Nola adierazi grafikoki sakabanaketaren amaiera? Galdera horri erantzun behar izan zion BERRIAko diseinatzaile taldeak iazko martxoan. Erantzuna: euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatzeko hamarkada luzez erabilitako ikurra hartu, eta, mapa utzita, geziak kendu, azkenean erori egin izan balira bezala.
Ikur eraginkor gehienak bezala, soila, baina esanguratsua. Eta BERRIAren jarraitzaile asko bat etorri dira, antza, horrekin, 2023ko azalik onena dela erabaki baitute.
Urtarrilaren 18an eskatu zien BERRIAk irakurleei azalik gogokoena aukeratzeko, urtea laburbiltzeko modu gozagarria izan daitekeelakoan. Kazetariek eta diseinatzaileek hogei azalik esanguratsuenenen zerrenda osatu zuten. Eta, horien artean, gustukoena bozkatzeko aukera eman zieten jarraitzaileei, joan zen igandera arte.
1.498 irakurlek erantzun dute, eta horietako 151k martxoaren 25eko azala aukeratu zuten, sakabanaketaren amaieraren inguruko erreportaje bilduma zabala iragartzen zuena.
Carrero Blancorena, bigarren
Iazko abenduaren 20an, 50 urte bete ziren ETAk diktadura frankistako gobernuburu Luis Carrero Blanco hil zuenetik. Urteurren borobila izanda, denbora eta leku asko eskaini zioten hedabideek gertaera hari. BERRIAk abenduaren 17an argitaratu zuen ekintza historikoaren inguruko erreportaje sorta, eta, horiek iragartzeko, azal berezia prestatu zuen. Leherketa baten iruditik abiatuta, almirantearen kapera airean erakutsi zuten diseinatzaileek, diktadura burugabetu zuen eztandaren balio sinbolikoa nabarmentzeko.
Bozketan parte hartu dutenetako 136ri iruditu zaie azalik onena, eta, ondorioz, bigarren postua lortu du.
Gerrako haurrak gogoan
Hurrengo istorioa kontatzeko ez zuten irudirik asmatu behar izan. Izan ere, argazki historiko bat erabili zuten. Horretan, gerratik eta faxisten bonbardaketetatik ihesi, Ingalaterran aterpea hartu zuten Euskal Herriko haur talde bat agertzen da, Southampton hirian, itsasontzitik jaitsi berritan edo. Elkartasun taldeetako kideak agertzen dira, haurrentzako prestaturiko jana banatzen, abegikor, baina Poliziaren begiradapean.
Martxoaren 19ko BERRIAren azala da. Egun horietan omenaldia egin zieten haur haiei eta elkartasuna adierazi zietenei. Azalak jakinarazten du Gipuzkoatik bakarrik 10.000 haur baino gehiago eraman zituztela.
107 irakurlek eman diote botoa.
Adimen artifiziala, naturaltasunez
2023an bolo-bolo ibili da adimen artifizialaren kontzeptua. Urte luzez aritu dira garatzen, informatika laborategietan, superordenagailuekin, beharbada. Baina iaz, edozein erabiltzaileren esku utzi zituzten teknologia horretan oinarrituriko lehenengo tresnak, eta jende asko txunditu da. Irudiak, testuak, ahotsak, bideoak... denetik sor dezakete adimen artifizialeko sistemek. Batzuk liluraturik daude teknologiak eskaintzen dituen aukerei lehen begiratuak emanda. Gehienek, beharbada, hozkirria sentitu dute: «Zer atera daiteke gaizki honekin?», galdetu diote askok euren buruari. Eta berehala hasi da ikusten zer atera daitekeen gaizki: sinesgarriak diruditen bideo eta irudi faltsuak, pornografikoak tartean, sasi-informazio arriskutsua...
Giza burmuina, kableekin ordezkatuta. Horrela irudikatu zuten diseinatzaileek gaia, apirilaren 16an argitaraturiko egunkarian. 101 irakurlek botoa eman diote azalari, eta laugarren postua lortu du.
Migrazioa, bosgarren
Frantziako Asanblea Nazionalak Immigrazio Lege berria aztertu zuen abenduan. Parisko Gobernuak proposatu zuen lege aldaketa, migrazioa zailtzeko helburuarekin. Protesta oldea eragin zuen proposamenak parlamentuan eztabaidatu aurretik ere.
Beltz baten eskua hurbiletik erakusten duen argazki bat erabili zuten diseinatzaileek: Ez adierazten duen itsasgarri baten gainean dago eskua. Izan ere, legearen aurkako protestetako batean dago aterata argazkia, eta migranteen bizimodua zailtzeko neurrien kontrako arbuioa adierazten du. 98 boto jaso ditu.
Bozketa itxita badago ere, hemen ikus daitezke proposaturiko hogei azalak. Parte hartzaileen artean BERRIAren bi produktu sorta zozkatu dira: Egunero behar genuen eta Sahara, herri bat erresistentzian liburuak eta BERRIAren katiluak eta zakutxo termikoak. Gorka Loran Lafourcadek eta Miren Irune Requero Zabalak jasoko dituzte.