«Hedabideen mundua asko ari da aldatzen urte gutxian, eta euskalgintzak ere pauso berriak eman behar ditu ildo horretan. Ezinbestekoa da teknologia berriekin lotutako tresnak garatzea». Eta hori bultzatzeko, Berria Beka sortu zuen iaz Berria Fundazioak. Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak azaldu du ekimenaren asmo orokorra, eta emaitza zehatza aurkezteko prentsaurrekoan izan zen atzo Iruñean. Sakelakoetan tokian tokiko irratiak entzun ahal izateko doako aplikazio bat sortu du FitBak enpresak, Antxeta Irratiak sorturiko proiektuari jarraituta. Uhinbak du izena egitasmoak.
Oraingoz 11 dira aplikazio horren bidez jaso daitezkeen irratiak, baina haztea da ideia, Sebas Iturrizo FitBak enpresako kidearen hitzetan. «Lehen fase bat da hau. Denoi dagokigu orain proiektua garatzen joatea. Anbizioa du proiektuak, eta irrati gehiago sartu nahi ditugu etorkizunean aplikazioan, eta baita euskal telebistak ere». Oraingoz, baina, hauek dira entzun daitezkeenak: Antxeta Irratia, Bilbo Hiria Irratia, Bizkaia Irratia, Gure Irratia, Xiberoko Botza, Irulegiko Irratia, Euskalerria Irratia, Hala Bedi Irratia, Ttan Ttakun Irratia, Txolarre Irratia eta Xorroxin Irratia. Euskara hutsezkoak dira denak, ele bitan aritzen den Gasteizko Hala Bediren salbuespenarekin. RSS sistemaren bidez, BERRIA egunkariko azken albisteak ere ikusi daitezke Uhinbak aplikazioaren bidez.
Teknologia berrietara heltzeko beharra aipatu du Aitziber Zapirain Antxeta Irratiko esatariak. «Euskarak hutsune bat du teknologia berrien esparruan, eta salto hori ematea izan da gure helburua». Oso jarrera baikorra jaso omen dute proiektuan parte hartzen duten irratien aldetik, eta pozik daude. «Euskarazko tokian tokiko irratigintza oztopoz beteta dago beti, eta teknologia berriekin ate bat eskaini diogu».
Batasuna da aurrera egiteko bidea, Larrarteren hitzetan. «Gure txikian eta ezintasunekin gauza bagara gure indarrak biltzeko, etorkizunean gai izan gaitezke teknologia berrietan ere puntako izateko».
Hiru bidez eskura daiteke aplikazioa. Apple enpresaren Interneteko dendan, Android enpresarenean, eta www.uhinbak.eu orrialdean. Erabiltzeko erraza da: aplikazioa ireki, eskura diren irratien zerrenda ikusi, klik egin eta entzun. IPhone eta Android sakelekoetan eta iPadetan erabil daiteke.
Irati eta Txindurri irratiak
Sakelako aplikazioa ez da, ordea, Berria Bekari esker garatu den proiektu bakarra. Larrartek azaldu duenez, tresna hori sortzeko bekak eskaintzen zuen diruaren zati bat baino ez da erabili horretarako, eta beste bi proiektu sustatzeko baliatu da gainontzeko dirua. Aezkoako Irati irratiaren (Nafarroa) webgunea sortzeko, batetik, eta Arabako lautadan datorren urtean abiatuko den Txindurri Irratia laguntzeko, bestetik.
Interneten egotearen garrantzia nabarmendu du Aitziber Villalva Irati Irratiko kideak. Orain hemezortzi urte sortu zuten irratia, baina azken zortziak isilik eman ditu, eta teknologiak berritzeko beharra ikusi dute. «Gure zonaldean jende asko asteburuetan bakarrik izaten da herrian, eta, astean hirira joan behar izaten dute, lanera. Orain, han ere herriko irratia entzun ahal izango dute».
Jon Ruiz de Pinedo Txindurri Irratiko kideak azaldu duenez, bi hutsune ikusi dituzte lautadan: komunikazio falta, eta euskararen egoera. «Bi arazo horiek konpontzeko sortu dugu irratia, eta datorren urterako hasi nahi genuke emititzen».
Komunikazioa
Sakelakoetan euskal irratiak entzun ahal izateko aplikazioa sortu dute
Antxeta Irratiak jaso du lehen Berria Beka, euskara teknologia berrietan ezartzeko egitasmoarengatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu