Salbatzailea salbatu dute

Zaharberritu egin dute itsas salbamenduko ‘Gipuzkoa’ ontzia. 1926an uretaratu zuten aurreneko aldiz, eta «iraultzailea» izan zen orduan. Albaola Itsas Kultur Faktorian aurkeztu dute.

Xabier Alberdi, azalpenak ematen, 'Gipuzkoa' ontziaren ondoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Xabier Alberdi, azalpenak ematen, 'Gipuzkoa' ontziaren ondoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Pasaia
2024ko apirilaren 11
05:00
Entzun

Irauli ezin zen ontzi bat zen, kroskoan bi geruza zituena, barrenak bikeztatuak, eta urik sartzen ez zitzaiona. Bi helizeduna, eta bi motorduna. «Iraultzailea» eta «bakarra» garai hartarako, 1926rako. Orduan uretaratu zuten Gipuzkoa salbamendu ontzia, eta atzo aurkeztu zuten ahanzturatik salbatua.

Pasaiako (Gipuzkoa) Albaola Itsas Kultur Faktorian egin dituzte zaharberritze lanak, eta bertan aurkeztu dute ontzia, edertuta. 2021ean hasi ziren zaharberritzen, Gipuzkoako Aldundiak hala eskatuta. Euskal Herriko ontzi tradizionalen bildumako ontzia baita Gipuzkoa. «Txikituta iritsi zen: hondatuta zeukan kroskoa, ustelduta egur asko... Artxiboetan plano bila hasi ginen, baina ez genuen ezer topatu», azaldu du Xabier Agote Albaolako presidenteak. Han ez dira etsi zaleak, ordea. «Kutxatekan badute argazki bilduma bikain bat, eta baita Gipuzkoa uretaratu zuten egunekoak ere. Haiei esker lortu genituen neurriak, egin genuen geure planoa, eta hasi ginen lanean». Saul Hoffman italiarrak gidatuta aritu dira horretan Albaolako ikasleak. «Gipuzkoa-k jende askoren bizia salbatu ondoren, ontzia salbatzeko ordua iritsi da. Jatorrizko itxura berreskuratu du, urteotan izan dituen hainbat eraldaketaren ondoren», gaineratu du Agotek.

Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendari eta Albaolako ikerketa taldeko arduradunak jarri dio ontziari testuingurua: «Laster mende bat beteko duen ontzi historiko bat da, bere garaian iraultzailea izan zen diseinuarekin eraikia». Ontziaren aldamenean jarrita eman ditu azalpenak, makurtuta. Esplikatu du Donostian sortutako Itsas Salbamendu Elkartearen aginduz eraiki zutela Gipuzkoa, Feliziano Ganboa eta Konpainiako ontzigileek. 1925ean hasi, eta 1926an uretaratu.

«Bi helize dauzka, eta bi motor. Hori lehen aldiz gertatu zen itsasertzeko salbamenduko ontzietan. Beste berritasuna: lema gilarekin batera egotea, egituraren barruan, eta ez kanpoan», azaldu du Alberdik. Eta horren arrazoia ere eman du: arrantzontziak salbatzeko zela Gipuzkoa. Testuinguru berezian sortua: XX. mendearen hasierako hondamendi, ekaitz, hondoratze eta hildako arrantzaleak. «Azkartasunak berebiziko garrantzia zeukan. Horregatik zeuzkan bi motor. Eta helizeak bobedaren barruan doaz, hondoratzear zeuden ontzi horien sareekin-eta ez katigatzeko».

1974ra arte jardunean

Hainbat erreskatetan parte hartu zuen Gipuzkoa ontziak, eta hainbat lagunen bizia salbatu. Alberdik azaldu duenez, 1936ko gerra dela kausa, itsas salbamendua erabat militarizatu zen, eta Gipuzkoa alboratuta gelditu zen zeregin horietatik. Urte asko egin ei zituen Donostiako kaian, «egoera erabat dekadentean». 1974ra arte aritu zen jardunean, Gipuzkoako Itsasoko Gurutze Gorriak beste ontzi bat uretaratu baitzuen haren ordez. Gipuzkoa partikular batek erosi zuen aisialdirako, eta erabat moldatu, yate itxura emateraino. Gipuzkoako Aldundiak erosi zuen hurrena, eta Albaola Faktoriaren esku jarri —Goizane Alvarez Gipuzkoako Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputatua ere izan da aurkezpenean—. 

Zaharberrituta aurkeztu dute faktorian, eta, hurrena, Pasaiako Itsas Festibalean jarriko dute jendearentzat ikusgai. Maiatzaren 9tik 12ra egingo dute aurten. «Hemen itsasontziak eraikitzen ditugu, eta itsasontziak zaharberritu. Gustuko dut esatea ontzien ospitale ere bagarela», esan du Agotek. Gipuzkoa da sendatu dituztenetako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.