Besta gogoa asetzeko aukera izanen dute sakandarrek. Lehenbiziko geltokia Arbizu (Nafarroa) izanen da. Gaur abiatuko dituzte sanjoanak, Sakanako lehenbiziko bestak. Zazpi egunez izango da jai giroa, heldu den larunbatera bitarte. Eskualdean gogotsu itxaroten dituzte sanjoanak, eta inguruetako herrietatik ere joango dira arbizuarrekin batera ongi pasatzeko asmoz. Gaur San Joan bezpera ospatuko dute. Suak piztuko ditu herriko bestak.
Arbizuarrek ez dute jaia abiatzeko presarik. 19:30ean jaurtiko dute suziria, eta ondotik, San Joan baselizara igoko da udal segizioa, bezperak egiteko. Momentu hunkigarrienetako bat izan ohi da egun horretan: herriko zortzikoa. Kintoek —aurten 18 urte bete dituzten gazteek— Maria Lonbrenen zaldiya kantuaren erritmora astinduko dituzte oinak Udalbatzari eskainitako dantzan. Bukatzeko, askaria egiten dute baselizaren inguruan.
Merienda hori bestetako egun guzietan egiten da, baina gaur ez bezala, gainontzeko egunetan plazan hartuko dute askaria. Katrin Ginea kultur zinegotziak jarduera hori nabarmendu du: «Garrantzitsuena hau da: hamabost urtean blusa egiten duzu, eta blusa egiten duzunetik aurrera kuadrillarekin mahaiak eta aulkiak erosten dira, eta egunero plazan afaltzen da herri guziarekin batera». Horrekin batera, San Joan suak aipatu ditu; jarduera «polita». Herri askotan su handi bat egin ohi da, baina Arbizun ez. Han kale guzietan pizten dituzte garrak gazteek haien gainetik salto egin dezaten, usadioak agindu bezala.
Tradizioa berpiztu nahirik
Hamaika jarduera izanen dira zazpi egunetan. Musika, dantza, bazkariak eta haurrentzako eskaintza. Ohiko aatea ere ez da faltako, herriko elkarteek antolaturik. Gaueko eskaintzari dagokionez, aipatzekoak dira Gozategi, Stupenda Jones eta Tximeleta taldeak, besteak beste. Lehenbiziko biek asteazkenean joko dute, eta azkenengoak, gaur iluntzean.
Arbizun egun guziak eskaintzen zaizkio norbaiti. Gaur bezpera izanen da, bihar San Joan eguna, etzi kintoena, eta gazteena, erretiratuena, preso eta iheslariena eta haurrena izanen dira hurrengoak. Kintoena berezia da. Aurten 18 urte bete dituzten gazteak etxez etxe ibiliko dira eskean. Lehen gazte horiek ziren bestetako antolatzaileak, baina ohitura hori ez da mantendu gaur egun. Iaz sortutako besta batzordearen laguntzaz antolatzen dira orain. Ginearen aburuz, «oso aberasgarria» da, ideia asko jartzen dituztelako mahai gainean. Gainera, udalaren lana errazten du.
Bestetako antolakuntzaz gainera, Arbizun bazen beste tradizio bat: kintoak eskean ibiltzen zirenean, dirua eman beharrean, piper opila ematen zitzaien. Gineak azaldu duenez, ohitura hori ia galdu egin da, hiru edo lau etxetan baizik ez baita mantentzen. Hori dela eta, tradizioa berpizteko asmoa azaldu dute arbizuarrek.
Iaz opila nola egiten den ikasteko tailerra antolatu zuten. «Jendeari gustatu zitzaion eta arrakasta izan zuen», azaldu du Gineak. Gogo faltarik ez dago herrian. Orain ikusi beharko aurten etxe gehiagotara zabaltzen den galtzear egon den tradizioa.
Jaiak. Sanjoanak
Sakanako lehenbizikoak, Arbizun
Gaur abiatuko dira Arbizuko bestak, suziria bota, zortzikoa dantzatu eta San Joan suak piztuta. Zazpi egun iraungo dute jaiekKintoen egunean, gazteak eskean ibiliko dira, piper opilaren tradizioa piztu nahian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu