Gasteizko txangoa gaueko bederatzietan hasi eta hamaikak inguruan bukatuko da. Gazteleraz izango dira azalpenak. Hasiera Atarian izango da, Biosferaren pasealekuan, hain zuzen. Juan Tomas Alcalde gidariak ordubeteko hitzaldi bat emango du: saguzarren biologia eta egoera azalduko ditu, animalia «arriskutsuak» edo «kaltegarriak» direla dioten mitoak gainditzeko. Ondoren, ordubete inguruko ibilaldia egingo dute Salburuko hezegunean barrena: urmaela eta saguzarrentzat jarritako kutxak bisitatuko dituzte. Gasteizko Udalaren webgunean eman daiteke izena, doan.
Espezieak identifikatzeko, ultrasoinuen detektagailu bat erabiliko dute, saguzarrek ekoizten dituzten soinuak tresna horren bidez entzun baitaitezke soilik. Linternekin ikusteko aukera ere egongo da. Euskal Herrian 25 saguzar espezie daude. Salburuan horietariko lau entzun eta ikusteko aukera dago: pipistrelo arrunta, kuhl pipistreloa, ur saguzarra eta pipistrelo mediterraneoa. Baliteke gau saguzar txikia ere ikustea. Alcalderen esanetan, «saguzarrek zenbait eltxo populazio kontrolatzen dituzte, eta eltxo horiek gizakiari transmititzen dizkioten gaixotasunak murrizten dituzte, eltxoez elikatuz». Horregatik, kontserbatzea «garrantzitsua» dela uste du.