta utziko dute bidaztia. Navaridasen badago-eta zer ikusi eta zer ikasi.

Santiago ermitara helduta, eskuinera egin eta Kalbario izeneko bidea hartuko du ibiltariak, Guardiara itzultzeko asmoz. Asfaltoa lagun, Rincon lepora iritsi eta Kalbarioko gainera doan bideari muzin eginda, eskuineko bidetik jarraituko du. Hala, jaitsiera samur batek Rojanda errekasto gainetik igarotzen lagunduko dio. Gero, sakonunetik irteteko xedez, maldan gora abiatuko da halabeharrez. Behin goi ordokian, zuzen segitu eta pitin bat aurrerago, Guardiako hiribildua bisean bis duelarik eskuinera jo, eta mahastiez emokatutako bideari segika errepidera irtengo da berriz. Joanean hartutako bideari segika, Guardiako Ate Berrian emango dio amaiera Saldukeriaren Bidexkari.

HORCATIK ROJANDARA
Etxola koniko bat ageri da Navaridas herrira heldu aurretik. JOSEAN GIL-GARCIA

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.